Jonathan Caro.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Esku guztiak

2021eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Badira aste pare bat zahar etxeetan txertaketa hasi zenetik, eta Euskal Herrian jasotako txertoen %41 ipini omen dira; Eusko Jaurlaritzaren iritziz erritmo ona da hori.

Ez dut abiaduraren kontra egingo, prozesu hau atzeratzen duten faktore asko baitaude. Baina planifikazioari buruz baditut zenbait kexa. Pasa den urtearen erdialdean bagenekien txertoa ailegatuko zela eta biltegi irizpideak eta garraiobide beharrak susmatzen genituen, baina ziur genekiena zahar etxeetako pertsonak txertatzeko beharra zen. Hasieran ez genekien lehenengoak edo azkenengoak izango ziren, baina txertoa jasoko zutela bai. Txertaketa taldeak prestatzeko astia egon da, baita hauei informazioa emateko eta prozesu osoa marraztuta edukitzeko ere, baina nire ustetan giza baliabideak ez dira modu onean neurtu.

Giza baliabideak antolatzerakoan zahar etxeetako erizainak prozesutik at utzi gaituzte. Zaharren egoitza gehienek erizainak dauzkate, askok erizain talde handia, gainera. Erizain horiek euren kabuz egiten dituzte beste txertaketak, esate baterako, gripearen edo pneumokokoaren kontrako txertaketak. Zahar etxe hauetara lehen mailako arretako taldeak joatea baliabideak barreiatzea iruditzen zait. Osakidetzako taldeak banatuko balira erizain bat edo bi egoitzetara bidaliz bertako erizainekin batera txertaketa egiteko, lortuko litzateke denbora berberean zahar etxe gehiago immunizatzea. Egoitza jakin batzuei beren txertaketa esleitzea eta erizaintzan eskasia daukaten egoitzetara Osakidetzako taldeak bidaltzea izango litzateke beste aukera bat, hau da, dauden baliabide guztiak erabiltzea.

Egun hauetan zenbait irtenbide proposatu dira abiadura hau handitzeko: militarrak, merkatu pribatura jotzea, erizaintzako ikasketak amaitzear dituzten ikasleak erabiltzea, botiketan txertoa jartzea eta niri harrigarriena iruditu zaidana: albaitariek ere pertsonen txertaketa egitea! Larrialdi egoeran esku guztiak ere urriak izan daitezke, baina ezin ditugu baliabide hauek guztiak erabili jadanik ditugun baliabideak agortu gabe.

Badakit txerto honek ezaugarri bereziak dituela, bai biltegian, bai garraioan, baita prestakuntzan ere. Zahar etxeetako erizainok kanpaina honen partaide izateko eta osasun zerbitzuekin elkarlana aurrera eramateko gai gara eta, aldi berean, Osakidetzari presio asistentziala arintzeko ere bai. Baliteke zaharren egoitza batzuek erregistro informatikoa egiteko aukera ez izatea, baliteke ere Osakidetzak zerbitzu geriatrikoetan zenbat erizainek lan egiten duten ez jakitea; beraz, bada garaia esparru soziosanitarioa benetan garatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.