Pastor
DARWIN ETA GU

Hiltzeko hizkuntza

2020ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Euskaldunok beti kexaka. Haien jarrera setatiagatik Radar COVID, birusaren arrastoari segitzeko aplikazioa, berandu helduko da gure telefonoetara. Zergatik, eta hari buruzko xehetasunak oraindik euskaratu ez dituztelako. Zertarako nahi dituzte euskaraz, gazteleraz badakite?

Horixe pentsa lezakete batek baino gehiagok egunkari unionista batek argitaratu duen berria irakurri ondoren. Albistearen arabera, oraindik aste bat edo bi beharko ditugu aplikazioa izateko, itzulpenik ez dagoelako. Kazetariak bazuen titulua beste era batera jartzea. Izan ere, Osasun Sailak azaldu duenez, atzerapena «xehetasun teknikoek eta euskarazko itzulpenak» eragin dute. Soilik itzulpenaren kontua aipatu du.

Badirudi euskaldunen apetak noiz aseko zain egon behar dutela erdaldunek. Errealitatea desberdina da, ordea. Hemen euskaldunoi dagokigu itxarotea —kasu hau dugu salbuespen bakanetako bat—. Madrilek «Espainiako beste hizkuntzetan» —hala dio konstituzioak— prestatu balu aplikazioa, ez zen halakorik gertatuko. Baina Espainia ez da Suitza konfederala. Ondorioz, aplikazioa berandu etorriko da. Eta baten bat gaixotuz gero, birusaren arrastoa detektatzeko modurik izan ez duela esan dezake. Eta protesta egin. Errua atzerapenari bota, nolabait esateko.

Euskaldunok protestaka hasiko bagina geure hizkuntza baztertzen duten bakoitzean, etengabeko greba mugagabean egongo litzateke Euskal Herria. Geldirik, euskaldun bakoitza jaio eta hil artean. Duela bi aste Loiura heldutako hegazkinean ingelesez eta espainieraz eman zizkieten jarraibideak bidaiariei. Aire-konpainia horrek katalana erabiltzen du Bartzelonara doanean. Hemen euskararik ez. Izorra hadi, euskaldun txotxolo hori! Abisuak soilik ingelesez eta euskaraz eman balitu, salaketa Arartekoaren bulegoan egongo zen honezkero. Hedabide guztietan. Iraina! Laidoa!

Eraikinaren barruan ez geratzeko esan zidaten ertzainek hegazkinetik jaitsi ondoren. Erdaraz. Ez, ez tematu haiekin, euskaraz dakiten edo ez. Berandu da eta batek daki nola amaituko den kontua. Baliteke autobusa galtzea. Edo auskalo... Zenbat ertzain euskaldun daude Euskal Herriko aireportu internazionalenean? Ertzain horietako batek euskaraz egin balio herritar erdaldun bati, nola erreakzionatuko zuen pertsona horrek? Zer gertatu da euskaldun bat euskal aginte autonomikoaren ordezkari armadunen aurrean euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko uzkur edo beldur izateraino iristeko?

Birusa eta hizkuntza-normaltasuna. Kanpaina eta abisu batzuk elebidunak; asko eta asko, erdara hutsez. Eta kexatu egingo dira aplikazio hori beranduago ailegatuko delako itzulpenagatik. Burutik ez zaie pasatu ere egiten haiek inoiz ez dutela itzulpenik behar. Hango eta hemengo kanpainek erdara dutela jatorria. Eta gero itzulpena datorrela. Baldin eta itzulpenik bada.

Diskriminazioa, nahi gabea izan edo ez, behetik gorakoa da. Supermerkatuan zenbat lagunentzako lekua dagoen soilik erdaraz agertzen duen monitoretik lehendakaritzaraino. Abuztuan Iñigo Urkullu ikusi genuen neurri zorrotzagoak ezartzeko posibilitatearen berri ematen, Facebook-en. Erdara hutsez. Eta gu itzulpenaren zain geratu ginen. Zergatik, baina? Lehendakari euskaldun batek jatorrizko mezua euskaraz idaztea izango litzateke logikoena. Itzulpena erdarazkoa izatea. Baina Euskal Herria ez da Logikaren Herria. Eta diskriminazio linguistikoa eguneroko kontua da.

Diskriminazioa edonon dugu. Zahar-etxeetara ere iritsi da, Pau Vidal idazle eta filologo katalanak zorrotz salatu duenez. Etxekoen konpainia barik zendu diren lagun horietatik zenbati errespetatu zaie beren hizkuntzaz hiltzeko eskubidea? Ezer gutxi mintzatu da horretaz. Zahar-etxeetako langileei ez zaie hizkuntza-eskakizunik exijitu behar. Seguru? Nik dakidala, exijitu egiten zaie, ederki exijitu ere. Ondorioz, euskaraz bizitzeko eskubide teoriko zapaldua hutsaren hurrengoa dugu hiltzeko garaian. Euskarak nekez ematen du bizitzeko. Hiltzeko, are gutxiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.