Albistea entzun

Koronabirusa. HEZKUNTZA PENTSALDIAN

Izurria integratu

Eneritz Garro - Mondragon Unibertsitateko irakaslea

2021eko urtarrilak 6

Izurria hitzak bere baitan gordea du izu-a. Izua, ardura eta estresa ohiko erantzunak omen dira ezjakintasunari, ezezagunari edota aldaketa egoerei aurre egiterakoan. Gutako askok orain urtebete harriduraz begiratu genien Wuhango hiritik zetozkigun irudiei, eta ez genuen askok irudikatu benetako izurri bat bizitzeko bezperan ginela.

Etxealdiak suposatu zuen ume eta gazteentzat modu bortitzean egoera berri batera egokitzea, irakasleen eta ikaskideen presentzia gabe ikaskuntzari heltzea, lagunekin harremana tupustean moztea... Etxealditik eskoletara itzuleran birusaren kutsatzea ekiditeko neurriek eskoletako jardunari eragin diete bete-betean. Etxeratze osoa aurreikusten zuen agertokia eskola gutxitan gauzatu bada ere, ohikoa bihurtu da konfinaturik dauden ikasleak edota irakasleak izatea. Poliki-poliki naturalizatu egin dugu lerroan sartzea eskolara, banaka jartzea, egunean bospasei aldiz eskuak garbitzea, distantzia gordetzea, musukoak erabiltzea, gelakideak pantaila bidez ikustea...

Eta egoera horren guztiaren aurrean geure buruari pozik esan diogu ume eta gazteak bikain egokitu direla arau berrietara, oso zintzo jokatzen dutela, normal antzean ari garela. Baina horrekin batera, badaukagu behar handi bat hau azkar bukatu dadin, sentitzen ditugu normaltasun berriak eragiten dizkigun urratuak eta, zergatik ez esan, gogaitu samar ere bagaude. Pandemiaren bizipenen harira ikasle eta familiekin egindako ikerketek ere argi erakusten dituzte bai baina mugimendu etengabeak. Eta bai baina horietan nik neuk behintzat sentitzen dut hitzetara ekartzea nekez egiten zaidan harridura moduko bat, gertatzen ari den guztia ulertzeko heldulekuak faltako balitzaizkigu moduan eta helduleku ez horri entzungor, aurrera eta aurrera normal joan nahiko bagenu moduan.

Marina Garcés filosofoak egin berri dioten elkarrizketa baten esan du osasuna ez dela bakarrik kutsatze kopuru handiago edo txikiagoa egotea, hori guk nola bizi dugun ere badela osasun adierazle garrantzitsua. Pandemiaren kudeaketak gure bizimoldeetan izan dituen ondorioek zuzenean talka egin dute gure osasunean Nola egin diezaiokegu horri kasu? Nola zaindu dezakegu gure osasuna? Garcések azpimarratzen du birusa eta horren eragin askotarikoak gure bizitzan integratu beharko genituzkeela gerorako, beranduegirako, utzi gabe.

Zenbateraino izan ditugu aintzat gure eskolatze planetan ikasleen eta irakasleon egoerarekiko sentipen eta errealitateak? Ez naiz erantzun borobilik ematera ausartzen, baina esango nuke lehentasuna kutsatzeak ekiditea izan dela —hala beharko zuen ziurrenik— eta ez direla bereziki kontuan hartu egoera honek sortzen dizkigun beste osasun arriskuak. Hala ere, hezkuntzaren helburua baldin bada bizi dugun mundua ulertzeko eta bizitzeko gaitzea, iruditzen zait izurria eta horrek eragin digun hau guztiau nola integratu pentsatzen hastea egin beharko dugun ariketa izango dela.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Larunbatetik, COVID ziurtagiria eskatu behar dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako establezimendu batzuetan. Irudian, Donostiako Aratz jatetxea. ©JON URBE / FOKU

Astebetean %52 handitu da positibo kopurua Hego Euskal Herrian

Ekhi Erremundegi Beloki - Oihana Teyseyre Koskarat - Irati Urdalleta Lete

Gipuzkoako intzidentzia metatua 1.183 kasukoa da, pandemiako handiena. Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan protokoloak zorroztera egingo dute, eta diskotekak-eta itxi egingo dituzte hilabetez

Manifestazioa, atzo, Durangoko kaleetan. ©FOKU

«Euskararen Errepublika» helburu, hizkuntza politika burujabea exijitu du EHEk

Maite Asensio Lozano

Ehunka lagun bildu dira Durangon, Euskal Herrian Euskaraz-ek egindako manifestazioan. Euskara «prozesu subiranistaren erdigunean» jartzera deitu du

COVID-19aren aurkako txertaketa Illunben, Donostian, abuztuan. ©GORKA RUBIO/ FOKU

Txertoak: bakarrik ez dira aski

Edurne Begiristain

COVID-19aren aurkako txertaketa ez da nahikoa kutsatzeak eta transmisioa eragozteko. Adituen ustez, bestelako neurriak behar dira, eta errefortzu dosiak ere bai.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.