Adierazpen askatasuna, ez guztientzat

Jamal Khaxoggi kazetari saudiarabiarra Riadek Istanbulen duen kontsulatuan hil ondoren, Turkiako Gobernuak jarrera aktiboa hartu du kasu hori salatzen. Turkiako egileek, ordea, Ankarak haiekin duen jarrera salatu dute.

Cumhuriyet egunkariaren aurkako prozesu judizialaren kontrako protesta, iaz, Istanbulen. Ahmet Sik kazetaria espetxean zuten orduan. HDP koalizioko parlamentaria da gaur egun. ERDEM SAHIN / EFE.
Istanbul
2018ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Joan den urriaren 2an Jamal Khaxoggi kazetari saudiarabiarra haren herrialdeak Istanbulen duen kontsulatuan hil zuten. «Oso tristea da hori gure herrialdean gertatzea», esan zuen handik egun batzuetara Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak. Saudi Arabiari presio handia egin dio hilketa argitu dezan, baina Turkiako kazetari eta idazle askok oroitarazi dute oso zaila dela Turkian Erdoganen agintepean duten egoera. «Elkartzen garen bakoitzean, beti modu berean bukatzen dugu: geroz eta idazle gutxiago kartzelan egongo direla pentsatzen, etorkizuna ederragoa izango dela adierazpen askatasunarentzat herrialde honetan», esan dio BERRIAri Halil Ibrahim Ozcanek, Turkiako PEN klubeko lehendakariordeak. «Baina beti gauza bera gertatzen da, errealitateak kolpe bat ematen digula». Gaur egun, Turkian dauden idazle eta kazetari presoen kopurua ez da zehatza; batzuek diote 140 direla; beste batzuek, 150. Argi dago asko direla; gehiegi, «adierazpen askatasuna» dagoen estatu batentzat.

«Terrorismo» akusazioak

«Estatu honetan, kazetariek eta idazleek autozentsura egiten dute; askok beldurra daukate pentsatzen dutena esateko, horrek ondorio larriak ekar baitiezazkiekete», adierazi du Ozcanek. Hainbat eredu ikus ditzakegu, non idazleak eta kazetariak kartzelan sartzen dituzten pentsatzen dutena argitaratzeagatik. Ahmet Siken kasua oroitarazi du Ozcanek. «Ahmet Sik, HDPko [Herriaren Alderdi Demokratikoko] parlamentaria da, eta hiru erakunde terroristatako kide izateagatik epaitu dute. Baina idazten duenagatik epaitu dute, hori da egia».

Gobernuak esaten duena da Turkian ez dagoela kazetari eta idazle presorik, kartzelan dauden idazle eta kazetari gehienak «terrorismoagatik» daudela preso. Turkian, demokrazia guztietan bezala, «adierazpen askatasuna» dagoela esaten du. Egia da preso dauden kazetari eta idazle asko bi arrazoirengatik epaitzen dituztela kasu gehienetan: «difamazioagatik» edo «antiterrorismoagatik». «Arazoa ez da idazle eta kazetari hauek guztiak terroristak direla; arazoa da lege antiterroristaren bidez epaitzen dituztela ideiak modu librean azaleratzeagatik», azaldu du Tahir Silkanek, Turkiako idazleen sindikatuko lehendakariak. Sektore horretan ikusten dutena da askotan legeak adierazpen askatasunaren kontra egiteko erabiltzen dituztela. «Turkiako sistema juridikoan arazo larri bat dago. Idazle eta kazetari asko lege antiterroristaren bitartez epaitzen dituzte esaten dutenagatik. Horregatik daude hainbeste kartzelan. Hori aldatu egin behar den gauza bat da», salatu du Silkanek. «Onartezina da».

Idazlearen ustez, adierazpen askatasunaren oinarri nagusia da «edonork errespetuz eta askatasunarekin» pentsatzen duena adieraztea. «Askatasun horiek mugatu ezinezkoak izan beharko lukete, ezta guda egoera batean edota salbuespen egoeretan ere».

Joan den ekaineko Turkiako hauteskundeek eragindako sistema politikoaren aldaketak ez du gehiegi lagundu egoera hori aldatzen, Erdoganen garaipenak presidentetza sistema ekarri baitu Turkiako Estatura. Kazetaritzarekin, idazkuntzarekin eta kulturarekin zerikusia daukaten sektore gehienek horrela pentsatzen dute. «Arazoa ez dira orain dauden legeak; arazoa da lege horiek nola erabiltzen diren», esan du Kenan Kocaturkek, Turkiako Argitaletxeen Batasuneko lehendakariak. «Gobernuak eta epaileek ez dituzte lege horiek beharko luketen moduan erabiltzen beti. Egoera batzuetan, modu gogorregian erabiltzen dituzte, eta, beste batzuetan, modo oso bigunean; beti, pertsonaren arabera».

Kalera ateratzen diren materialak eta irakaskuntzan erabiltzen direnak ere oso kontrolatuta daude, Kocaturkek azaldu duenez. Eskoletan ikasten dena eta kalean irakurtzen dena, ehuneko handi batean, gobernuaren kontrolpean dago. «Liburu azoka askotan, liburu, idazle eta argitaletxe askok ezin dute parte hartu, idazten dutena ez delako agintarien gustukoa. Eskoletan ere ikasketa liburu asko kentzen dituzte arrazoi berberarengatik». Kazetari eta idazle askok adierazi dute Turkian ezin dela gobernuaren kontra hitz egin. Silkan da hori uste dutenetako bat. «Herrialde honen egoera herri honetan gaur egun dagoen faxismoaren eta arrazakeriaren ondorio zuzen bat da».

Langile horien guztien lan egiteko modua oso gogorra da. Azkenaldi honetan, autozentsuraz baliatzera ez ezik, asko beste metodo deseroso batzuen bidez lan egitera behartuta daude. Adibide argi bat Azadiya Welat egunkari kurdua da. «Sekretupean lan egitera behartuta gaude», kontatu du Ramazan Olcen egunkariaren zuzendariak. «Gurea bezalako hainbat egunkari, aldizkari, eta kultura kurduarekin zerikusia daukaten elkarteak itxi egin dituzte. Internet bidez argitaratzera behartuta gaude; ez daukagu beste aukerarik». Diyarbakirren ez da kulturarekin edota komunikazioarekin zerikusirik duen ia ezer bizirik geratzen. «Gure kultur elkarteak eta informazio hedabideak suntsitu dituzte, kurduak garelako soilik», salatu du Olcenek. «Gobernu honek alde ez duen guztia suntsitzen du. Gure egunkaria bizirik dago oraindik, egoera kaxkarrean, baina bizirik, nahiz eta edozein momentutan itxi ahal gaituzten».

2015ean, Mugarik Gabeko Kazetariek Turkia 180 herrialdetatik 155. postuan kokatu zuten prentsa askatasunari buruzko sailkapen batean. Iaz, 35 komunikabide itxi zituen Turkiako Gobernuak, 100 kazetariri akreditazioa kendu zien, eta beste 35ek erasoak jasan zituzten lana egiten ari ziren bitartean. Erdoganentzat, datu horiek guztiek ez dute inolako garrantzirik. Presidentearentzat, Turkia eredugarria da. «Prentsa askatasun gaietan, Turkia liderretako bat da munduko estatuen artean», esan izan du. Turkian irekita geratzen diren hedabide gehienak gobernuaren gustukoak dira.

Lanerako bi oinarriak

«Argitaletxe baten bi oinarri nagusiak dira adierazpen askatasuna eta beldurrik ez izatea edonoren ideiak argitaratzeari», esan du Kocaturkek, Turkiako argitaletxeen batasuneko zuzendariak. Hitz horiek baliagarriak izan daitezke bai idazleentzat, bai kazetarientzako ere. Bi oinarri horiek kulturarekin eta informazioarekin zerikusia duten lan guztientzako baliagarriak dira. Bi oinarri horiek betetzen ez diren herrialdeetan oso zaila da sektore horietan lan egitea. Turkian oinarri horiek ez direla betetzen salatu du Silkanek, Turkiako idazleen sindikatuko lehendakariak. «Eskubide horiek teorian badauzkagu hemen guztiok, baina batzuentzat beti zailagoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.