COP27

Klima negoziazioak, Al-Sisiren erregimenaren begiradapean

Amnesty Internationalek Egiptoko erregimenari egindako «kontzesio onartezintzat» jo du NBEren COP27 goi bilera. Klima ekintzaileek protestak egin dituzte, giza eskubideen urraketa salatzeko.

Klima ekintzaileek, zuriz jantzita, giza eskubideen urraketa salatu zuten atzo, COP27 biltzarrean. KHALED ELFIQI / EFE.
inaki petxarroman
2022ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Klima Aldaketari buruzko aldeen 27. konferentzia (COP27) egiten ari dira Egipton. Afrikan egitea keinu bat da hegoalde globaleko herrialdeei. Egipton egiteak, baina, klima ekintzaileak eta giza eskubideen aldekoak haserretu ditu. Puntu hauek jorratuko dituzte, negoziazioetan eta negoziazioetatik at.

Zer negoziatu behar dute Egipton?

2015ean egin zen COP15 goi bileran Parisko Hitzarmena sinatu zuten herrialdeek konpromisoa hartu zuten diru funts bat sortzeko herrialde pobretuen klima egokitzapena eta trantsizio ekologikoa finantzatzeko: Funts Berdea izena eman diote diru poltsa horri, eta asmoa zen 2020tik aurrera 100.000 milioi euro lortzea urtero. 2022an, oraingoz, 83.000 milioi besterik ez dute bermatu herrialde aberastuek. Iaz Glasgown (Eskozia) egindako COP26 bileran 2025erako dirutza hori bikoizteko ardura hartu zuten herrialdeek. Printzipioz, herrialde industrial aberatsak bat datoz Funts Berdearen beharrarekin.

Zer eskatzen dute herrialde pobretuek?

Klima larrialdia okertu ahala, eta trantsiziorako Funts Berdea oraindik ere osatu gabe dagoela ikusita, hegoalde globalak eskaera bati heldu dio indartsu: muturreko klima fenomenoek eragindako kalte ekonomiko eta sozialei aurre egiteko, arazoaren erantzule nagusitzat jotzen dituzten herrialde industrializatuek jartzea dirua. Esate baterako, Pakistanen montzoiak eragindako uholde suntsigarriek 30.000 milioi euroren galerak eragin dituzte. Oraindik herrialdearen %30ek urpean dirau, uholdeak izan eta bi hilabetera.

Springer Open analisi zentroaren arabera, hamarkada hau amaitzerako, 300.000- 500.000 milioi eurorainoko galerak eragingo dituzte muturreko fenomeno klimatikoek Asian, Latinoamerikan eta Afrikan. Mendearen erdirako, 1.800.000 milioi izango dira. Oraingoz, behintzat, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) eta Europako Batasunak ez dute funts hori osatzeko borondaterik agertu. Aurten arrakala bat sortu da herrialde aberastuen artean: Danimarka eta Eskozia prest azaldu dira diru ekarpena egiteko. NBEk erregai fosilen industria zergapetzeko eskatu du, funts hori osatu ahal izateko.

Hitz egingo al dute 1,5 graduren helburuaz?

Glasgowko goi bileran, azken orduan eta konbentzimendu handirik gabe, Erresuma Batuko presidentetzak lortu zuen herrialdeek onartzea 1,5 graduko berotzeak izan behar duela erronka. Helburu hori lortzea, baina, gero eta zailagoa da. IPCCk egindako ikerketen arabera, horretarako berotegi gasen isurketak %43 gutxitu beharko lirateke hamarkada honen amaierarako. Aurten bertan, iazko isurketak gainditzea aurreikusten dute behin-behineko ikerketek. Nazio Batuen Erakundeak, konferentzia hasi bezperan, ohar hau egin zien herrialdeei: egungo konpromisoekin, munduaren batez besteko tenperatura 2,4 eta 2,6 artean berotuko da.

Atzo, Clima Action Tracker zientzialari plataformak esan zuen Ukrainako gerraren ostean gas erreserbak handitzeko herrialdeek hasitako bideak urrundu baino ez duela egin 1,5 gradura iristeko aukera. Haien arabera, Nazioarteko Energia Agentziak (IEA) zero isurketa netorako aurreikusitako kantitatea 1,9 gigatona CO2 gaindituko luke horrek. Climate Action Trackerek ohartarazi du herrialdeen egungo konpromisoekin mundua 2,4 gradu berotzeko bidean doala.

Egipton egiteak eragingo al du?

Klima ekintzaileek muga asko dituzte beren aldarriak egiteko goi bileran. Aste honetan bertan ohartarazi du Amnesty Internationalek (AI): «NBEk Egiptoko agintariei manifestazioak egiteko baldintzen inguruan egindako kontzesioak eskandaluzkoak dira. Militanteen aurkako jazarpenaren konplize bihurtu dira».

Human Rights Watch eta AI erakundeek sarritan salatu izan dute Egipton diktadura bat dagoela eta giza eskubideen urraketa sistematikoa dela; besteak beste, biltzea eta manifestazioak egiteadebekatuta dagoela. Kritiko diren erakundeei oztopoak eta debekuak jarri dizkiete hara biltzeko. Greta Thunberg Suediako klima ekintzailea, esate baterako, ez da Egiptora joan, beste ehunka ekintzaile eta erakunde bezala. Hango klima ekintzaileen aurkako jazarpena asko gogortu da azken asteotan, eta 70 bat lagun atxilotu dituztela ere salatu dute.

Abdel Fatah al-Sisiren erregimenak preso du Alaa Abd el-Fatah, eta hura bihurtu da egunotan giza eskubideen aldeko erakundeen salaketen jomuga. 2011ko protesta oldeko erreferente ezagunak urte erdi baino gehiago darama gose greban, eta, osasun egoera larrian egonagatik, COP27 hastearekin batera egarri greba ere hasi du, preso politikoen egoera salatzeko. Haren familiak ohartarazi du atzo medikuen esku hartzea jasan zuela, bortxaz, Kairoko espetxean. Atzo dozenaka ekintzailek protesta egin zuten COP27 biltzarrean, zuriz jantzita, kartzeletako egoera salatzeko. Presoak zuriz jantzita joaten dira Egipton.

Zuriketa berdeapresente al dago?

COP bileretan ez da falta izaten asko kutsatzen duten enpresen eta herrialdeen marketin berdea. Greenwashing edo zuriketa berdea deitzen diote horri, eta, kasu honetan, adierazgarria da Coca-Colaren kasua: munduan erabilera bakarreko plastikozko hondakin gehien sortzen duen enpresa izateaz gain, COP27 biltzarraren sustatzaile nagusia baita.

Afrikako zenbait elkarte ekologistak hasitako Don't Gas Africa kanpaina ere aipa daiteke. Ohartarazi dute energia konpainia handiek herrialde aberatsak bultzatu nahi dituztela kalteen eta galeren funtsa finantzatu beharrean Afrikan erregai fosilak ustiatzeko azpiegiturak diruztatzera, besteak beste Europaren energia beharrari erantzuteko. Ekologistek adierazi dute ez dutela onartuko Afrika beste hainbat hamarkadatan energia fosilei lotzea. Gogorarazi dute 600 milioi afrikarrek oraindik ez dutela elektrizitaterik, eta iturri berriztagarriak direla hori lortzeko bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.