Norvegia eta «herrialde aliatuak» talibanekin batzartuko dira, Oslon

Norvegiak uste du afganiarrei laguntzeko ezinbestekoa dela nazioartea muturreko islamistekin hizketan hastea. Bihartik asteartera bilduko dira

Bi emakume eta bi haur, joan den abenduan, Kabulgo ospitale batean. MONCHO TORRES / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Talibanen ordezkaritza bat Norvegiako Gobernuarekin eta Afganistango gizarte zibileko aktoreekin bilduko da, Oslon, bihartik aurrera. Atzerri Ministerioak jakinarazi duenez, asteartera bitartean egingo dituzte bilerak, eta horietan egongo dira, gainera, «herrialde aliatuetako funtzionarioak». Norvegiako Gobernuak ez du jakinarazi zein aliatuk parte hartuko duten, baina, hango hedabideen arabera, Erresuma Batuko, EB Europako Batasuneko, Frantziako, Alemaniako, Italiako eta AEBetako funtzionarioak ere batzartuko dira Afganistanen agintean dauden muturreko islamistekin.

Anniken Huitfeldt Norvegiako Atzerri ministroaren esanetan, «argiak» izango dira talibanei egingo dizkieten planteamenduetan; «batez ere nesken hezkuntzari eta giza eskubideei dagokienez». Izan ere, hogei urte ren ondoren, talibanak agintera itzuli ziren joan den abuztuan, eta hartu zituzten aurreneko neurrietako bat izan zen emakumezkoak bizitza publikotik kanporatzea.

Afganistandik erbesteratu direnek Mendebaldeari egindako eskaera nagusietako bat da talibanak ez ditzala onartu gobernu gisa. Hain zuzen, hori bera kontuan izan du Norvegiak, bileraren berri emateko garaian. «Bilerak egiteak ez du esan nahi talibanei aitortza egitea, haiek legitimatzea».

Norvegiako Gobernua «oso-oso kezkatuta» dago Afganistanen gertatzen ari denarekin. «Milioika pertsona giza hondamendi baten atarian daude», nabarmendu du ministroak. «Herritarrei lagundu ahal izateko, ezinbestekoa da nazioartea eta afganiarrak talibanekin hizketan hastea». Huitfeldtek argudiatu du beharrezkoa dela herrialdeko «de facto-ko» agintariekin hitz egitea. «Ezin dugu onartu egoera politikoak giza hondamendia areagotzea». NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, goseteak 23 milioi afganiarri erasaten die; hau da, populazioaren %55i eragiten dio. NBEk 6.000 milioi euro eskatu dizkie herrialdeei aurten, giza krisiari aurre egiten ahalegintzeko.

Talibanak 1996 eta 2001 artean ere egon ziren agintean. Baina 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondoren, nazioarteak herrialdea inbaditu zuen, AEBak buru zituela, eta muturreko islamistak boteretik kendu. Bi hamarkada geroago, tropak erretiratzen hasi ziren, eta talibanak agintera itzuli ziren.

Horren guztiaren harira, EBk adierazi du klubeko herrialdeetako hainbat diplomazialari Kabulera itzuli direla, «gutxieneko presentzia bat» edukitzeko, eta, modu horretan, iristen den laguntza humanitarioa bideratzeko. Peter Stano EBren Atzerri Gaietarako bozeramaileak ohartarazi du, ordea, ez dela ulertu behar talibanei egindako «aitortza baten gisara».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.