Irango Kurdistanen, gasolinari sua

Amnesty Internationalek jakinarazi du segurtasun indarrek 106 pertsona hil dituztela eta mila direla atxilotuak

Gasolina zerbitzugune bati su eman zioten asteburuan Islamxahr herrian, Teherandik gertu. EFE.
Aitor Manterola Garate.
2019ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Irango Gobernuak gasolinaren prezioa agian bikoiztu egingo zuela iragarri zuen aurreko ostiralean, eta herritarrak berehala atera ziren kalera, protesta egitera. Irango Kurdistanen erantzun zabala eta handia izan zuten gobernuaren aurkako ekintzek, eta kaleraatera ziren Kermanxah, Sanandaj, Ilam, Sine, Saqqez, Meriwan, Bokan, Kamiyaran eta beste hainbat herri eta hiritan. Gasolinaren prezioaren igoeraren aurka ez ezik, aspaldian jasaten ari diren jazarpenaren eta bazterketaren aurka ere egin zuten protesta. Barrikadak ezarri zituzten hainbat hiritan.

Iran osora ere zabaldu ziren protestak, eta Balutxistanera —estaturik gabeko herria— doan errepide nagusia ere blokeatu zuten herritarrek, baita hainbat banku eta gasolina zerbitzuguneri su eman ere. Fars agentziaren arabera, ehundik gora hiri eta herritan lehertu zen jendearen haserrea gobernuak iragarritako neurriaren aurka. Agintarien erantzuna oso bortitza ari da izaten: 106 lagun hil dituzte segurtasun indarrek, Amnesty International erakundeak emandako «datu fidagarrien» arabera. Beste mila atxilotuta daude. «Legez kanpoko hilketak egiten ari dira segurtasun indarrak, eta neurrigabeko indarkeria hilgarria ari dira erabiltzen hein handi batean baketsuak diren protestei aurre egiteko». Beste iturri batzuek diote 200 ere badirela erailak.

Gobernuak, berriz, ukatu egin du hildakoak hainbeste direnik, «batzuk» izan direla adierazi baitu, gaineratuta «gutxienez lau polizia hil direla».

Datuen ofizialtasuna ez da ziurra edozein kasutan, gobernuak eten egin duelako Interneten erabilera larunbatetik. Hala ere, hainbat herritarrek bideoak eta argazkiak jarri dituzte Twitterren, eta «indar armatuen bortizkeria erakusten dute euskarri horien bidez», Amnesty Internationalen arabera; herritarren aurka armak eta gasa erabiliz ageri dira segurtasun indarrak.

Herritarren protesten aurrean, Hassan Rouhani presidenteakadierazi du zer dagoen erregaiaren igoeraren oinarrian: «Interes publikoaren mesedetan ari gara, eta igoerarekin jasotzen den dirua banatua izan daiteke behar gehien duten herritarren artean». Hitzok ez dituzte herritarrak lasaitu, bestela ere Irango ekonomia ez baitago onenean. Eskasia egoera horretan eragina dauka Donald Trump AEBetako presidenteak iaz hartu zuen erabakiak:zigorrak ezarri zituen berriz Iranen aurka, herrialde horrekin AEBek duten auzi nuklearraren barruan.

Irango kurduen egoera

Kurdistan lau herrialdetan dago zatituta, eta ez da burujabea. Zati bat Iranen barruan dago, eta lau milioi pertsona bizi dira. Ekialdeko Kurdistan da hori, eta hor lehertu ziren protestak aurreko ostiralean. Irango Gobernuak gogor jotzen du oro har kurduen aurka, eta Irangoak daude egoerarik zailenean.

Han gertatzen denaz, ordea, ezin da ezer askorik jakin, hermetismoa erabatekoa baita. Orain, Internet erabiltzeko debekuarekin, hazi egin da isiltasun hori. Hala ere, jakiten dira albiste batzuk, eta maiatzean, esate baterako, Zahra Mohammadi 29 urteko ekintzaile kurdua atxilo hartu zuten segurtasun indarrek, kurduen eskubideak defendatzeagatik. Amnesty Internationalek haren egoera salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.