KRITIKA. Antzerkia

Nor ote da H.M.?

Agus Perez.
2021eko urriaren 16a
00:00
Entzun
'Variaciones enigmáticas'

Egilea: Eric-Emmanuel Schmitt. Zuzendaritza: Roman Calleja. Musika: Edward Elgar. Antzezleak: Juan Gea, Alberto Iglesias.Lekua: Bilboko Arriaga antzokia.Eguna: Urriak 14.

Orain dela hogei urte programatu zen Variaciones enigmáticas Eibarko Antzerki Jardunaldietan, eta egunotan Bilboko Arriaga antzokian izan dut obra mitiko hori berriz ikusteko parada, beste zuzendari eta antzezle batzuen eskutik.

Egilea, ordea, berbera da, noski, baina nik esango nuke hauxe dela Hego Euskal Herrian ezagutzen dugun Eric Emmanuel Schmitt frantziar-belgikar egilearen testu bakarra, bere produkzioa oparoa izan arren bai antzerkigintzan bai eleberrigintzan.

Hasierako planteamenduan, Erik Larsen kazetariak bisita egiten dio Abel Znorko idazleari Norvegia iparraldeko uharte bakarti batean, han bizi delako aspalditik Literatura Nobel sariduna. Lehen uneak ez dira Larsenentzat samurrak izango egia esan, ez du une samurrik han igaroko, baina nola edo hala aurrera eramango du elkarrizketa idazlearen jokabide zantarrei aurre eginez eta bere pazientzia osoa jokoan jarriz. Une jakin batean, ordea, Znorkori galdetuko dio ea zer ote diren eskaintzan agertzen diren inizial haiek —H.M. delako bati dedikatu dio liburua egileak—, eta harrezkeroztik haien atzean agertuko den pertsonaia lanbrotsu hori bihurtuko da emanaldiaren protagonista, taula gainean inoiz agertuko ez bada ere.

Ondo pentsatuta, ederto jarrita dago antzezlan honen izenburua, 1899. urtean Edward Elgar musikari britainiarrak Enigma Variations izeneko konposizioa sortu zuelako, hamalau bariazio eginez benetan existitzen ez zen melodia baten inguruan.

Hori berori gertatzen da testu eredugarri honetan, non inoiz ikusiko ez dugun H.M. delako hori benetako protagonista bihurtzen baita Larsen eta Znorkoren pertsonaien bizitzetan. Bitartean, egileak kontu sakon batzuk aletuko ditu bi pertsonaien arteko solasaldietan —amodioa, sexua, bakardadea, zahartzaroa, norberaren egoa kontrolatzeko beharra...—, eta erloju-makineria baten moduan funtzionatzen duen argumentuak ezuste batzuk emango dizkio ikusleari.

Eszenaratzeari dagokionez, agertoki eskematikoa pobreziaren mugetan geratu da, argien diseinua bezala. Kontrako platerean, dinamismo nahikoa eman dio zuzendariak berez mugatua den dramaturgiari, eta, beste ezeren gainetik, bi aktoreek antzezpen-duelu bikaina eskaini digute, bien sendotasun eszenikoan bermatuta —batez ere Juan Gearenean—, eta jakitun izanik esku artean zeukaten testua opari eszeniko bikaina zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.