Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Inperioen sena

2019ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Inperio batek utzi ahal dio handitzeari, baina ez inperio izateari. Txikitu ere egin daiteke, baina ez inperio izateari utzi. Baldin suntsitua izan ez bada. Inperio baten umeak, ez dakit gehienak, baina bai gehien erabakitzen dutenak, harrotzen dira euren historiaz. Eta harrotasun hori mundu guztiak parteka dezan nahi dute, barruko nahiz kanpoko. Adiskidetzat hartuko zaituzte, inperioengatik sentitzen duzuna (baldin sentitzen baduzu) aipatzen ez diezun bitartean.

Errege Katolikoek, Karlos V.ak, Albako Dukeak, Primo de Riverak, Francok, Gonzalezek, Aznarrek, Abascalek, Casadok edo Riverak Espainiaren izateaz daukaten ideia faktikoa berdina da. Inperioaren sena herentzia bat dute. Pentsamenduaren kategoria bat. Batzuek inperioa hedatze-aroan bizi izan zuten, urre-minez. Beste batzuek, murrizte-aroan, erreminez. Azkenekoek, mantentze-aroan, aurre-minez. Kanpo baldintzak edo korrelazio internazionalak aldatuko dira, baina senen segidak bere hartan dirau. Senak pluralean dira oraingoan. Hots, Espainian, Frantzian, Turkian, Indonesian...

Historia inperantea inperioetatik egin dela eta egiten jarraitzen dela badakigu, badakite, baina ez zaie gustatzen auzia termino horietan kokatzea. Bai gustatzen zaie harrotasun inperiala kulturen handitasunean estaltzea. Aurkariok gaizki egingo genuke, sen inperialari aurre egiteko, kulturen handitasuna arbuiatuko bagenu. Bilakaera politikoen eta kulturalen zuzeneko loturak argiak badira ere, arlo guztiz banangarriak direla jakin behar da.

Aipatu sen horretatik euskaldunok ere apenas libratzen garen, baldin egia bada —eta da— askori ez zaiela lotsagarri iruditzen, esaterako, gure Lope Agirre herrikide historiko bat izatea. Kolonizatzaile ankerrik bazen, bera bat. Hori ere historia baita. Historia genozida baten atal lotsagarrietako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.