Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Kristo gorria

2019ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Eskultore, margolari, marrazkilari gehienek oihaltxo bat edo tanga bat erantsi diote Kristo biluziari, espiritu alaiago bat emateko edo. «Segi zuek igeri! Ni hemen geldituko naiz». Zerbaitegatik esan zien gurutziltzatuak zelaiko emakumeei: «Ez egin negarrik nigatik. Egizue zeuengatik eta zeuen umeengatik». Artista batzuek idulki bat ere jarri diote oinetan. Iltzeak gutxiestea dirudi. Bakarren batek, idulkiaz gainera, oinak bikotean josten ditu, iltze banarekin. Ez dakit. Ez dirudi Jainkoaren seme batek hainbeste erraztasun behar lukeenik.

Badira gurutziltzatu kezkagarriagoak, Arantzazuko Kristo Gorria, adibidez. Honengan ez da nabari oinazerik, haserrea baizik, aurrean jartzen zaion edonori egotziz bezala bi mila urte alferrik daramatzala josita. Gaizki ari naiz. Ez dago gurutzerik. Kristo piztua da. Lantza, bera bakarrik mantentzen da airean, izate berria ingrabidoa bailitzan. Baina ez dirudi pizkundeak subjektuari grazia handirik egin dionik. Gurutzean gusturago egon izan balitz bezala. Emakume sentiberegi haiek oker ulertu zuten gurutziltzatze originala, artelan gehienek ez baitute eragiten suposa litekeen horrorerik. Hor dago Velazquezen Kristo gurutziltzatua, Unamuno mistiko bihurtu zuena.Proba zeure gorputzean eta nabariko duzu zer gozoa den heriotza gurutze batean.

Basterretxearen margo originalean Kristo atzez ageri zen. Gotzainak, ikustean, haserre egin zion. «Baina, Nestor! Nola jartzen didazu Kristo bat, kristauei atzea emanez?». Nestorrek amore eman zuen. «Buelta emanda nahi duzu? Emango diot, ba!» Eta horra Kristo gorria. Asturiar mediku bat (oso fededuna) ikaratuta gelditu zen Kristo gorriaren aurrean. Hasierako asmoaren aldakuntza kontatu genion, eta hots egin zuen: «Aurpegi hori erakustekotan, hobe atzez utzi izan balute». Guretzat horrelaxe dago, ba, naturalen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.