KRITIKA. Musika

Gure euskal festa

Labeque ahizpak eta gainerako musikariak, Amoria zuzenean aurkezten. MUSIKA HAMABOSTALDIA / IÑIGO IBÁÑEZ.
Arkaitz Mendoza.
2018ko abuztuaren 31
00:00
Entzun

'Amoria'. 79. Musika Hamabostaldia

Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Abuztuak 28.

Nazioarteko hiru izen handiren proposamen batek euskal musika astindu berri du. Carlos Mena kontratenorraren ahotsak eta Katia eta Marielle Labeque ahizpen pianoek euskal musikak historian zehar bizi izan dituen estilo ezberdinak erakusteko gura izan dute. Horretarako eusko ezaugarrian maisu diren musikariak elkartu dituzte Amoria deituriko proiektuan. Labeque ahizpak Berlingo Orkestra Filarmonikoarekin parte hartu eta gero guregana hurbildu, herriaren taupadan barneratu eta gure musikaren erritmoetan blai bustitzeko desioa azaltzea onuragarri da denontzat, eta disko honetan elkartu dituzten parametro guztien fusioa zoragarri nahastu dute musikaren mesedetan.

Txalapartan Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte, Thierry Biskariren ahots inguratzailea eta Eñaut Elorrietaren pasioa ederki ulertu zen bidaia honetan. Ander Zulaikaren perkusioa sotiltasun osoz jaso zen Elena Martinez de Murgiaren ganbazko biolaren arku jorratzeekin batera, XV. eta XVI. mendeetako musikak goraipatzeko hain beharrezko ziren erritmo kutsatzaileak erakusteko. Baina emanaldiko unerik hunkigarrienetariko bat Easo Eskolania eta talde honen hurrengo belaunaldi den Araoz Gaztearekin iritsi zen. Gorka Miranda zuzendariak txalo zaparrada izugarriak jaso zituen azaldutako lana premiatuz; hemen ditugu hiriko haur ahotsik esanguratsuenetakoak eta Jesus Guridiren Ave Maria eta gure Gabriel Olaizolak idatzitako Haurtxoa seaskan kantak ikaragarri entzun ziren Lore Lopezen eta aurretik gabon kanta bat eskaini zuen Mañex Artolaren ahotsetan.

Carlos Mena musikaren funtzio guztietan iaiotasun apartekoan; kantuan zer esanik ez, haize egurrezko txistu jotzaile gisa duin eta panderetan jostagarri, euskal musika omentzen zen egun honetan bakoitzak barnean sentitzen zuena erakusteko unea zelako, inongo lotsarik gabe, hain ezkutuan gorde ditugun erritmoak, melodiak, eta batez ere hitz esanak airera jaurti eta hegan hasteko ordua iritsi delako. Biskariren Elurra Iruñean leun eta dotore eta Elorrietaren Haika mutil kantan Labeque zigilua zeraman piano soinu inguratzailea koroatze unea prestatzen hasi zen. Maurice Ravelen Bolero famatua txalaparta, kaskabel, danbor, bi piano eta panderetarekin josi zen, inoiz ahaztu beharko ez litzatekeen Zulaikaren kaxa joaldi hipnotikoaren inguruan. Eskerrik asko Mena eta Labeque, herrira hurbildu eta ekoizpen honetan denok parte hartu dugula dirudien sentsazioa helarazteagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.