Albistea entzun

Argazki oroitzapenak Zumetaren gorazarretan

Margolariaren hamar argazki bereziri ohar jakingarriak egin dizkie Usoa Zumetak

Hiruko autorretratua, 2010ean Buenos Airesen egina.
Hiruko autorretratua, 2010ean Buenos Airesen egina. Z / EZEZAGUNA Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Arrese -

2021eko apirilak 23

Gaurko egunez, orain urtebete, arnasa galdu zuen Jose Luis Zumetak (1939-2020). Bi metroko serigrafia bat lantzen jardun zuen Usoa Zumetarekin 2019aren hondarrean; urtero bezala, Buenos Airesko San Telmo auzuneko etxera joan ziren biak 2020ko otsailean; eta handik Euskal Herrira itzuli eta gutxira hil zen margolaria, apirilaren 23an, Donostian. Arte mundua eta euskal kultura osoa doluan ezarri zuen ustekabeak.

Baziren 25 urte aita eta alaba elkarrekin lanean ari zirela. Jose Luis 2011n Gaintzatik (Nafarroa) Donostiako Grosera bizitzera joandakoan, gainera, bien artean Zumeta Arte Estudioa zabaldu zuten, Usurbilgo (Gipuzkoa) Txikierdi auzunean. Harreman estua izan zuten, beti atsegina lanean eta bidaietan: Maroko, Portugal, Sardinia, Argentina, Txile...

Hain maitea den margolariari gorazarre egite aldera, argazki bilduma xume bat osa dezan eskatu dio BERRIAk Usoari. Zabaldu ditu estudioan katalogoak, albumak eta ordenagailua; begiratu, aukeratu eta ordenatu ditu irudiak eta argazkiak, eta Zumetak 14 urterekin Graficas Valverden abiatu zuen ibilbide artistiko luzearen zertzelada labur batzuk eskaintzera dator orriotan.

Senideen, lagunen eta herritarren artean Zumetari omenaldi bat egitekoak ziren orain Usurbilen, baina udazkenera arte behintzat geroratu behar izan dute.

ANTTON ELIZEGI

Zeramikazko hiru mila pieza egin zituen 1972an, Usurbilgo pilotalekuaren atzealdean murala paratzeko. Udalak galdetu zion: «Zenbat kobratuko duzu?». Eta Zumetak arrapostu: «Zenbat kobratzen du hilero Michelin fabrikako langile batek? Ba, horixe!». Urtebeteko lanean, Remigio Alkorta erretiratuak lagundu zion, labea gau eta egun piztuta edukitzen; eta Joxe Elortza eta Pello Muguruza igeltsua horman jartzen izan ziren.


CARLOS BERROVECCHIO

Buenos Airesko Cafe Britanico gustuko tokia zuen Zumetak. Carlos Berrovecchio pintoreak argazkia egin zion han 2006ko urtarrilean.

Kuban kultur ekitaldi batzuk antolatu zituzten 1990eko apirilean. Habanatik zazpi kilometrora dagoen Cojimar herrian, Hemingwayren bustoaren azpian daude: Mikel Laboa, Rafa Egiguren, Ruper Ordorika, Espe Goikolea, Zumeta, Nekane, Tororo, Txelo Larretxea eta adiskide kubatar batzuk.

ARTURO DELGADO

Gaur taldearen lehendabiziko erakusketa 1966ko apirilaren 28an izan zen, Donostian, Barandiaran galerian. Irekiera egunean, Arturo Delgadok argazkian hartu zituen Rafael Ruiz Balerdi, Jose Luis Zumeta, Nani Sanz eta Jose Antonio Sistiaga.

Bizente Ameztoi margolari eta lagun estimatuarekin, 1974 inguruan.

EDURNE KOCH

Gaintzako Errota etxean, toki estu samarrean margotu zuen Gernika obra erraldoia. «Edurne Kochek egindako argazkia da hau, 1999ko maiatzaren 25ekoa», datatu du Usoak. «Picassoren koadroari begira baino denbora gehiago igaro zuen haren bozetoak aztertzen». Oiartzungo Pagoarten erakutsi zuen aurrena; ondoren, Donostiako San Martin merkatuan eta Bilboko Uribitarten.

Remigio Mendiburu, Zumeta eta Jose Antonio Sistiaga, 1970 inguruan. Zumetak goma zati handiak topatu zituen Oria ibaian, eta margotu egin zituen; gainean buru bat ipini zuen Mendiburuk.

JOSE MARI ZABALA

Joxan Artzeren Laino guztien azpitik ...eta sasi guztien gainetik poemategiak 1973an argitaratu ziren. Zumetak marraztu zituen liburu haietako txoriak. Orduko argazkian: Jose Mari Zabala, Zumeta eta Artze.

ANTTON ELIZEGI

Artzabal baserrian bizi zen Zumeta sendia. «Aitak ganbaran lan egiten zuen», kontatu du Usoak; «Antton Elizegiren 1972ko argazkian ikusten da kanpora irekia zela espazioa eta elurtuta dagoela Usurbil».

LAMIA

Laboaren disko ia guztien azalak Zumetak egin zituen. Bi lagunak Atalluko estudioan daude, 2006an.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Kontzertu bat, Sanagustin kulturgunean. ©Alberto Beloki

Hamarkada bat beste bide batetik

Miren Garate - Gipuzkoako Hitza

Hamar urte bete dituzte Azpeitiko (Gipuzkoa) Sanagustin kulturguneak eta hura kudeatzen duen Kulturaz kooperatibak. Eredu propio bat garatu du kooperatibak euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Sortzeko orduan ez diot mugarik jartzen neure buruari»

Mikel Lizarralde

Idoia Asurmendik sare sozialen bitartez eta beste zenbait musikariren bertsioak eginez ezagutarazi zuen bere burua. Orain, lehenengo diskoa argitaratu du: 'Ilun eta abar'.
 ©IñIGO URIZ / @FOKU

Harrespila, gutizia husteko

Ane Eslava

L'Alakran antzerki konpainiak 'Harrespila' ikuskizun performatiboa eskainiko du gaur eta bihar Altzuzako Oteiza museoan. Cromlech bat osatuko dute parte hartzaileekin batera
 ©MARIAJE FUENTE

Zero gradua

Berria

Juan Kruz Igerabide idazlearen (Aduna, Gipuzkoa, 1956) 'Doneaneko alaba' eleberrian, 1936ko gerrako gertakari latz batek txirikordatzen ditu unibertsitateko literatura irakasle eszeptiko bat den narratzailearen eta Doneaneko alaba gazte poetaren bizialdiak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Gorka Arrese

Informazio osagarria