Nerea Osinalde.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Gorotzetan dago gakoa

2020ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Hiztegiaren arabera, gorotza animaliek iraizten duten digestio-hondakin solidoa da. Zuetako edonori galdetuz gero, honela definituko zenukete: ezertarako balio ez duen eta ondorioz gorputzak kanporatzen duen usain txarreko gauza nazkagarria. Baina zer esango zenukete esango banizue gaitz batzuen sendabidea gorotzetan bertan topatuko dugula?

Zutabe honetan argitaratutako hainbat artikuluk agerian utzi dute hesteetan bizi diren mikroorganismoek izugarrizko inpaktua daukatela gure osasunean. Gero eta datu gehiagok erakusten dute gure hesteetako mikrobiotak eragin handia duela Chron, kolitisa, diabetesa edota obesitatea bezalako gaixotasunetan. Hori dela eta, heste-flora osasuntsua izatea oso garrantzitsua da. Alabaina, maiz errazegi hartzen ditugun antibiotikoek negatiboki eragiten dute heste-floran; bakterio osasuntsuak hiltzeaz gain, kalteberago bilakatzen dituzte. Hortaz, nola konpon liteke arazoa? Oso erraz: pertsona osasuntsuen mikrobiota hartu, hots, mikrobioz josita dauden gorotzak hartu, eta gaixoetan txertatu.

Lehen gorotz transplantearen berri 1958an izan genuen. Antza, XX. mendeko lehen erdian nahiko ohiko prozedura zen. Baina infekzioak kontrolatzeko farmako berriak agertu zirenean, transplante mota horiek behera egin zuten. Hala ere, azken urteotan, antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioak gero eta ugariagoak dira, eta, ondorioz, infekzio larriak tratatzeko metodorik eraginkorrena omen da gorotzen transplantea.

Aspalditik frogatu da eraginkorra dela Clostridium difficile bakterioak eragindako kolitis pseudomenbranosoa tratatzeko. Horrez gain, atzean utzi berri dugun 2019an, ultzeradun kolitisa pairatzen zuten pazienteak tratatu dituzte gorotz transplante bidez, eta oso emaitza positiboak lortu dituzte. Ikertzaileen arabera, azken arrakasta horren gakoa izan da emaileen gorotzak anaerobikoki, hau da, oxigenorik gabe prozesatu izana. Izan ere, hesteetako mikroorganismo asko oxigenoarekin kontaktuan jarriz gero hil egiten dira. Beraz, baldintza anaerobikoetan egindako prozesamenduari esker, hartzaileak emailearen gorotz «biluziak» jaso beharrean, bertan bizi diren mikroorganismo osasuntsuak jasotzen ditu. Eta mikroorganismo horiek dira benetan gaitza sendatzen laguntzen dutenak.

Bai, nik ere zuen antzera pentsatzen dut: transplante mota hori mesedegarria izango da, baina apur bat nazkagarria ere bai. Gainera, albo kalteak ere izan ditzake. Adibidez, 2010ean, 32 urteko emakume bati gorotz transplantea egin zioten, eta emailea bere alaba zen, obesitatea pairatzen zuena. Handik urtebetera, emakumea, aurrez inoiz pisu arazorik izan ez zuena, obesitate arazoak izaten hasi zen. Adituen arabera, ezin da ziurtatu kausa-efektu kasu bat denik, baina, zenbait saialditan antzeko joera azaleratu denez, oso garrantzitsua da gorotz transplanteak egin aurretik parametro guztiak kontrolpean izatea.

Ikertzaileak horretaz guztiaz jabetu dira, eta, horregatik, kaka sintetikoa erabiltzea omen da etorkizuneko erronka. Bai, ongi irakurri duzue: kaka sintetikoa. Ideia hau da: gorotz lagin txiki batetik abiatuta, hor dauden mikroorganismoak haztea laborategian, hesteetako baldintzak simulatuz, eta, ondoren, pazienteen kolonean txertatzea.

Gaixoek jasoko duten gorotzen jatorria bat dela edo bestea dela, Oskorriren kanta batek dioen bezala, «kaka zuretzako ta kaka niretzako, hauxe da gauza ederra mundu guztientzako!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.