Ainara Castellanos-Rubio.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Birusen mutazioak

2021eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Asko entzun eta hitz egin dugu azkenengo hilabeteetan birusen biologiari buruz, sistema immuneari buruz eta RNA mezulariari buruz. Azkenengo asteetan, aldiz, mutazioak izan dira protagonistak: SARS-CoV-2 birusaren aldagai berriek hartu dute albistegien titularren parte garrantzitsua. Baina zertaz ari gara orain? Zer dira zehazki mutazioak? Mutazioak izaki bizidun baten informazio genetikoan gertatzen diren aldaketa iraunkorrak dira. Mutazioak eboluzioaren gakoa dira. Organismo guztien ezaugarri genetikoen osotasuna mutazio bat bezala hasi izan zen jatorrian.

Birusetan mutazioak oso komunak dira. Birusek normalean azkar mutatzen dute, arrazoi desberdinengatik; haien artean, organismo ostalariaren defentsari aurre egin ahal izateko. Normalean, gure gorputzak birus batekin (edo txerto batekin) kontaktuan egotean, honen aurkako antigorputzak sortzen ditu, eta horrela infekzioaren kontrako immunitatea garatu. Birusak mutatzen badu, gure gorputzak sortu dituen bertsio zaharraren aurkako antigorputzek eraginkortasuna galdu dezakete. Hau gertatzen zaigu, adibidez, hotzeri komunarekin: behin baino gehiagotan pairatzen dugu hotzeria, bertsio mutatu berrien aurkako antigorputzak ez ditugulako. Birusek haien bidea topatzen dute, gure defentsa sistemari izkin egiteko eta haien biziraupena bermatzeko.

SARS-CoV-2 birusaren kasuan, 1-2 mutazio pairatzen ditu hilabetero, gripearen birusak baino bi aldiz gutxiago. Batez ere bi aldagai dira oraintxe kezka gehien sortzen dutenak, Britainia Handiko aldagaia eta Hegoafrikako aldagaia. Biak bihurtu dira aldagai nagusiak haien jatorrizko lekuetan, eta gaixotasunaren larritasunean eraginik ez dutela badirudi ere, bien kutsatze gaitasuna altuagoa dela estimatu da. Aldagai horien agerpen eta hedatze azkarrarekin batera, txertoen baliagarritasunari buruzko ardurak sortu dira. Eraginkorrak izango dira txertoak birus mutante hauen kontra? New Yorkeko Rockefeller Unibertsitatean egindako ikerketa batean, zeinean txertatuko 20 pertsonaren laginak aztertu dituzten, ikusi dute antigorputzen efizientzia pixka bat txikiagoa dela birus berrien kontra borrokatzeko orduan. Hala ere, eta ikerketa gehiagoren beharrean, badirudi txertoek eskaintzen duten babesa nahikoa dela gaixotasunaren garapena ekiditeko, nahiz eta birus mutante hauen aurrean egon.

Asko daukagu oraindik ikasteko eta ikertzeko birusen mutazioei buruz orokorrean, eta SARS-CoV-2 aldagaiei buruz zehazki. Jakin badakigu birusek beren biziraupena ziurtatzeko mutatzen dutela. Egin dezagun guk ere gauza bera eta saiatu gaitezen gure eta ingurukoen ongizatea bermatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.