Lide Arana.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Gorputzeko gantza: energia gordailua baino askoz gehiago

2022ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Gantza, koipea... gorputzean pilatzen denean errezeloz begiratzen diogu, kaltegarria eta antiestetikoa iritzita. Bada, metatutako gantz horiek osatzen duten ehun adiposoak uste baino funtzio gehiago betetzen ditu gure gorputzean, eta osasunari erreparatuta garrantzitsua ez da kopurua, gantzaren kokalekua eta metatzeko modua baizik.

Urte askoan pentsatu izan da ehun adiposoaren funtzio bakarra gorputzeko energia kudeatzea dela: energia beharra dagoenean gantza erregai moduan erabiltzea, eta soberako energia dagoenean gantza metatzea. Gaur egun badakigu hori eta askoz gehiago dela; izan ere, ehun adiposoak beste organoen funtzioak erregulatzeko gai diren hainbat molekula garrantzitsu jariatzen baititu (leptina hormona, adibidez).

Gauzak horrela, batzuek ehun adiposoa organo endokrino moduan definitzen dute gosearen erregulazioan, lipido eta karbohidratoen metabolismoan, ugalketan, sistema immunearen erregulazioan, odol-kapilar berrien sorreran, odolaren koagulazioan eta gorputzaren pisuaren erregulazioan parte hartzen duelako. Horrela, ehun honetan desorekak gertatzen direnean, obesitatea kasu, funtzio biologikoak galdu eta gaixotasunak garatzen dira (diabetesa, hipertentsioa, aterosklerosia edo gaixotasun immuneak, esaterako). Hori nahikoa ez, eta obesitatea beste gaixotasunen tratamenduan oztopo ere izan daitekeela ikusi da. Martxoan argitaratutako ikerketa batean frogatu dutenez, dermatitis atopikoaren aurka erabiltzen den tratamenduak, obesitatea duten saguengan gaixotasuna sendatu beharrean, areagotu egiten du.

Ehun adiposoari buruz oraindik erantzun gabeko galdera ugari daude, zailtasun teknikoak eta osatzen duten zelulen aldakortasuna direla medio. Dena den, azken urteetan garatu diren zelula bakarreko azterketa teknikei esker, gero eta informazio gehiago dugu eskura. Adibidez, teknika hauek erabiliz martxoan gizakien eta saguen gorputzeko ehun adiposoaren atlas bat argitaratu da Nature aldizkarian, aurrez ezagutzen ez ziren zelula adiposo motak ere barne hartzen dituena.

Gaur-gaurkoz dakiguna da ehun adiposoaren kokalekuak eta osatzen duten zelulen konposizioak eragin nabarmena dutela bere funtzionamenduan. Ez litzateke zuzena izango gorputzean ditugun gantz-pilaketa guztiak zaku berean sartzea eta, ondorioz, gorputzeko masaren ehuneko batek ez liguke adieraziko gantz-metaketa horiek osasuntsuak diren edo ez. Gainera, gizentzea ez da beti obesitatearekin loturiko prozesu bat izaten; izan ere, metaketa horretan ehun adiposoak hartzen duen egiturak ere berebiziko garrantzia du. Obesitatearen kasuan, ehun adiposoaren egituraketa okerra gertatzen da (kapilar gutxi, oxigeno falta eta hantura prozesuak), eta hau egoera patologikoarekin erlazionatzen da.

Urte hasieran argitaraturiko errebisio lan batean eztabaidatzen denez, kirola egiteak eta bizimodu aktiboak ehun adiposoaren egituraketa zuzena izaten laguntzen dute, eta gizentze prozesu horrek osasuntsua den ehuna sortzen du. Beraz, osasunaren ikuspuntutik, gorputzeko gantz-metaketa gutxitu nahi bada, interesgarriagoa litzateke argaltze prozesuan kaloria gutxiko dieta bat jarraitu beharrean bizimodu aktiboago bat izatea eta ariketa fisikoa egitea.

Ondorioz, pentsa daiteke, azken egunetan (eta hau irakurtzen ari zaren bitartean) Euskal Herrian zehar Korrikan parte hartu duten horiek, euskararen alde aritzeaz gain, beren ehun adiposoaren funtzioa ere hobetu dutela, gantz metaketa osasuntsuago bat lortuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.