UDAKO SAILA. Bizikleta eta hiria (eta V). Iruñea

Bidegorri prekarioak eta errepide arriskutsuak

Bidegorri prekarioak eta errepide arriskutsuak.
Bidatz Villanueva Etxague - Iñaki Berastegi
Iruñea
2015eko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Iruñeko Udalak argitaratutako datuen arabera, 60 km bidegorri eta 30 km bizikleta errei ditu hiriak. Bizikletan ibiltzeko hautua egiten duenak, ordea, erraztasunak ez, trabak aurkitzen ditu gehienetan, eta inora ez daramaten bideak.

Odisea bat da Iruñean bizikletaz ibiltzea. Udalak eginiko bidegorrien mapari so eginez gero, badirudi hiri osoa zeharkatzen duen bidegorri bat dagoela. Errealitatetik urrun dagoen ustea da, ordea. «Saldu digute zer edo zer egin dutela txirrindulariengatik, bidegorri anitz daudelako; baina denak gaizki eginda», azaldu du Eneko Astigarraga txirrindulari iruindarrak. Oraintxe dendan egiten du lan, saltzaile moduan, eta hainbatetan ibili da udalari aholkuak ematen. Aski ongi daki egungo egoeraz: «Arriskutsua da bidegorrietatik joatea; oso era prekarioan erabiltzen da bizikleta Iruñean. Askotan, nekagarria ere bihurtzen da».

Ohikoak dira oinezkoekin aurrez aurrekoak edota autoekin istripuak izatea. Askotan, oinezkoen espaloian marrazturiko marra zuri bat besterik ez da erreia, eta, gainera, oztopoz betetakoa». Udalak hori egin izana deitoratu du Astigarragak. Hori dela eta, askoren ahotan dago bidegorriak hobetzearen aldarria. Dena den, Astigarragaren aburuz, hori ez da irtenbiderik egokiena: «Bizikletan ibiltzea bidegorriekin lotzea aferaren ikusmira azalekoa da, egungo bidegorriak adabaki txar bat baitira. Mugikortasunaren auzia jarri behar dugu jomugan, autoei zein erabilera ematen diegun, alegia».

Hiri askotan, eta Iruñean zehazki, autoen zirkulazioa «lehenesten» dela uste du, txirrindularien eta oinezkoen aldean. Hori, «autogintzaren industriak Mendebaldeko herrialdeetan duen indar handiaren isla» dela deritzo. «Pribilegioak kendu behar zaizkie autoei, eta gainontzekoen baldintzak hobetu. Baina ez dute horretan interesik». Erantsi du «aldaketa sakon baten ondorioz» hobetuko dela egoera, baina «apustu indartsua» dela. Duda-mudan dabil, udal gobernu berria ausarta izanen den edo ez.

Iazko martxoan, hainbat ekinbide jarri zituen abian Iruñeko Udalak bidegorrien egoera hobetzearren. Hauteskundeak baino aste batzuk lehenago egin zuen, askoren ustez bozei begira. Izan ere, CIESek maiatzean argitaratutako datuen arabera, galdetutako herritarren %35en kezka nagusia zen bidegorriarena. Hiriarekin erlazionatutako hamar gairen artean egin zuten aukeraketa. Astigarragaren iritziz, «kezkagarria» da egin dutena: «Oso arriskutsua da bizikleta-modernotasun honetan gertatzen ari dena. Bidegorriak sortzen dituzte jendeak ikus ditzan, lau argazki atera, eta horrela jator azaltzeko hautesleen aurrean. Baina, gero, zigortuak dituzte txirrindulariak».

«Segurtasun baldintzak sortzea da gakoa», nabarmendu du Astigarragak. Halere, merezimendua zor zaien herri lanak ere badaude, haren ustez: «Donibane auzoko Martin Azpilikueta kalean, esaterako, oso ongi egin zuten: kaleetatik autoak kendu, beste leku batzuetan aparkatzeko aukera eman eta gehieneko abiadura moteldu. Hor libreki zirkula dezake txirrindulariek, eta ez da bidegorririk behar».

Iritzi bertsukoa da Aitor Txarterina, Bigarren Eskua dendako saltzailea: «Bidegorri sarerik ez dago Iruñean zehar. Dagoena traizio gune bat da». Bidegurutzeak, kale estuak, espaloitik jaitsi eta igo beharra... Horrek guztiak zaildu egiten du bizikleten zirkulazioa, eta kolokan jarri herritarren segurtasuna. «Autoarentzat antolatu dute hiria. Mugikortasuna orain arte lotu izan da zirkulazioarekin, eta ez mugikortasunarekin zentzu hertsian», azaldu du Txarterinak.

Bidegorriak ere ez ditu oso begi onez ikusten: «Hiria modu holistikoan begiratu beharko litzateke, eta aztertu non den beharrezkoa bidegorria. Baina aurreko udalak egin zuena, bidegorriak espaloiekin uztartzea, lardaskeria bat da». Askotan bidegorrien artean konexiorik ez dagoela ohartarazi du. Halere, baikor agertu da: «Itxaropena dugu gauzak aldatuko direla, ezinezkoa baita egoera bat kudeatu orain arte egin den bezain gaizki».

Eguneroko arazoak

Bizikleta autoarekiko alternatiba gisa darabiltenak gero eta gehiago dira. Tamalez, Iruñea eta eskualdea ez daude segurtasunez ibiltzeko egokituak. Hala aitortu du, bederen, Ana Olaiz zizurtarrak: «Egun, errepidea baino edozer gauza da seguruagoa; horregatik erabiltzen dut bidegorria edo bizikleta erreia». Zizurtik Iruñera doan bidegorri zatia trabaz beterik dago. «Bidegurutze oso arriskutsua dago Zizurtik ateratzean; bizitza jartzen duzu jokoan. Hori gutxi ez, eta espaloia ez dago egokitua txirrindulariok hortik igaro gaitezen», salatu du.

Olaizek argi du zeinek izan beharko lukeen ordaina bizikleten baldintzak hobetzeko: «Zer edo zer kentzekotan, autoak kendu behar dira. Pio XII.aren etorbidean, erraterako, aparkatzeko dagoen lerro bat ken zezaketen, eta bizikletan ibiltzeko egokitu. Iruñeko kale gehienetan aparka daiteke, eta ez nago horrekin erabat ados». Olaizek ulertzen du oinezkoentzat traba izatea txirrindulariak. «Oinezkoekin liskarrak izan ditut, bidea eurekin konpartitzen duzu, eta kexatu egiten dira». Eta haiek ez molestatzeko «izugarrizko bihurguneak» egin behar direla gehitu du.

Txantreakoa da Aitor Kastillo. Oso bizikletazalea izan da betidanik, eta egunero darabil. Hark, ordea, ez du bidegorritik zirkulatzen; bestelako hautua egin du egunerokoan. Txantreatik Zizurrera egiten du lanerako bidea, errepidetik. «Autoek errespetatzen naute bizikletan noanean, baina azkar noalako».

Kastilloren aburuz, segurtasun baldintza batzuk ezinbestekoak : «Hiritik kanpo txirrindulari batekin aurkitzen diren auto gidariek badute jarrera kodigo bat. Hiri barnean, ordea, ez dago horrelakorik. Bizikidetza hobetzeko kode bat eratzetik abiatuko nintzateke, hiri barnean ibiltzen diren txirrindulariekiko nola jokatu erakusten duena».

Bidegorria erabiltzeari ere uko egin zion, aspaldi, Alberto Ilundain iruindarrak. Nafarroako Garraiobide Osasungarrien Aldeko Elkartean egon zen urte batzuetan Ilundain, eta ondo ezagutzen du egoera. «Etxetik lanera joateko erabiltzen dut bizikleta, bai eta eskualdean barna bidaiatzeko ere. Nik, beste batzuei gertatuaz bestera, ez dut arazorik eduki errepidean». Haren ustez, hainbat neurri hartu beharko lirateke txirrindularien segurtasuna handitzearren, hala nola autoen abiadura moteltzea edo hirigunetik auto gutxiago ibiltzea.

Iluindainen ustez, bidegorriak estandarte gisa erabili dituzte, «aldarrikapen moduan», baina adierazi duenez, «ez da lehentasun bat». CCCP Iruñeko Eskualdeko Hiritar Txirrindularien elkartek proposamen bat abiatu zuen. Hartan ere parte hartu du Ilundainek. Udalarekin bildu zen, neurriak erabakitzeko. Egitasmoa, ordea, asmo hutsean geratu zen azkenean. Espaloiak margotzea, erabaki hori bakarrik hartu zuten. Aurreko udala kritikatu du: «Mapak faltsutu ditu, horietan agertzen direnak ez baitira bidegorri egokiak».

Herritarrek Iruñeko bidegorriak eta bizikleta erreiak erabiltzen dituzten arren, baina ezin da ukatu autogintza industriak daukala nagusitasuna. Bizikletan ibiltzeko hautua egiten dutenen segurtasuna kolokan jartzen du Iruñeko egungo hiri ereduak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.