Nerea Osinalde.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Pipitarik gabeko fruta

2020ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Nor ez da trabatu gabon zaharrean hamabi segundotan hamabi mahats aleak jatean? Gurean horren errotuta dagoen tradizioak makina bat susto eragin ditu, eta gehienetan errua ez da mahatsarena, barruko hazi edo pipitena baizik. Hori dela eta, gero eta ohikoagoa izaten da hazirik gabeko mahatsa erostea. Baina nondik dator hazirik gabeko fruta?

Hazirik gabeko landareak ez dira ohikoak, baina naturan existitzen dira. Eboluzioan bizirik irauteko, espezieen artean gurutzatze asko gertatu izan dira, eta horietako batzuek ondorengo antzuak sortzen dituzte. Animalien erreinuan, adibidez, behor bat asto batekin gurutzatzean, mandoa jaiotzen da, hots, «fruitu antzua». Landareen erreinuan ere antzeko zerbait gertatzen da; partenokarpia deritzon prozesu baten bitartez, ernaldu gabeko obuluetatik fruituak gara daitezke, eta ondorioz, fruitu horiek ez daukate hazirik eta antzuak dira.

Gizakiak ere sor ditzake pipitarik gabeko landareak, ingeniaritza genetikoko teknikak erabili gabe. Gaur-gaurkoz ez dago genetikoki eraldatutakoa den hazirik gabeko landarerik. Hortaz, noizbait entzuten badiozue norbaiti esaten pipitarik gabeko mahatsa transgenikoa dela, hori ez dela egia esan diezaiokezue.

Hazirik gabeko fruituak sortzeko, gizakiak XIX. mendean Gregor Mendel fraideak ilarrekin aplikatu zuen logika bera aplikatu du. Hau da, espezie eta barietate ezberdinen arteko gurutzatze selektiboak egin izan ditu, ezaugarri jakin bateko barietate berriak lortu arte. Horrela, hazirik gabeko mahatsa sortu du, baita berriki marrubi zaporeko mahatsa ere.

Mahatsa ez ezik, beste hainbat fruitu eta barazki ere eraldatu ditu gizakiak historian zehar. Banana, esaterako, etxekotu aurretik haziz josita zegoen; gaur egun jaten duguna, berriz, pipita gabea da. Beraz, gaurko bananak beste batzuetatik eratorritakoak dira, hots, elkarren artean klonak dira. 1950. hamarkadara arte, Gros Michel banana barietatea zen nagusi, baina Fusarium oxysporum onddoak eragindako izurritearen ondorioz, barietate hori desagertu egin zen, eta gaitzarekiko erresistentea den Musa cavendishii barietatea gailendu zen. 1960. urteaz geroztik, mendebaldeko herrialdeetan kontsumitzen diren bananen %99 Cavendish barietatekoak dira. Hain zuzen ere, banana guztiak genetikoki berdinak direlako, zientzialariak beldur dira epe laburrean izurrite berri batek Cavendish banana barietatea kolpatuko ote duen.

Gurutzatze selektiboaren bidez, gizakia gai izan da fruituen pipitak desagerrarazteko, baita beste hainbat ezaugarri eraldatzeko ere. Esaterako, angurri primitiboak zulo mordoa zituen barrualdean, baina gaur egun ezagutzen dugunak ez. Azenarioa, berriz, zuri edo more kolorekoa zen, eta sustrai itxura zuen. Are ikusgarriagoa da gaur egun kontsumitzen dugun artoaren eta jatorrizko teocintle-aren arteko aldea. Kuriositatea baldin baduzue, Youtubeko bideo hau ikustea gomendatzen dizuet: These images of fruits before we domesticated them will blow your mind.

Espezieen eta barietateen arteko gurutzatze selektiboa eta hautespen artifiziala nekazaritza eta abeltzaintza bezain zaharrak dira. Charles Darwinek praktika hori ezagutu zuen, eta berak proposatutako hautespen naturalaren teoria azaltzerakoan, horrela esan zuen: «Gizakiak eraldatu nahi dituen landareak eta animaliak hautatzen ditu, eta ugalketa kontrolatuaren bidez, interesatzen zaizkion ezaugarriak garatu arazten ditu. Naturak ere antzera egiten du. Baina desberdintasun nagusi bat dago: ingurugiroak baldintzatzen du hautespen naturala, ez gizakiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.