Jose Antonio Rodriguez.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Plastikozko untxi baten 'genoma'

2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Segundo bakoitzean gizarte gisa sortzen dugun informazio kopurua izugarria da. Eta ezinbestekoa da informazio hori modu seguruan biltegiratu ahal izatea. Biltegiratzearen garrantziaz konturatzeko, nahikoa da imajinatzea telefonoan daramazun informazio guztia bat-batean galduko bazenu zer gertatuko litzatekeen. Gaur egun, gero eta txikiagoak diren mikrotxipak erabiltzen dira informazioa biltegiratzeko. Euskarri elektroniko horietan informazioa digitalki biltegiratzen da (0-z eta 1-ez osatutako kode bitarrean kodetuta). Hala ere, mikrotxipen tamaina—eta potentzia— mugara iristen ari da, eta denbora gutxian informazioa biltegiratzeko arazo larria izango dugu. DNAk arazo hori konpontzeko irtenbide bat eskaintzen digu.

DNAk informazio biologikoa gordetzeko duen gaitasuna oso ezaguna da. Izan ere, zure zelula bakoitzaren DNAk zure kopia oso berri bat egiteko behar den informazio guztia du. Informazio horri genoma deitzen diogu, eta, funtsean, proteinak ekoizteko jarraibideetan datza. Hori dela eta, badira urteak DNA molekulak informazio digitala biltegiratzeko euskarri gisa duen potentziala ikertzen hasi zirela. Prozesua honako hau da: informazio digitala (adibidez 01000111010 sekuentzia) informazio genetiko bihurtzen da (GATCTCAAT sekuentzia). Ondoren, sekuentzia hori daukan DNA molekula bat sintetizatu eta gorde egiten da. Informazioa berreskuratu nahi denean, DNA sekuentzia irakurtzen da eta GATCTCAAT letren segida 01000111010 segidara itzultzen da bueltan, horrela jatorrizko informazio digitala berreskuratuz. DNAn biltegiratutako informazioak txip batean biltegiratzen denak baino askoz ere leku gutxiago hartzen du, eta askoz ere denbora luzeago irauten du (milaka urteko DNA molekulak irakurri ahal izan dira bitartean, eta imajinatu zer egoeratan egongo den zure telefonoa hogei urte barru).

DNA molekulak era askotara gorde daitezke, eta duela hilabete batzuk oso metodo interesgarria deskribatu zuten: plastikozko untxi baten genoma bezala. Ikertzaileek plastikozko untxi bat 3Dn inprimatzeko jarraibideak GATC erako sekuentzia bihurtu zituzten. Jarraian, sekuentzia horiek erabiliz, DNA molekulak sintetizatu zituzten. DNA molekula horiek 3D inprimagailuak untxia sortzeko erabiliko zuen plastikozko filamentuari gehitu zizkioten. Horrela, untxi bakoitzak bere buruaren kopiak sortzeko informazioa (bere genoma) zeraman bere baitan. Hori frogatzeko, belarriaren zati bat moztu zioten untxiari, bertako DNA erauzi, eta, hortik abiatuta, plastikozko untxien hurrengo belaunaldia sintetizatu ahal izan zuten. Esperimentu bitxia izateaz gain, emaitzak frogatzen du informazio asko edonon ezkuta daitekeela. Adi, espioiak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.