Autogintza

Motorra, galga emanda

Salmentak %37,6 gutxitu dira Hegoaldean, pandemiaren aurreko datuekin alderatuta. Lehen aldiz, motor alternatiboko autoak gehiago saldu dira dieselekoak baino

Motorra, galga emanda.
jokin sagarzazu
2022ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun

Azeleragailua ezin zapaldu dabil autogintzaren sektorea. Pandemiari aurre egiteko neurriek hornidura kateetan eragin dituzten arazoek nabarmen murriztu dute auto berrien produkzioa 2021. urtean, eta, horrekin batera, baita salmentak ere. Hego Euskal Herrian 31.945 auto matrikulatu ziren iaz: urte bat lehenago, hau da, konfinamenduen urtean baino 6.697 gutxiago (-%17,3).

Bigarren urtez jarraian, salmentak oso urrun daude pandemiaren aurreko kopuruetatik. 2019ko datuekin alderatuta, %37,6 gutxiago izan ziren 2021ean: 19.267 auto gutxiago. Eta kolpea 2020koa baino handiagoa izan da: %24,5ekoa izan zen orduan. Azken hamar urteetako salmenta daturik txarrenak dira. Badago, halere, datu deigarri bat: aurreneko aldiz motor hibrido eta elektrikoko auto gehiago saldu dira dieselekoak baino.

Autogintza da osasun krisiaren ondorio ekonomikoak gehien nabaritzen ari diren sektoreetako bat. Herritarren kontsumo ahalmena eta egoera ekonomikoa zer-nolakoak diren neurtzeko adierazle nagusietako bat ere izaten da. Gobernuek auto berriak erosteko eta autoen parkea berritzeko Renove planak indartu dituzte azkenengo bi urteetan, baina ez dute balio izan kolpea leuntzeko, ez behintzat saltzaileen arabera.

Bezeroak hainbat arrazoirengatik urrundu dira saltokietatik. Nagusiak, kontzesionarioen elkarteek diotenez, produkzioarekin dauka lotura. Osagaien eta, bereziki, mikrotxipen edo erdieroaleen faltak eragin du bost eta zortzi hilabetera arte atzeratzea hainbat modeloren ekoizpena; bezeroek denbora hori itxaron behar dute autoa jasotzeko, eta, horregatik, hainbatek atzera egin dute erosketan.

Ikusi gehiago. Javier Bagues, Gipuzkoako Automozio Elkarteko presidentea: Ā«Laguntzek ez dute erakarri bezerorikĀ»

Modeloen faltarekin lotuta, beste arrazoi bat ere badago, saltzaileen arabera. Ekoizleak motor alternatiboko autoak hibridoak eta elektrikoak lehenesten ari dira, horiek merkaturatzen dituzte aurrena, eta bezero ugarik oraindik ere zalantza asko dituzte auto horiek erosteko orduan. Matrikulazioaren datuek erakusten dutenez, baina, gero eta gehiagok egiten dute urrats hori, merkatuan gasolinako eta dieseleko auto gutxiago daudelako, eta Renove planen bitartez diru laguntza erakargarriak ematen direlako motor alternatiboko autoak erosteko.

Arrazoia edozein dela ere, 2021ean aurreneko aldiz auto hibrido eta elektriko gehiago erosi ziren diesel motordunak baino; halako bi baino gehiago izan dira: iaz, diesel motorreko 5.158 auto saldu ziren; alternatiboak, berriz, 12.003, hibridoak bereziki. Urte batetik bestera hamabi puntu igo da auto horiek Hego Euskal Herriko merkatuan duten pisua: saldutako hiru autotik bat da elektrikoa edo hibridoa. Alternatiboen igoera ez da gertatu soilik dieselekoen kaltetan. Gasolinako autoak nagusi dira gaur egun, baina azkenengo bi urteetan ia 20 puntu jaitsi da merkatu kuota.

Zerga berriak, prezioak gora

Auto berrien prezioa igo izana da salmenten jaitsieren beste arrazoi bat. Pandemiak eragindako ziurgabetasunagatik eta prezioen igoera orokortuagatik, askok baztertu egin dute auto berria erosteko egin beharreko inbertsio handia: 19.341 euro, batez beste.

2022rako aurreikuspenak ere txarrak dira sektorearentzat. Saltzaileek diotenez, produkzio arazoek urteko lehen seihilekora arte iraungo dute gutxienez, eta 2024ra arte ez dute espero pandemia aurreko salmenta kopurura heltzea. Urte berriarekin batera, gainera, karbono isurien zerga berria indarrean sartu da; horrek batez beste 1.000 euro garestituko du auto berrien matrikulazioa. Espainiako Gobernua iaz zen zerga ezartzekoa, baina urtebeteko atzerapena ezarri zuen, Kongresuak eskatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.