Koronabirusa

«Orain, gure artean dago»

Orain dela astebete pasatxo arte, COVID-19a atzerrian kontaktuak zituzten pertsonen gaitza zen; errotik aldatu da egoera. Hemen da birusa, eta berritu egin behar dira hari buruzko jakingarriak.

arantxa iraola
2020ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Atzerri urrunetan zeuden orain dela gutxira arte COVID-19 eritasunaren sorburuak, eta, halaxe, soilik herrialde horietan ibilitako pertsonek edo gero haien aldemenean egondakoek— ibili behar zuten erne. Era horretan, ahalegina egin nahi zen, nolabait ere, birusari arrastoa jarraitzeko, haren adarrei erreparatzeko, baina mataza nahasi bat da gaur egun, kontrolaezina. «Orain, transmisio komunitarioa gure artean dago», onartu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko irakasle Miren Basarasek. Argi utzi du hori Gasteizen gaitzak izan duen bilakaera bizkorrak eta gero beste hainbat tokitan ere zer abiadatan hedatzen ari den ikusteak. Berritu behar dira gaitzari buruzko jakingarriak:

Edonora hel daiteke

Instituzioek emandako lehen irizpideak atzerrian ibilitako pertsonentzat izan ziren: haiek egon behar zuten sintomen adi. «Orain, ordea, guztira hedatzen ari da», onartu du Basarasek. Test bat egitea ezinbestekoa da sintomak COVID-19aren ondorio diren jakiteko, eta osasun sistemek orain ezin diztuzte horretarako eske guztiak erantzun. «Hain justu, Espainiako Osasun Ministerioak emandako azken irizpideetan jartzen du soilik sintoma larriak dituzten pertsonei egiteko testa», azaldu du Basarasek.

Jakin gabe ere,neurriak hartu

Oso oldarkor agertzen ez badira, gripearen edo hotzeriaren oso antzekoak dira sintomak; eztula, sukarra, nekea... Inork halakoak baditu, eta test baten bidez koronabirusaren ondorio direla baieztatu ezin badu ere, komeni da aparteko neurri batzuk hartzea, badaezpada ere. Batetik, «garbitasun neurriak» indartu behar dira: esaterako, gaixo dagoen pertsonak bere sukaldeko tresnak erabiltzea komeni da, garbitasunerako ere aparteko toallak-eta erabiltzea, eta produktu desinfektatzaileak erabiltzea etxea garbitzeko, lixiba-eta. Ahal duen guztietan, halaber, kontuz ibili behar du etxeko gainerakoekinharremanak izatean, eta maskarak erabiltzea ere komeni da.

Sintomak hasi aurretik ere transmititu daiteke

Instituzioek orain arte eman dituzten irizpideetan nabarmendu dute, oro har, aparteko neurriak hartzen hasteko unea markatzen dutela sintomek. «Izan ere, sintomak daudenean, birusak kutsakortasun handia du», adierazi du Basarasek. Onartu du, ordea, gaixoa sintomak izaten hasi aurretik ere egon daitekeela transmisioa: «Baina maila baxuago batean».Eta badira gaixo asintomatikoak ere: «Txinan ikusi dute hori». Horregatik komeni da herritar guztiek hartzea aparteko neurriak, sintomak ez badituzte ere, eta herritar guztiak ahalik eta gutxien mugitzea etxeetatik.

Lehen sendatuen datuak heldu dira

Koronabirusa gaitz larria da zenbaitetan, baina gehienetan sendatu egiten da. Argi printza bati izan ziren atzo, amaraun ilun batean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sendatuei buruz emandako datuak. Bederatzi pertsona dira: bost gizon eta lau emakume. Euskal Herrian gaitza gainditu duten lehen pertsonak dira. Adin tarte guztietako pazienteak daude. 21-40 urte adin tartekoak dira bi;bost, 41-65 bitartekoak; beste bat 65-70 tartean dago, eta 76-80 urte arteko multzokoa da azkena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.