Presioa bi norabideetan

EAJk eta EH Bilduk espetxe politikan «ausartago» jokatzeko eta «aitzakiak» uzteko eskatu diote Sanchezi Kongresuan. PPk eta Ciudadanosek gogor hartu dute Espainiako gobernuburua

enekoitz esnaola
2018ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu berriak gaur hilabete iragarri zuen espetxe politika berria, RTVEri emandako elkarrizketa batean, eta ekainaren 27an Kongresuan kazetariekin izandako solasaldi «informal» batean zioen gaixo dauden euskal presoak eta 70etik gora dituztenak hurbilduko lituzketela lehendabizi. Oraindik ez dute alerik mugitu, eta mugitzeko eskatu diote Aitor Esteban EAJko diputatuak eta Marian Beitialarrangoitia EH Bildukoak. Aldiz, PPk eta Ciudadanosek estu hartu nahi izan dute aurrerapausorik eman ez dezan. Sanchezek Kongresuko saioan berretsi du ETA desegin ostean berriro pentsatu behar dela kartzela politika, eta hitzeman du planteamendu berri oro publikoa izango dela.

Estebanek eskatu dio uzteko «konplexuak», eta animatu du «mugitzera eta espetxe legedia betetzera»; «azken batean, pausoak ematera, garrantzitsua izango delako Euskadin elkarbizitza hobetze aldera». Beitialarrangoitiak «hitz gutxiago eta ekintza gehiago» egiteko eskatu dio; «zertan geratzen gara? Legea erabiliko al duzue? Salbuespen politika bukatuko? Gradu progresioa ukatuko? Utzi aitzakiak».

Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak Onda Vasca irratiko elkarrizketa batean iragarri du balitekeela laster etortzea euskal presoen aurreneko gerturatzeak, eta ziurtatu nahi izan du gobernua «horretan lanean» ari dela. Anduezaren arabera, bada lehentasun bat: «Preso gaixoak daude, eta nabarmena da lehentasuna emango litzaiekeela. Uste dut ez dela denbora asko pasatuko haiek gerturatzeko». Larri dauden hogei euskal preso daude gaur egun Espainiako Estatuko kartzeletan. Hainbat medikuk eta abokatuk aurreko astean esan zuten Espainiako Estatuko legea beteko balitz ehun bat euskal presok aske beharko luketela.

Alfonso Hernando PPko diputatuak eta Albert Rivera Ciudadanosekoak gogor hartu dute Sanchez Kongresuko saioan. «Moncloako alokairua ordaintzeko ETAko presoei pribilegioak eskaintzea erabaki baduzu, etorri eta azaldu ezazu. Betiko tokian gaude gu: pribilegio bakar bat ere ez; justizia eta duintasuna», esan dio Rivera Ciudadanoseko presidenteak. Hernandoren arabera, gobernuburuak «bere bazkideekin trukerako txanpon gisa» darabil espetxe politika, eta eskatu dio erretiratzeko euskal presoen hurbilketan EH Bilduri egindako «kontzesioa». «Espainiarrei azaldu behar diezu, Sanchez: barkamena eskatu ez duten, justiziarekin kolaboratu ez duten etadamutu ez diren presoak eramango al dituzu euskal espetxeetara? Espetxe eskumena igorriko al duzu? Graduak hobetzea ahalbidetuko al duzu?».

Sanchez, minduta

Sanchezek erantzun du ez zaizkiola «justuak» iruditu PPk eta Ciudadanosek espetxe alorrean egindako kritikak, eta gogoratu du Jose Maria Aznarren (PP) gobernuak gerturatu zituela euskal presoak. «Gobernuak orduan PSOEren isiltasuna eta leialtasun instituzionala izan zuen». «Demokraziak talde terrorista garaitu» duela azaldu du, eta ETAren desegitearen ondoren ezin direla «demokratak zatitu».

Estebanek ere oroitarazi du ez dagoela Espainiako Gobernurik «presoekin hitz egin ez duenik». Hala ere, EAJko diputatuak nabarmendu du azkeneko urteetan emandako mugimendu apurrak epaileen erabakien ondorioz iritsi direla, ez gobernuen politiken ondorioz. «Mariano Rajoyk ez zuen nahi izan urratsik egin eta legedia bete. Guk eskatzen duguna ez da legedia urratzea, ausartagoa izatea baizik». Sanchezek EAJko diputatuari ihardetsi dio «normalizazioaren» alde eman nahi dituela pausoak, «biktimei eta haien memoria erabateko errespetua izanik».

Andueza Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak iritzi dio «aukera» sortu dela ireki den «garai politiko berrian» elkarbizitza «sendo» baterako oinarriak jartzeko, eta gaineratu du PSOEk horrela ulertzen duela. Ildo horretan jarri du espetxe politika aldatzeko erabakia. «Preso horien gizarteratzeak, eragindako mina aitortzeak eta Eusko Legebiltzarraren lantaldean garatzen ari diren politikek etorkizunean elkarbizitza sendo bat izatea ahalbidetuko digute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.