Bilboko kaleetara, ostera ere

Sarek manifestazio bat egingo du Bilbon urtarrilaren 11n, euskal presoen eskubideen alde. «Espetxe politika aldatzeko beharra» plazaratuko dute. «Urrats gehiago» eskatu dituzte, «premiazkoa» delako

Manifestazioaren aurkezpena, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Urte berriarekin batera, manifestazio bat egingo du Sarek Bilbon, euskal presoen eskubideen alde. Oraingoak, baina, esanahi berezia hartuko du: Sareko bozeramaile Joseba Azkarragak eta Arantza Aldezabalek gogorarazi dutenez, Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak egingo dituzte aurki, eta horrek esan nahi du epe motzean gobernu berria egongo dela Espainian. «Berriro plazaratu behar dugu espetxe politika aldatzeko beharra, irmo plazaratu ere, euskal erakundeetan hartutako zenbait erabakik ematen diguten babesa baliatuta», azaldu dute. Manifestazioa urtarrilaren 11n egingo dute, 17:00etan, La Casilla plazatik abiatuta.

Sarek uste du gaur egungo gizartean mobilizazio soziala dela «tresnarik eraginkorrena gehiengoak lortzeko, gizartea aktibatzeko eta aldaketa garrantzitsuak erdiesteko». Horregatik, mobilizazioari eutsi nahi diote, eta «espiritu hori euskal gizartean zabaldu». Urtarrilaren 11ko manifestazioari dagokionez, hura «iraganaren eta etorkizunaren arteko etena markatuko duen inflexio puntua» izatea nahi dute.

Azkarragak eta Aldezabalek esan dutenez, azken hilabeteotan Frantziako Gobernuak «mugimendu esanguratsuak» egin ditu espetxeen arloan, eta espero dute hori «eredu» izatea Espainiakoarentzat.

Izan ere, Sareren aburuz, Espainiako Gobernuak orain arte egindako urratsak «gutxi eta txikiak» izan dira: «Preso batzuk, gutxi, hurbilago dauden espetxeetara ekarri ditu; baimenen bat eman du, eta zerbait humanizatu du gaixotasunak dituzten preso batzuen egoera». Sareren ustez,«erritmoa» aldatu behar da; «ausardia» eta «urrats gehiago» eskatu behar dira, egoera «premiazkoa» delako.

Sareren bozeramaileek esan dute bertan behera utzi behar dela salbuespeneko espetxe politika; haien ustez, politika horrek ez zuen zentzurik aplikatzen hasi zirenean, baina are gutxiago ETA desegin ostean. «Estatuak ez dauka orain arazo bat existitzen ez den banda batekin; arazoa, orain, gizartearekin du», azaldu dute.

Bizikidetza ardatz

Sarek espero du urtarrileko manifestazioa, euskal presoen giza eskubideen defentsan aurrerapausoa izateaz gain, «bakea, justizia eta bizikidetza ardatz dituen gizarte bat» lortzeko ekarpena ere izatea: «Erronka horrek ezberdinen arteko gune berriak sortzeko eskatuko digu, besteari entzutea, besteen bizipenak eta mina partekatzea, oinarri sendo bat lortzea: onarpena, errespetua eta enpatia».

Sarek «aro berria» zabaldu nahi du, «etorkizun hobea lortzeko ateak» irekiko dituena; «hamarkadetako sufrimenduaren ondoren, guztiok merezi dugun aroa», zehaztu dute. Autokritikaren beharra ere nabarmendu dute, eta «memoria guztiak» kontuan hartzekoa, «etorkizuna denon artean» eraiki ahal izateko.

Manifestazioaren aurkezpenean zenbait pertsona ezagun egon dira Azkarragarekin eta Aldezabalekin batera: Felix Cañada abokatua, Ramon Zallo eta Zesar Martinez EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak, Sara Majarenas preso ohia, Ane Zabala eta Galder Perez kazetari eta aktoreak, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.