Peio Etxeleku. Euskal Hirigune Elkargoko hautetsia

«Pisua izan nahi dugu erabakietan, zatitu gabe»

Euskal Hirigune Elkargoan ikusten dituzten «akatsak» konpontzeko «kontsentsuak» lortu nahi ditu Etxelekuk talde politikoa sortuta. Baina «gehiengoak mugitu» daitezkeela dio.

Peio Etxeleku, lehen planoan, Elkarrekin Herriarentzat taldearen aurkezpenean. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Heleta
2022ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Heletan (Nafarroa Beherea) duen gasnategian eman du hitzordua Peio Etxelekuk (Donazaharre, Nafarroa Beherea, 1974), asteartean. Kanboko (Lapurdi) hautetsi, Errobi lurralde eremuko erreferente eta EAJren Ipar Buru Batzarreko presidenteak atzo bidali zion gutuna Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariari, jakinarazteko 44 hautetsik Elkarrekin Herriarentzat talde politikoa osatu nahi dutela —joan den astean aurkeztu zuten—. Elkarrizketa hasi aitzin, mahai gainean duen txosten mardula erakutsi du: «Hau da irakurri behar duguna, anexorik gabe». Joan den ostiralean eskuratu zituzten bihar eztabaidagai izanen dituzten deliberoen ehunka orrialdeko dokumentuak; legeak baimentzen duen mugan. «Hor badira milioika euro».

Zertarako talde politiko bat?

Barne araudiak parada eskaintzen duelako. Gure artean debate, azterketa eta proposamen gune egituratu bat sortzen badugu, hautetsi rola hobeki eta osoki betetzen lagunduko gaituela uste dugu. Badugu nahikari baikor eta proposamen egile bat, baina baita begirada kritiko bat ere hirigune elkargoaren ibilbideari buruz: gehiegizko zentralizazioa dagoela, erabakiak biziki esku gutxitan eta debate gutxirekin hartzen direla; inbertsioei buruz gardentasun falta sentitzen dugu, eta lurraldeen arteko desoreka, txikitu ordez, indartu dela uste dugu.

Zergatik orain?

Primaderan hasi ginen taldea osatzen, eta handituz joan da irizpide komunak genituen hautetsiekin. Kontsideratzen dugu gaizki izendatua izan den «lurralde proiektu» horren onartzean herriak bereziki, baina lurralde batzuk ere, ez direla aski kontuan hartuak izan. Gehiago da egiten diren ekintzen katalogo zehatz bat; ez baitezpada hemendik 15 urterako [Ipar] Euskal Herria marrazten duen anbiziozko dokumentu bat. Sei urte ditu elkargoak; lehen bilana egiteko beharra sentitzen dugu. Nahikari bat dugu: lurralde proiektu bat berriz diseinatzea, eta hori gauzatzeko beste gobernantza modu bat eta egiturarentzat beste antolaketa bat.

Zer funtzionamendu duzue?

Nahiko kolektiboa. Aski erregularki biltzen gara. Ukanen ditugula bi ardatz: epe ertain eta luzerako gure proposamenak lantzea, eta aurkeztuko zaizkigun gaiak elkarrekin aztertzea. Ez dugu aurreikusten derrigorrezko botorik edo posizio finkaturik hartzea. Bakoitzak bere libertatea izanen du, bai bozkan eta bai adierazpenetan.

Zein da taldearen helburua?

Arrangura berak zituzten hautetsiak batzea, eta proposamen zehatzak lantzea elkarrekin. Talde horren bidez, giza baliabide batzuk lortzea gure erabakiak hobeki prestatzeko. Ahalaz, erabakiak eraikitzeko gaurko gobernuarekin. Ez gara oposizio edo leku hartze nahi batean, zinez.

«Gu» diozu. Alta, zu joan zara hautetsiak ikustera, zu ari zara elkarrizketak ematen hedabideetan... Zer leku du Peio Etxelekuk talde politiko horretan?

Rol aktibo bat, beste batzuek bezala, zinez. Zinez. Nahiko independentea naiz ene pentsamenduetan. Gauzei so egiten diet ene beste munduetako esperientziarekin. Eta, lurralde honi diodan atxikimendua eta hirigune elkargoaren sortzean izan nuen militantzia kontuan hartuz, uste dut merezi duela beste ikuspegi bat, eta demokrazia mailan beste egiteko molde bat. Beste antolakuntza iturri batzuei inspiratuz, bai hurbiltasunean eta bai efikazian irabazten ahal duela uste dut. Bakartua zarelarik, zure basamortuan bakarrik aldarrikatzen duzularik, ez da emaitza anitzik lortzen. Ohartu gara bereziki batzorde iraunkorrean ginen hautetsi batzuek ikuspegi berdintsua genuela. Horregatik diot «gu», hastapenetik taldetxo bat ginelako. Bataren eta bestearen ezagutzak baliatuz dugu lehen sare hori osatu.

Nor zineten?

Anne-Marie Nadaud, Laurent Intxauspe, Francis Dagorret, Arño Gastanbide hastapenean —baina EH Bairekin joan da—, Pierre Eiherabide eta Xavier Lacoste.

Diozunez, 70 hautetsi inguru lirateke zuen taldearen inguruan. 40 bat biltzen dira EH Bairen inguruan...

Erdiak... [Atzo aurkeztu zuten Bil Gaiten taldea, 27 hautetsik].

Badira Frantziako ezkerreko alderdietakoak ere...

Dozena bat...

Zenbakiak ongi dakizkizu. Zer dio zure kalkulagailuak?

Lurralde honen ordezkaritza ez da alderdiei loturiko ordezkaritza.

Zenbakiez ari gara, hautetsi kopuruaz. 232ren erdia 116 da. Zer dio zure kalkulagailuak?

Ez dakit zer erraten duen. Ez du horrela funtzionatzen gaur egun. Ez du blokeka funtzionatzen.

Baina gehiengoka bai.

Gehiengoak mugitzen dira. Biziki. Nik horrela hautematen dut hastapenaz geroztik.

Eta mugitu nahi dituzue?

Guk nahi dugu erabakietan pisua izan. Hara. Zatitu gabe.

Pisatzeko, gehiengoa behar da.

Edo, sentsibilitate eta lurralde berezitasun ezberdinak kontuan hartuz, eraiki, elkarrekin. Orain arteko metodoa kontsentsua bilatzean oinarritzen zen. Segur aski ezagutu ditu, noiztenka, klientelismotzat izan dituen akats batzuk. Eta badira erabaki batzuk dudak ekartzen dituztenak. Baina ez du erran nahi gaur egun lurraldeko hautetsiek orokorki, eta gure taldekoek bereziki, ez dutela hala ere entseatu nahi kontsentsua bilatzen duten erabakiak aurkitzen. Horrek erran nahi du bloke enfrentazioko fase batean sartu aitzin segur aski saiatuko garela, saiatuko direla, espero dut, gaur egun gehiengoarentzat ardura bozkatu dutenak ere, erabaki politikoenak edo estrategikoenak elkarrekin lantzen. Nik pario hori egiten dut. Inuxentea baldin bada ere.

Norekin lortuko dituzue gehiengoak?

Ikusiko da zer erabaki den. Egiazki, ezin da erantzun horrela. Ikusi dugu, gai batzuk minberatsuak eta inportanteak zirelarik, gehiengo zabalak lortzen ahal ez zirelarik, bi alde agertu direla. Pentsatzen dut bereziki itun fiskal eta finantzarioan. Normalki, horrelako itun mota bat kasik aho batez onartua izan beharko litzateke gurea bezalako erakunde batean. Hainbeste du egituratzen herrien eta hirigune elkargoaren arteko harremana, askoz ere indar gehiago hartzen baitu kontsentsuz egina bada. Aldi horretan ez da hala izan.

Kontsentsuaren bidez ezin bada zuek nahi dituzuen aldaketetara iritsi, gobernantzaren punta, hau da, lehendakaria ere aldatzea plantea zenezakete?

Ez gara horretan. Ez gara ikuspegi horretatik ari... egia... gaur egun.

Lehendakari egokia da, beraz, gaur egun Etxegarai?

Puntu komuna da, hasteko. Komunena. Hautagai bakarra izan da, eta, beraz, hautatua izan da. Nahi diot eskaini leialtasunez, eta lurraldearen interesa gain-gainetik ezarriz, elkarrekin lanean hartzea lurraldearentzat. Onartuz behar direla zuzenketa batzuk egin, bai gure barne egituran, eta baita orain arte onartuak eta martxan ezarriak izan diren inbertsioetan eta ekintzetan ere. Eta hemendik agintaldi bukaerara, gelditzen zaizkigu hiru urte pasa; oraindik bide luzea da; hautu egituratzaileak hartuak izaten ahal dira lehen faseko ibilbidearen akatsak zuzentzeko.

Luzatzen diozun eskua onartuko ez balu, bere lekua hartzeko hautagai zinateke?

Optimista naiz ni.

Baliabideak nahi dituzue. Posible ikusten duzu biltzarrak onartu ditzan?

Lehen erabaki esanguratsu bat izanen da, hasteko. Aipatu dugu nola halako egitura handi batean zaila den profesionalak ez garen hautetsientzat gure erabakiak lantzea eta gure gogoetak oinarritzea. Uste dut demokraziaren osagarriarentzat beharrezkoak direla baliabide horiek. Eta horretaz ez badugu gehiengo bat konbentzitzen ahal, pixka bat beldurgarria izaten ahal da, hala ere, hirigune elkargoaren funtzionamendu demokratikoarentzat.

Biltzarrak onartuko ez balu, beste biderik izaten ahal duzue kolaboratzaile bat lortzeko?

Hautetsi bakoitzak bere soldataren parte bat ezar lezake. Baina, hautetsi xume zarelarik, gutxi gorabehera bideko gastuak estaltzen ditu. Hirigune elkargoak emanen ez baligu, ez genuke baliabiderik, eta taldearen aktibitatea biziki murriztua litzateke.

EAJk ordain lezake langile bat?

Ez. Argi da ez dugula alderdi bati lotuak izan nahi.

Eta Peio Etxelekurentzat ordain lezake?

EAJk ordaintzen ditu EAJrentzat. Gaur egun duen egitura du Iparraldean, ez du aldatzekorik.

Zer begirada du Sabin Etxeak honi guziari buruz?

Begirada oso interesatua. Hurbil-hurbiletik jakinean da, ene ahotsaren bidez. Uste dut alderdiko hautetsien jokabide komuna—gutxi gara, baina bide beretik goaz; ez da kasua beste alderdi guzientzat— begi onez ikusten duela. Gure rolean eta gure kulturan gaude. Indar ezberdin batzuk biltzea, kultura federalistago bat proposatzea, eta martxan ezartzen saiatzea gure instituzioetan. Eta, orokorki, diru publikoak erabilpen efikazagoa eta lurraldeari dagokionez orekatuagoa izan dezan lan egitea.

Talde politikoak EAJ indartzeko balio izan dezake?

Ez du hori helburua. EAJko hautetsiok, lehenik, ahal bezain eredugarri izan nahi dugu gure ibilbidean, inspirazio iturri gisa ager dadin beste hautetsientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.