Hilberria

Herriak agurtu du Etxebehere

Sorterrian egin diote azken agurra Graxi Etxebehereri, Ortzaizen. Ehunka lagun bildu dira haren ibilbidea goraipatzeko, eta Euskal Herriari «eskuzabaltasunez dena eman» dion emazte gisa oroitu dute. 72 urte zituela hil zen, asteartean, luzaz minbiziaren kontra borrokatu ondoan.

Graxi Etxebehereren omenaldian hilkutxa hartu zuten momentua, atzo arratsaldean, Ortzaizen. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Ortzaize
2023ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Euskal herritar gisa, erritual propioak behar zirela uste zuen Graxi Etxebeherek. Hala uste zuen, eta hala egin du. Hil aitzin, bere agurtzeko omenaldia prestatua utzi zuen, eta horretan ere «eredu» izan da hurbilekoentzat. Sorterrian egin zioten omenaldia, Ortzaizen (Nafarroa Beherea), atzo arratsean. Elizan izanik ere, herri omenaldia egin zioten.

Eliza ttipi gelditu zen, eta barnean bezainbat jende zegoen kanpoan. Organoaren hotsarekin hasi zuten azken agurra, baina ez halakoetan ohikoa den doinu batekin, baizik En Tol Sarmiento taldearen Aukera berriak kantuarekin. Hurbilekoek haren hilkutxa sarrarazi, eta txalo zaparrada batekin hartu zuten denek. «Graxik nahi lukeena egin dezakezue, irri egin, begiak ireki, maitatu, eta jo aurrera». Hitz horiekin hasi zuten omenaldia. Segidan, Marc Ozafrain Ortzaizeko auzapezak hartu zuen hitza: «Ortzaizek bere enbaxadore bat galdu duela, horretan ez da dudarik».

Ibilbide oparoa baita Etxebehererena. Ofizioz, erizaina zen, eta, hurbilekoen arabera, «duintasunez eta maitasunez» aritu da lanean beti. Euskal Herriaren nazio askapenaren borrokan egin duen ekarpenagatik ere ezagutzen dute anitzek. ETA eta Iparretarrak erakundeetako kideak lagundu zituen, eta horregatik preso sartu zuten sei hilabetez 1992an.

Haren etxean egon zen, hain zuzen, Maddi —ez da egiazko izena, modu anonimoan mintzatu nahi izan baitu—, eta, gerora, adiskidetu ziren bi andreak. «Nire bizian oso inportantea izan da. Etxean gorde ninduen, eta momentu latzak bizi izan nituen, baina beti ondoan izan nuen», kontatu du. Laburbildurik, «emakume handi bat» zen harentzat. Haren etxean egon zen Jon ere —ez da egiazko izena, modu anonimoan mintzatu nahi izan baitu hark ere—: «Beti burua zuzen eta argi izan du. Abertzalea zen errotik, eta emakume sanoa zen, ez bakarrik militantzian. Beti prest zen arlo guzietan Euskal Herria aitzina bultzatzeko».

Kasurako, ospatu zuten lehen Nafarroaren Eguna antolatzeko lanetan ezagutu zuen Xan Leon Indart baigorriarrak. «Ikaragarrizko indarra zuen, eta osoki emana zitzaion bere gaiari, kulturan ere bai». Eta anekdota bat jin zaio gogora: «Negu osoan kontserba egiten aritu zen, Nafarroaren Eguneko bazkarian zerbitzatzeko».

Omenaldia musikaz segitu zuten, gaiteroak lehenik, eta denen artean kantuz arituz gero. Nafarroako jota bat ere kantatu zuten. Izan ere, harreman handia zuen Etxebeherek Hego Euskal Herriko jende anitzekin, batik bat Nafarroako adiskideekin.

Terexa Lekunberrik ere hitza hartu zuen, eta Etxebeherek erizaintzan egindako ibilbidea goraipatu zuen. Bi andreak herri berekoak ziren, eta operazio berean atxilotu zituzten, 2015ean; Terexa Lekunberri, Jeff Mateo, Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea atxilotu zituzten, eta, gero, Etxebehere ere atxiloturik egon zen. «Bakea nahi zuen herri bat laguntzeko harri ttipi bat ekarri» zuela erran zuen.

Historia egin du

Ezker abertzaleko politikari anitz ere joan ziren haren omenaldira. Kizkitza Gil de San Vicente Sortuko eledunaren ustez, «ikuspegi politikotik belaunaldi bat ordezkatu du, Euskal Herriari dena eman diona, eta Euskal Herriaren historiako emakume garrantzitsu bat da». Bide beretik, Josu Urrutikoetxeak «azken momentura arte dena eman duen» emazte baten gisan oroitu du.

Gabi Mouesca Iparretarrak erakundeko kide ohiak ere miresmen handiz oroitu du Etxebehere: «Zatiketen gainetik, edozein taldetakoa izanik ere, abertzale bat abertzale bat bezala ikusten zuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.