Koronabirusa

Zahar etxeetako errealitate berriak

Adinekoak zaurgarrienak izan dira pandemia garaian. Itxialdi luzeagoa jasan behar izan dute, eta senideek ziurtatu dute «une latzak» pasatzen ari direla. Gipuzkoako Aldundiari eskatu diote neurriak hartzeko.

Donostia
2020ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Garai «zailak» dira zahar etxeetan dauden pertsonentzat, baita haien senideentzat ere. Horren harira, elkarretaratzea egin zuten atzo goizean, Gipuzkoako Senideak taldeak deituta. Zahar etxeetako lan baldintzei konponbidea jartzeko eskatu zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari. Hogei lagun bildu ziren, eta ordu erdiko kontzentrazio zaratatsua egin zuten.

Elkarretaratzean zeuden lagunetako bi dira Izaskun Zuartegi eta Xabier Pierrugues Gipuzkoako Senideak taldeko kideak. Biek zahar etxe batean dute ama, eta, BERRIAri azaldu diotenez, egoera «zaila» bizitzen ari dira. «Oso kezkatuta» daude.Zuartegik dioenez, bere esperientzian oinarrituta, egoera berriak «ondorio oso larriak» sortu dizkio. Astean behin joaten da ama bisitatzera, eta adierazi du lehen une goxoak zituztela baina orain «momentu latzak» pasatzen dituztela. Hogei minutuko tartea edukitzen dute elkarrekin egoteko, betiere hiru metroko distantzia gordeta eta maskarak jantzita. Zuartegiren amak gorreria dauka, eta horrek asko zailtzen du komunikazioa: «Ez dit entzuten, ez dit ulertzen, eta horrek asko aztoratzen du».Gaitza zahar etxera iritsi ez den arren, osasunean ondorio latzak utzi dizkiela gehitu du Zuartegik: «Moteldu egin da, eta triste ikusten dut. Gure gertutasuna falta zaio». Zuartegiren ustez, fisikoki eta psikologikoki eragiten die egoera honek, eta «tristura handia» sortzen die. Egoera horri «konponbideak bilatzeko ordua dela» gehitu du.

Pierrugues ere antzeko egoeran dago. Duela hilabete batzuk baino «okerrago» dagoela adierazi du: «Orain ezin ditugu deiak ere egin; astean soilik 30 minutu dauzkagu amarekin egoteko». Irtenaldiekin ere «haserre» dago, eta pertsonen «oinarrizko beharrak» betetzeko eskaera egin du: «Badago jendea lau hilabetean behin bakarrik atera dena; ez da bidezkoa». Janaria ere aipatu du: leku batzuetan «debekatu» egin diete etxetik janaria eramatea, eta egoitzako janaria soilik jatera «derrigortzen» dituzte. Pierruguesek neurriak «lasaitzeko» eskatu du, «kalte handiak» sortzen ari direlako bestela.

Zuartegik eta Pierruguesek adierazi dutenez, egoitzetan «oso langile gutxi» daude, eta ezinezkoa egiten zaie pertsonen «oinarrizko beharrak» betetzea: «Berez, irteera terapeutikoak egin beharko lituzkete, baina langile gutxirekin ezinezkoa da». «Urte luzez» mahai gainean egon den gai bat dela salatu dute, eta Pierruguesek «behingoz arazoari aurre egiteko» eskaera egin dio aldundiari. Abuztuaren 15ean dute hurrengo elkarretaratzea, Donostian, Foru Aldundiaren jauregiaren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.