Jonathan Caro.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Erantzun ezin diren galderak

2021eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Euskal Herriko zahar-etxeetako erabiltzaile eta langile gehienek txertoa jaso dute jada. Espero dugu, beste herrialde batzuetan bezala, kutsatzeek beherapen ikusgarria izatea zaharrentzako egoitzetan. Itxaropen horrekin egunak pasatzen ditugu langileok, egoiliarrek eta hauen senideek ere bai. Emaitza horiek heltzen diren arte zalantzak gora eta behera ari dira beti zahar-etxeetan.

Zaintzaileen artean baditugu gure zalantzak. Pasa den martxotik COVID-19a saihesteko protokoloek etengabeko aldaketak pairatu dituztenez, adibidez babes ekipamenduen erabileran edo bisiten baimenak antolatzen dituzten aginduetan, gauzak ondo egiten ari garen ziurtasuna ez dugu inoiz izan. Gaur egun, txertaketa osatu denez, zalantza berriak suertatu dira: handituko ote da bisiten maiztasuna? Noiz arte egon behar da egoitzetako biztanleria sektoreetan banatuta? Zentzurik ba al dauka PCR probak langileei behin eta berriz egiteak?

Aipatutako bisiten maiztasuna handitzea familien buruhauste garrantzitsua da, baina ez da bakarra. Senideak beldurrez bizi ohi dira pandemia hasi zenetik; gainera, komunikabideetan zahar-etxeetako berri txarrak egunero entzutean pizten zaizkien zalantzak guztiz ulergarriak dira. Badira familia batzuk egoitzara joateko aukera ez dutenak, protokoloak, beren osasunak edo bizilekuen distantziak baimentzen ez dutelako, eta senide hauei informazioa ematerakoan mesfidantza nabaritzen zaie askotan. Nahiz eta haien aita edo ama ondo egon eta guk informazioa argi eta garbi eman, familiak kezkatuta geratzen dira; telefonoz emandako informazio ona berrietan entzundakoarekin kontrajartzerakoan sortutako zalantza ulergarriak dira.

Azkenik, zahar-etxeetan bizi diren pertsonen dudak dira niretzat kudeatzeko zailenak. Pertsona hauek egoera psikologiko estuan daude: alde batetik, konfinamendu mota berezi bat pairatzen ari direlako, eta, beste alde batetik, birusa egoitzan sartuko ote den beldur bizi direlako. Baina gizon eta emakume hauei kezka handiena eragiten diena beren familiaren egoera da. Oso zaila egiten zaie senideen osasunari, lanari edo egoera ekonomikoari buruzko berriak bitartekarien bidez jasotzea. Badakite askotan informazioa ezkutatzen edo biguntzen dietela babesteko asmoz; beraz, fede lan handia egin behar dute berri horiek sinesteko.

Zahar-etxeetako erizainok egunero aurre egiten diegu erantzun ezineko galdera askori. Erronka honetan zaharren, familien eta gure lankideen konfiantza mantentzeko benetako ahaleginak egin behar ditugu, galderak erantzuteko gai ez bagara ere, haiek prozesu hau hobeto kudeatzeko lagungarriak izateko behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.