Albistea entzun

Euskal Selekzioa. Jon Redondo. Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaria

«Bidea egiten ari gara ofizialtasunean»

«Akuilutzat» dauka Eusko Jaurlaritza ofizialtasuna lortzeko bidean. Federazioei laguntza ematen die, bidea urratzearen garrantziaz jabetzea nahi du, eta lortu da «zerbait». Gizartea «grinarik gabe» ikusten du.
MAIALEN ANDRES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Manterola Garate -

2022ko ekainak 19 - Donostia

Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzaren gela bateko horman, badira kirolari batzuen argazkiak, eta horrek salatzen du hor egiten duela lan Jon Redondok, Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariak (Orio, Gipuzkoa, 1979).

Zein da oraingo egoera ofizialtasunaren gaian?

48 federazio dauzkagu, eta batzuek lortu dute: herri kiroletakoak, mendikoak, boxeokoak, pilotakoak joko zuzenean, kayak surfekoak eta padelekoak. Eskaera egin dute eta erantzunaren zain daude halterofiliakoa eta surfekoa. Futbolean ezezkoa eman ziguten.

Zein daude eskaera aurkezteko pronto?

Igeriketa, eskrima, squasha, mahai tenisa, piraguismoa, automobilismoa eta xakea. Aurten egingo dituzte eskariak.

Erantzuna ematea kosta egiten zaie nazioarteko hainbat federaziori. Zergatik?

Bakoitzak bere estatutuak dauzkalako. Bere garaian, Eusko Jaurlaritzak hala eskatuta, agiri bat prestatu zen. Jakin nahi genuen nazioarteko federazio bakoitzaren estatutuetan zer jasotzen zen estaturik gabeko herrialdeak onartzeaz: estatua izatea ezinbestekotzat jotzen dutenak zein diren, eta horrela jotzen ez dutenak zein. Gero, kontuan izan behar da gure eskaera hauek enbarazu egiten dietela nazioarteko federazioei. Ez dira ausartzen baiezkoa ematen; txosten asko egin behar izaten dituzte.

Jaurlaritzak konbentzitu egin behar izaten ditu federazio batzuk eskaera aurkezteko?

Federazio batzuk eroso daude orain. Askok harreman zuzena daukate Espainiako federazioekin. Beti esaten diegu Jaurlaritza gisa ez dugula inolako arazorik Espainiako federazioekin hitz egiteko. Ofizialtasunaren bidean federazioei laguntza juridikoa, ekonomikoa eta teknikoaz gain aholkularitza ematea ere erabaki zuen Jaurlaritzak bere garaian. Akuilu lana egiten dugu. Bidea egiten hasteko eskatzen diegu.

Nola konbentzitzen dituzue?

Egoera azaltzen diegu beste federazioen eskaerekin, eta ikusten dute ez direla izango aurrenekoak eskaera egiten. Orduan beste begi batzuekin ikusten hasten dira.

Zenbat falta dira pausoa emateko?

30 bat federazio. Horiekin hitz egingo dugu berriz Jaurlaritza gisa. Ea konbentzitzen ditugun.

Gai hauek isilean eramatea komeni da?

Ez zaigu gustatzen eskaria egin baino lehen zabaltzea, behintzat. Isilean lan egitea nahiago dugu.

Komunikazio aldetik isiltasun gehiegi ez al dago?

Gure eginbeharra da ofizialtasunaren gaia, eta batzuetan uste dut ez ote den gure nahia bakarrik. Kalera begiratzen dut, eta, futbola ez bada, ez dut grina handirik ikusten. Iaz, gobernu gisa, nazioarteko hainbat lehiaketa antolatu genituen hemen, eta ikusten dugu ez dutela oihartzunik hedabideetan. Kirol txikiak dira, eta futbolak ez dauka konparaziorik besteekin, baina ematen du futbola ez denak ez duela batere balio. Adibidez, aurreko asteburuan, waterpoloko nazioarteko txapelketa batean izan zen emakumezkoen selekzioa Txekiako Errepublikan, hainbat selekzio ofizialekin. Hirugarren egin zuen.

Euskal gizarteak ez dio garrantzirik ematen, hortaz, ofizialtasunaren gaiari?

Gizartea lasaitu egin da. Apalduta gabiltza gai honetan, grinarik gabe. Beste aldagai bat da gure eskakizun maila. Futbolaren kasuan, adibidez. Ez gara estatua, eta horrek zailtasunak sortzen dizkigu, esate baterako, arerioak lortzeko. Gure futbol selekzioa ona da, eta ez dute gure kontra jokatu nahi, galtzeko beldurrez. Estatua ez den selekzio baten kontra ez dute galdu nahi. Joaten gara aurkari indartsuen bila, eta ez dute nahi izaten. Gizarte gisa ez dugu edozein kontrario nahi, eta, ona ez bada, ez gara joaten ikustera. Gure eskakizunaren eta errealitatearen artean tartea dago. Federazioa saiatu zen Argentina ekartzen, eta Gabonetan Txile erdi lotuta zegoen.

Nola berpiztu daiteke ofizialtasunaren grina gizartean?

Bi kontzeptu dauzkagu: bulegoetako lana eta zirimiria bezala egin behar diren egitasmoak; adibidez, txapelketak antolatzea hemen, eta ari gara. Kanpoan erakusteko, lehiakorrak garela ez ezik, antolatzeko gaitasuna ere badugula. Nazioarteko federazioetako zuzendaritzetan-eta gure kideak sartzen ere saiatu behar dugu.

Futbolean, TAAra (Kirolaren Arbitraje Auzitegia) joateko epea pasatzen utzi du federazioak.

Futboleko federazioari laguntza eman diogu, eta dakiguna da UEFAren eta FIFAren ezezkoen aurrean azterketa egin duela. Erabaki du TAAera ez joatea, eta gobernuak errespetatu egin behar ditu federazio guztien erabakiak.

Jaurlaritza ez dago federazioen gainetik?

Ez. Erakunde pribatuak dira, funtzio publikoa bete arren, eta diru laguntzak ematen dizkiegu. Nazioarteko federazioak ere halakoxeak dira. Frantziak eta Ingalaterrak edozein kiroletan jokatzen dutenean, adibidez, ez dira ari bi herrialde jokatzen; bi federazioak ari dira jokatzen. Nahasi egiten ditugu federazioak eta estatuak.

Jaurlaritza ados dago futboleko federazioak hartutako erabakiarekin?

Denon helburua da ofizialtasuna. Garbi dugu kirol batzuetan errazagoa dela besteetan baino. Estatua terminoa erabiltzen ez duten federazioetan errazagoa da. Onartzen dituzte kideak beren kirol jarduera kudeatzeko eskumena dutenak, eta guk badugu, Gernikako estatutuan datorrelako. Estatua izan gabe badira nazioarteko federazioetako kide direnak; 2014an, 49 nazio zeuden.

Espainiaren oztopoa bera da kirol guztietan?

Gure arazoa da Espainiak ez duela onartzen euskal selekzioak nazioarteko federazioetako kide izatea. Normaltasunez hartzen da munduan estatu ez diren nazioak federazioetako kide izatea. Baina Espainiak ez du ikuspuntu hori. Presioak egoten dira nazioarteko federazioetan, eta, Espainiak aldeko iritzia izango balu, errazagoa izango zen. Guk naturaltasunez ikusten dugu gaia, baina haiek ez.

Pedro Sanchezen inbestidurako itunean EAJk eta PSOEk ofizialtasunaz adostasuna lortu zutela zabaldu zen. Zertan da?

Tratua sinatu zela egia da, 11. puntua da, eta bidea irekitzen zaio ofizialtasuna lortzeari. Sinatuta dago, baina Euskadin daukagun sinaduren konpromisoa eta Madrilen dutena ez dira bera.

Zenbateko lehentasuna dauka Jaurlaritzarentzat ofizialtasunaren gaiak?

Gure zuzendaritzan, erabatekoa. Batzuetan esaten dugu bakarrik sentitzen garela. Akuilu izateaz ari naiz federazioen aurrean. Ari gara bidea egiten. Hainbat gauza lortzen dira, baina oihartzun handirik ez dute herrian.

Kirola politika ere bada?

Kirola izugarrizko tresna da zer zaren besteei adierazteko. Errugbia entzun, eta Zeelanda Berriaz akordatzen gara. Kirolak badauka herria saltzeko indarra. Sekulako zaletasuna daukagu, eta kirol asko, denetarik. Ez gara jabetzen txikiak garela, eta gure eskakizuna handiegia dela. Begira Itzuliak eta Klasikoa, herri txiki batean. Urtero egiten ditugu, eta ohitu egin gara. Sekulako balioa daukate, eta galtzen baditugu konturatuko gara zer galdu dugun bidean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Hondarribia, Urdaibai, Cabo eta Castro, Bermeon, 2003ko irailaren 20an, TKE ligan. ©RAUL BOGAJO/ FOKU

Bare bezain bizi

Aitor Manterola Garate

Traineruen Kluben Elkartearen (TKE) liga 20 urte ari da betetzen aurten. Arrauna «modernizatu» du, eragile batzuen ustez. Bide «okerretik», doa besteren aburuz.
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Indartsu ikusten dut neure burua uda honetarako»

Pettan Uralde

Gernikako Grand Slama irabazi berri du Imanol Lopezek. Hirugarren aldia du, eta bigarrena Jean Olharanekin aurrelariarekin batera. Udako sasoia ongi moldatzen da puntista zumaiarra. «Gustura» ari da.
Asier Martinez, garaipena ospatzen, atzo. ©RFEA

Mugarriz mugarri dabil

Julen Etxeberria

Asier Martinezek urrezko domina irabazi du Europako Txapelketan
Alex Aranburu, garaipena ospatzen, atzo. ©MOVISTAR

Alex Aranburuk Limousinen irabazi du, eta lider jarri da

Berria

Movistar taldeko txirrindulari gipuzkoarra azkarrena izan da esprintean. Denboraldiko lehen garaipena du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...