Alemaniako hauteskundeak. Elkarrizketa. Mely Kiyak. Kazetaria eta idazlea

«Bere izaerak bilakatu du Merkel menderaezin, eta ez bere politikek»

Alderdiek errefuxiatuen aferari eskaini arretak beste hainbat mintzagai ahaztea eragin duela salatu du Kiyakek. Eslogan errazez jositako mezuak Alemaniako eztabaida publikoaren pobretzearen erakusle direla deritzo.

Danel Agirre.
Berlin
2017ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Kanpainan gehien errepikatu den hitzaren —integrazioaren— inguruan grabitatu ohi izan dute, zentzu zabalean, Mely Kiyaken (Sulingen, 1976) liburu eta antzezlanek. Alemaniako egunerokoan txertatutako arrazakeriari, feminismoari eta ezkerrari buruzko dogmetatik urruneko bere ikuspegiek estimatu bilakatu dituzte Kiyaken prentsako zutabeak, eta irakurleria leiala bildu du. Die Zeit astekarian eta Deutschlandradio Kultur irratian dabil egun, besteak beste.

Errefuxiatuek monopolizatu dute ia kanpaina osoa. Mugez-bai fisikoez eta bai Alemaniak har ditzakeen etorkin kopuruez- eta integrazioaz aritu dira alderdiak. Giza eskubideez ez, ordea.

Alemanian —eta beste herrialdeetan ere bai, ziur asko— giza eskubideak oso garestiak diren ustea zabalduta dago. Epe laburrean hala da, gainera: dirua inbertitu beste aukerarik ez dago errefuxiatuak integratzeko. Irakasle gehiago eta etxebizitza eta azpiegitura berrien beharra ere badakar, ordea, horrek. Lanpostuak sortu ditu. Epe luzera, giza eskubideak errentagarriak dira moralki eta ekonomikoki. Beti.

Errefuxiatuen aferak hartu duenpisua dela eta, gai garrantzitsu asko ukitu ez diren sentipena utzi die hainbati hauteskunde kanpainak.

Errefuxiatuen inguruko politika gai garrantzitsua da. Errefuxiatuez berba egin nahi duenak klima aldaketa, armen esportazioa edota ekoizpen ekonomikoaren ondorioak mahai gainean ipini behar dituelako. Tamalez, gobernu koalizioak nahiago izan du aferaz beste modu batean jardun zedin, AFDri agertokia libre utzita.

Integrazioaz aritu dira hautagaiak. Baina errefuxiatuak ez dira Alemaniara azken 50 urteetan iritsitako lehenbiziko etorkinak.

Ez dago gizarte bakar bat munduan iheslari eta erbesteratuak bere ikuspegi propiotik ezagutu ez dituena. Eskuzabaltasuna eskatzen du eskarmentu hori aintzat hartu eta iheslaria etxean jaso eta babestearen erantzukizuna nork bere egiteak. Gainontzekoan, eskuzabaltasuna eta elkartasuna sustatu al daitezke? Ni ez nago ziur erantzunaz.

Martin Schulzek dio Angela Merkelek ez duela gai askotaz eztabaidatu nahi izan. Ekainean, «demokraziaren aurkako erasoa» egotzi zion, plaza publikoko debatea saihesteko kantzilerrak duen joeragatik. Merkel izan al da interes gutxiko kanpaina bizi izanaren erruduna?

Eduki politiko eta mamitsuak baztertzen doaz pixkanaka, mezu erraz eta motzen alde. Esloganekin bakarrik hitz egiten digute dagoeneko, xaboia edo tomate frijitua saldu nahiko baligute bezala. Alemanian, alderdi guztiei eragiten die honek. Intelektualen ahotsen hutsunea nabari da, hizkuntza hau aztertu, eta aktore politikoak diskurtso jasoago batera bideratzeko, non pentsamenduak rol zentrala izango duen. Modaz kanpo geratu da gogoeta Alemanian, zoritxarrez.

Badirudi Merkel menderaezina dela. Nola lortu du?

Bere izaera xume eta erostezinarekin. Helmut Kohl eta Gerhard Schroederren urteen ondoren, horrelako ezaugarriekiko irrika zegoen Alemanian. Hautesleek ez dute bere politikengatik saritzen, bere izaeragatik baizik.

Kantzilerrak dio «ez dakiela» feminista den ala ez. Demokristauek 309 eserleku izan dituzte Bundestagean azken legealdian, horietatik 79 emakumeek betetakoak. Alderdiaren hautesleriaren %55 andrek osatzen dute, ordea. Galdutako aukera bihurtuko ote da Merkel emakumeen eskubideen kausan?

Ez da komeni ahaztea: kantzilerrarekin, emakumeen kuota %100ekoa da Alemaniako politikaren lidergo postu gorenean. Merkelek ez dio zertan bere buruari feminista deitu. Nesken belaunaldi oso bat dator Alemania emakume batek gidatutako herrialde moduan bakarrik ezagutu duena.

Die Zeit astekarian alderdien kanpainako afixak iruzkindu dituzu. CDU/CSUrenak Ongi eta gustura bizi garen Alemania batengatik dio. Zergatik ez du lortu Martin Schulz sozialisten hautagaiak mezu horri buelta eman eta justizia sozialaren gaia garrantzitsuago bilakatzea?

Martin Schulz kantzelaritzarako presazko hautagaia da. Azkar prestatu behar izan zuen, beste inork ez zuelako aurkeztu nahi.Gainera, Schulz Alemaniako funtzionario politikoaren prototipoa ere bada, azken hamarkadetan bileratik bilerara ibili besterik egin ez duena. Horrelako biografia duen norbaitentzat justizia soziala kontzeptu abstraktu bat da, bere errealitatearekin inongo harremanik ez duena. Hau beste hainbat politikariren kasua ere bada, noski.

Hezkuntza, Europa, alokairuek azken urteetan izan duten gorakada nabarmena... Kanpainan azaldu ere egin ez diren gaiak dira.

Hala da. Benetako diskurtsoa eta egitasmoak eskatzen dituztelako. Horretarako pentsamendu konplexua behar da, eta lobistengandik independentzia osoa. Azkenaldian legeak berak idazten dituzten lobista horiengandik, alegia.

Die Zeite-n idatzi duzu, halaber, Die Linkek parlamentuan lan on asko egiten duela, baina hautesleak uxatzen dituen erretorika darabilela oraindik. Zertan aldatu behar luke, zure ustez?

Agitprop hizkera alboratzeko garaia du. Kanpainako afixak bakarrik hartuko bagenitu kontuan, ezkerrak 70eko hamarkadako sozialismoan kateatuta jarraitzen duela imajina genezake.

Sahra Wagenknecht Die Linkeko hautagaiak errefuxiatuen zenbatekoentzat muga zorrotzagoak exijitu zituen. Jarrera irekiagoa duen alderdiko militante mordoa sutu zuen, eskuinari bazka ematen ari zelakoan.

Eskuinerago daudenen boto errazen bila zebilen, eta AFDren mezuak kopiatzea baino hoberik ez zitzaion bururatu. Lander batzuetako bozetan emaitza kaskarrak izan zituen orduan Die Linkek, hautesleek Wagenknechtena mugimendu taktiko moduan identifikatu zutelako. Azkenaldian ez du horrelako konturik errepikatu badaezpada.

Die Linkek atzerri politikan ageri dituen jarreren inkoherentziak ere deitoratu dituzu. Turkiako demokraziarik eza salatzen duten bitartean, alderdiko hainbat buruk Errusiako aginpideekin duten harreman estua, esaterako.

Ezkerrean badaude korronteak, Errusia prentsa libredun sistema demokratikotzat dutenak. Sahra Wagenknechtek telebista publiko errusiarrean elkarrizketa bat ematen duenean, Alemaniako kantzilerra «AEBen txotxongilo bat» baino ez dela esanez, nire zutabeetan aztertzeko modukoa iruditzen zait. Gero irakurleak deliberatuko du, noski, nire errezeloak partekatzen dituen ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.