Tren talka sozialisten artean

Jose Luis Abalosek ez du ontzat jotzen Nafarroako Gobernuaren egonkortasuna EH Bilduren eskuetan uztea. Gobernua osatzeko ahaleginean, PSNk lehen bilera du gaur, Geroa Bairekin

Bartzelonatik Genevara (Suitza) egindako lehen bidaiaren 50. urteurrenaren ekitaldian izan zen Jose Luis Abalos Espainiako Sustapen ministroa, atzo. M. PEREZ / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2019ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Maria Txibitek aurrera egin nahi du gobernua osatzeko ahaleginean, eta PSOEri ez zaio ondo iruditzen saioa. Sozialisten arteko tren talkak saihetsezina dirudi, eta ez du ematen PSNko idazkari nagusia pultsu horri eusteko moduan denik. Atzo, Jose Luis Abalos PSOEko Antolamendu idazkariak argi utzi zuen PSNk ez lukeela EH Bildurekin «elkarlanean aritu» behar. Txibite Nafarroako lehendakari izendatzeko, koalizio abertzaleak abstenitu egin behar du ezinbestean, baina Abalosek ez dio horri eragozpenik ikusten: «Arazoa ez da hainbeste EH Bilduren abstentzioa, baizik eta horrek nola eragingo liokeen gobernuari, egonkortasuna bermatzeko orduan».

Nafarroan, PSOEri gehien interesatzen zaion emaitza utzi zuten maiatzaren 26ko hauteskundeek. Bosgarren indar ziren lehen, eta bigarren dira orain; gidaritza hartu dute Geroa Bairekin, Ahal Dugu-rekin eta Ezkerrarekin gehiengo bat osatzeko elkarrizketetan. Hauteskundeen aurretik eta ondoren, PSNk errepikatu du EH Bildu «marra gorria» dela. Udalei begira, koalizio abertzaleari hainbat udal kentzeko asmoa du, eta, hala eta guztiz ere, bere estrategia erantzukizun guztia EH Bilduren gain uztera zuzendu du, haren doako abstentzioa lortu nahirik.

Hortaz, egoera horrek ez luke Ferraz ustekabean harrapatu behar. Haatik, oraindik ere zehazteko dagoen agertoki zabalago baten parte da Nafarroa: Espainiako Gobernuaz gain, beste hainbat erkidegotako gobernuak kolokan daude. Hori jakinik, Nafarroak eskuinaren arreta bereganatu du, eta EH Bilduren abstentzio posiblearen beharra PSOE estutzeko baliatu dute.

Atzo, Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagiak Navarra Sumaren gobernua ahalbidetzeko eskatu zien sozialistei: «PSOEri eskatzen diot, desadostasun politikoez harago, uler dezala Nafarroa ezin dela geratu ez Batasunaren ez EAJren eskuetan, esperimentu nazionalista egiteko toki bihurtu nahi dutelako».

Ferrazen jarrera aldaketa

Presio hori ikusita, Ferrazek mezua aldatu du. Berez, ez dago adierazpen ofizialik. Herenegun, hasiera batean, alderdiko iturriek zabaldu zuten; gero, Carmen Calvo Espainiako jarduneko presidenteordeak eta Gaztela Mantxako presidenteak hitz egin zuten; atzo, berriz, Jose Luis Abalos mintzatu zen —pisu handia du alderdian eta Madrilgo gobernuan—. Guztiak norabide berean doaz: ez dute EH Bilduren botoen menpe egongo den gobernurik osatzerik nahi.

Abalosen hitzetan, Nafarroan «oso emaitza onak izan dituen alderdi ez-nazionalista bakarra izan da» PSN. Haren esanetan, emaitza horiek sozialisten artean sortu duten itxaropenaren araberakoa da Maria Txibiteren jarrera: «Ez dio erronkarik bota PSOEren zuzendaritzari», justifikatu zen.

Gaur-gaurkoz, PSOEk ez dio beto zuzenik ezarri PSNri, eta Maria Txibitek aurrera jarraitzeko asmoa du. Gaur, lehen bilera egingo du, 13:00etan, Nafarroako Parlamentuan, Uxue Barkos buru duen Geroa Baiko ordezkaritzarekin. Bihar Ahal Dugu-koek izango dute txanda, eta etzi Ezkerrakoekin batzartuko da. Etorkizun politikoa jokoan dauka, kanpainan hamaika bider errepikatu baitu PSNk ez duela Javier Esparza presidente egingo. 2014an, idazkari nagusi izendatu zutenean, iraganean galdutako konfiantza berreskuratzea jarri zuen helburu nagusi gisa, eta orain, berriro ere gobernua osatzeko aukera duenean, baliteke Ferrazek betoa ezarri eta eskuineko gobernuari ematea bide.

Hori guztia airean dago, ordea. Gainera, sozialisten jarrera bikoitza EH Bildu baldintzatzeko modu bat izan liteke, trukean beste ezer eman gabe absteni daitezen. PSNk guztiz bere egin du EH Bildu negoziazioetatik kanpo uzteko betoa. Atzo horri buruz hitz egin zuen Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, Euskadi irratian emandako elkarrizketan: «Batzuek apartheid moduko bat ezarri nahi dute, eta kezkagarria da, zeren guri udal bozetan 67.000 nafarrek eman ziguten botoa».

«Madrilek erabakiko du»

Hala ere, Otegik argi du nola amaituko den sozialisten arteko tirabira: «Historiari begiratzen badiogu, Madrilek erabakiko du. Hemen erabakiak ez ditu Txibitek hartzen». Otegiren ustez,«PSOEk eskuinaren presioari men egiten badio Nafarroan, berdin egingo du estatuak dituen gainerako arazoetan ere, bai Kataluniako auzian, bai presoenean». Epe luzerako, beste ondorio bat atera du: «Koiuntura historiko honetan, Pedro Sanchez eta PSOE dira estatuaren azken karta gatazkak elkarrizketaren bidez konpon daitezkeela frogatzeko. Aukera hori alferrik galtzen badute, Euskal Herrian eta Katalunian ondorioztatu beharko dugu estatu espainiarrean ez dagoela arazoak elkarrizketa bidez konpon ditzakeen inor».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.