Euskal presoak. Gradu progresioak

Legea oztopatzeko zirrikitu legalak

Eusko Jaurlaritza motibazio politikoko presoen gradu progresioak onartzen ari da, baina Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak helegiteak aurkezten dizkie. Onintza Ostolaza abokatuak egoeraren xehetasunei erreparatu die.

Zaballako espetxea, Iruña Okan (Araba), artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Iosu Alberdi.
Hernani
2023ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeen kudeaketa bere gain hartu zuenetik, hirugarren gradura igarotzeko 34 baimen jaso dituzte euskal presoek, espetxeetako tratamendu batzordeen eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren oniritziarekin. Madrilen, baina, bestela erreparatu diete erabaki horiei, eta Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 24 gradu progresioren aurka egin du. Zenbait argudio plazaratu ditu, kasuaren arabera, baina bi erabili ditu behin eta berriz: barkamenik ez eskatzea eta iragana arbuiatu ez izana.

Ikusi gehiago:Milaka lagunek eskatu dute ez oztopatzeko presoen etxeratzea

Testuingurua nabarmen aldatu da azken urteetan. Lau urte atzera eginda, preso gehienak lehen graduan zeuden, Espainiako kartzeletan sakabanatuta. Egungo oinarria bestelakoa da: gehienak Euskal Herrian daude —Espainiako kartzeletan dauden hamahiru presoren herriratzea geratzen da iragartzeko—, bigarren graduan, eta hirugarren graduak eskuratzeko bidea jorratzen ari dira.

Onintza Ostolaza abokatuak azaldu du espetxeak eta Eusko Jaurlaritza urratsak egiten ari direla bide horretan, «motel» bada ere. Ondoren, ordea, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza sartzen da jokoan. «Otsailean, zortzi kasutik bakarrari jarri zion errekurtsoa, baina, geroztik, ia guztiei. Hori da hirugarren graduak lortzeko oztopoa». Izan ere, gehienetan, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak bat egiten du fiskalarekin. Are gehiago, abenduan Auzitegi Gorenak ebatzi zuen aurrerantzean nahikoa izango dela errekurtsoa jartze hutsa gradu progresioa behin-behinean eteteko.

Espainiako Zigor Kodea eta Espetxeetako Lege Organiko Orokorra dira presoen gradu progresioei erreferentzia egiten dieten bi araudiak. Gakoa, ordea, bigarren legediko 72. artikuluan dago. Hark egiten die erreferentzia espetxe graduei eta batetik bestera igarotzeko moduari. Hala dio laugarren puntuak: «Inolaz ere ez zaio preso bati beheragoko gradu batean eutsiko bere tratamenduaren bilakaeragatik progresioa merezi badu».

Jarraian ageri dira euskal presoek hirugarren gradua eskuratzeko bete behar dituzten baldintzak. 72.6 artikuluan topatu ditu fiskaltzak gradu erregresioak eskatzeko zirrikituak. Haren arabera, Zigor Kodean jasotakoez gain —zigorraren erdia beteta eta «jarrera ona» izatea—, motibazio politikoko presoek beste zenbait baldintza bete behar dituzte: ezarritako erantzukizun zibila ordaintzea —edo hura ordaintzeko bermeak ematea—, eta jada erakunde armatuarekin loturarik ez duela frogatzea. Azken hori betetzeko bi modu daude, legearen arabera: batetik, indarkeria baztertu izana adierazten duen eta biktimei barkamena eskatzen dien adierazpen bat egitea. Bestetik, espetxeetako tratamendu batzordeen txosten teknikoek erakunde armatutik «bereizi» izana egiaztatzea.

Euskal presoek bi baldintzak betetzen dituztela azaldu du Ostolazak. Erantzukizun zibilari dagokionez, argitu du hirugarren gradura aldatzeko prozesua martxan jarri duten guztiak ari direla hura ordaintzen: «Gehienek ez dute lanik edo diru sarrera nahikorik, baina legeak eskatzen du nolabaiteko borondatea adieraz dezatela zorrari aurre egiteko. Denek egiten dute hori».

Hau da, euskal presoak estatuari kuotak ordaintzen ari dira, norbere diru sarreren arabera. Abokatuak nabarmendu du estatuari ordaintzen diotela, eta ez biktimei; haiei estatuak ordaintzen baitie aurrez.

Ikusi gehiago:Nekane Basauri. Auzitegiak eten die «denbora mugagabea»

Bigarren baldintza ere bete dute presoek, Ostolazaren esanetan. Bide bakarra erabili beharrean, bietatik egin ere. Hau da, hirugarren gradua eskuratu dutenek adierazpen bat idatzi dute egindako kaltearen inguruan, eta, horrez gain, espetxeetako batzorde teknikoen onespena jaso dute. «Hirugarren graduaren aldeko proposamena egiten denean, psikologoek-eta ziurtatzen dute jarrera hori badutela».

Abokatuak hala zehaztu du Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak eta Basauriko, Martuteneko eta Zaballako kartzeletako batzorde teknikoek jorratutako bidea: «Teknikariek eta Eusko Jaurlaritzak garrantzitsutzat jotzen dute egindakoa ez errepikatzeko bermeak izatea, presoak egindako kaltea aitortzea, eta biktimari jarrera hori adieraztea». Hala, uste du fiskaltzak eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak egindako bidea desitxuratzen dutela, «barkamen falta» behin eta berriz argudiatuta, eta, hala, prozesua hitz bakar baten erabilerara mugatuta.

Baldintza eta salbuespen

Horiek dira argudio nagusiak, baina, kasuaren arabera, beste zenbait ere gehitu izan ditu Auzitegi Nazionaleko fiskalak. Horietako bat da zigorra betetzeko denbora asko falta zaiela argudiatzea. Ostolazaren esanetan, ordea, hankamotz geratzen da hori, epeei dagokien baldintza bat badelako legean: zigorraren erdia beteta edukitzea. Argudio hauek ere erabili izan ditu: aurrez ez duela jaso espetxe baimenik, ez duela parte hartu presondegiak antolatutako irteeretan...

Halere, badira salbuespenak ere. Zigorra amaitzear dauden presoen kasuak eta bigarren aldiz egindako eskaerak izan ohi dira helegiterik jasotzen ez dutenak. Izan ere, espetxeek gehienez ere sei hilabetean behin aztertzen dute preso bakoitzaren sailkapena, eta Eusko Jaurlaritzak adierazi izan du ez duela jarduteko modua aldatuko, Auzitegi Nazionalaren erabakiak direnak direla.

Kasu horietan, auzitegiak gradu progresioa atzera botatzeko erabilitako argudioak baliatzen dituzte tratamendu batzordeek, txostenari beste forma bat emateko. «Pistak eman ditzake». Esaterako, Joseba Arregi euskal presoaren kasuan, gradu erregresioaren alde egin arren, Auzitegi Nazionalak adierazi zuen eskaeran haren adina —76 urte ditu— kontuan hartu beharko litzatekeela eta «giza arrazoien» bidea jorratu; Zigor Kodearen arabera, gaixotasun larri sendaezinak dituzten presoen eta 70 urtetik gorakoen kasuan erabiltzeko da.

Halakoak, baina, euskal presoekin soilik gertatzen direla salatu du Ostolazak: «Espetxeek esan digute: 'Bide hobe bat bazegoen hirugarren gradurako, epaileak ez du zertan atzera bota eta espetxera itzularazi. Forma juridikoa egokituko genuke'». Abokatuak uste du ibilbide bat «oztopatzea» dela fiskalaren helburua, eta ez legea aplikatzea: «Presoak prest daude behar diren adierazpenak egiteko, baina Auzitegi Nazionalak ez du bide hori hartu nahi». Hala, 72.6 artikuluaren interpretazio «politiko» bat egiten dutela salatu du Ostolazak, «argi eta garbi, presoen etxeratzea oztopatzeko».

Baimenen egoera

«Tarteko eszenatoki bat da» egun batzuetarako espetxe baimenena, eta eztabaida sakona eragin du. Batetik, legeak hirugarren graduak jasotzeko gomendio gisa hartzen ditu. Bestetik, fiskaltza bera da baimen horiei helegitea jartzen diena, eta gero hirugarren graduak atzera botatzeko argudio gisa erabiltzen dituena. Ostolazak salatu du, gainera, irregulartasunak daudela helegite horietan, presoek oinarrizko bi baldintzak betetzen dituztelako: bigarren graduan egotea eta zigorraren laurden bat egina izatea.

Hirugarren gradura igarotzeko eskaerek eta baimenek abiapuntu bera dute. Tratamendu batzordeak onartu behar ditu, eta Eusko Jaurlaritzak berretsi. Ondoren, beste behin, auzitegiek dute azken hitza, fiskaltzaren helegiterik bada. Legeak, baina, zenbait irizpide bereizten ditu. Horietako bat da 72.6 artikulua ez dela aplikagarria espetxe baimenetan.

Fiskaltzak eta auzitegiek, ordea, beste zirrikitu batzuk topatu dituzte baimenen aurka «barkamen falta» argudiatzeko. Izan ere, baimenak jasotzeko portaera egokia egiaztatu behar da, eta hori barkamena eskatzearekin lotu dute zenbaitetan. Adibidez, Gorka Lorani espetxe baimen bat eman eta beste bat ukatu zion Lehen Zigor Aretoak bi asteko tartean. Lehenik, adierazi zuen barkamena ez dela legezko betekizuna, eta badirela presoaren eboluzioaren beste adierazle batzuk. Gero, ordea, ebatzi zuen «biktimei eragindako mina aitortzea» beharrezkoa zela baimena jasotzeko. Era berean, presoen adierazpenak ontzat jo dituzte batzuetan, eta beste batzuetan ez. «Oso subjektiboa da, eta zaila baloratzeko», azaldu du Ostolazak.

Ikusi gehiago:Dioni Orbe. Zalantzek eragindako sufrimendua

Halere, espetxeetatik hasi dira oztopo horiei aurre egiteko tresnak bilatzen. Ostolazak azaldu du irteera programatu edo terapeutiko deritzonak direla horietako bat. «Espetxeek ikusten dute pertsona hauek hogei urte egin dituztela espetxean. Ez dizkiete baimenak ematen, baina nolabait hasi behar dute pixkanaka kalea zapaltzen». Hala, irteerek erakusten dute presoak arazorik gabe atera direla espetxetik, eta hala islatzen da espedienteetan. «Aberasgarria da», azaldu du, nahiz eta gehitu duen ez direla haiek nahi beste ematen.

Bi eguneko baimenak dira beste aukera bat. Horiek ohikoak baino laburragoak dira, baina ez dute epaileen oniritzirik behar; nahikoa da tratamendu batzordeen eta Eusko Jaurlaritzaren onespena. «Espetxeek birgizarteratze prozesuan sinesten dute, eta ez dute bat egiten Auzitegi Nazionalaren oztopoekin», gehitu du Ostolazak.

Iruñeko espetxean ere hasi dira lehen baimenak emateko prozesuak. Baina kartzela hura Espainiako Espetxe Erakundeen esku dago, eta, beraz, egoera bestelakoa da. Halere, han ere egin dira urratsak azken hilabeteetan. «Aurreko zuzendaritzak dena blokeatuta zeukan, ez preso politikoen egoera bakarrik», azaldu du Ostolazak, eta gehitu zuzendaritza berriarekin egoerak «hobera» egin duela. Oraindik ez da hirugarren gradura igarotzeko proposamenik egin, ordea.

Gradu progresioen ostean, baldintzapeko askatasunak eskuratzea litzateke hurrengo urratsa, eta kasu gutxi batzuk izan dira Eusko Jaurlaritzaren menpeko espetxeetan dauden euskal presoen artean. Halere, Ostolazak uste du goiz dela agertoki horri begira jartzeko: «Orain, bigarrenetik hirugarrenerako eszenatokian gaude, hastapenetan. Batzuetan ahazten zaigu urtebeteko ibilbidea bakarrik egin dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.