Presoentzako konponbide eske

3.000 bat lagunek manifestazio bat egin dute Bilbon, Sarek eta Bilboko Konpartsek antolatuta. Euskal preso eta iheslarien egoerari konponbidea emateko eskatu diote Madrili, «aurrera egin ahal izateko»

Presoen eskubideen aldeko manifestazioaren burua. ARITZ LOIOLA /FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2019ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
«Uste dugu ezinezkoa dela aurrera egitea Euskal Herriko presoen egoera konpondu barik». Olatz Iglesias Sareko bozeramaileak «ideologia desberdinetako jendea» ulertzeko deia egin zuen atzo konpartsekin batera deitutako manifestazioan, Bilbon. Txalo artean abiatu zen manifestazioa, Moiua plazatik, 12:30ean. Doinu alaiekin, trikitilariak eta pandero jotzaileak joan ziren pankartaren aurretik. Oihalean, presoen senideetako batzuek Korapiloak askatzeko unea da. Denok batera, presoak etxera leloa zeramaten. Hori izan zen manifestariek gehien errepikatu zuten leloa: «Euskal presoak etxera». Antolatzaileen arabera, 3.000 bat izan ziren Bilboko Aste Nagusi betean Moiua Plazatik udaletxeraino joan zirenak protestan.

Manifestazioarekin «elkarbizitzaren, konponbidearen eta bakearen alde» elkartu zirela adierazi zuen Inaxio Oiarzabal Sareko ordezkariak. Horri gaineratu zion helburua zela sakabanaketaren aurkako aldarria ikusaraztea, eta irudikatzea «gizartearen gehiengo zabal bat etorkizunari begira jartzearen alde» dagoela. Era horretan, Espainiako Gobernuari mezu bat bidali nahi izan zioten manifestazioarekin: «Madrildik aspalditik entzun dugu espetxe politika hori aldatzeko asmoa, baina, gaur-gaurkoz, ez dugu benetako aldaketarik ikusi, eta guk lan horretan jarraitzen dugu». Oiarzabalek gehitu zuen oraindik «salbuespeneko legeria» aplikatzen zaiela euskal presoei, eta argudiatu zuen«errespetuan eraikitako gizarte bat» eraikitzeko «berehala» amaitu behar dela politika hori.

Alde guztietako biktimak

Iglesiasek adierazi zuen Sareren helburua dela «iragana ahaztu barik etorkizunerako pausoak ematea», eta erantsi zuen gaur egun oraindik dauden «sufrimendu aktiboak» deuseztatzeko bidea presoen egoera konpontzea dela. Era berean, azpimarratu zuen sufrimendua ez dela alde bakarrekoa izan: «Ezinbestekoa da ulertzea Euskal Herrian denok sufritu dugula». Horregatik, nabarmendu zuen «gorroto sentimendu horiek» biktimen erreparazioarekin ordezkatu behar direla, «alde guztietakoak».

Arin mugitu zen manifestazioa, eta ordu erdian Bilboko udaletxe aurrean zegoen jada. Bandera gutxi zeuden orokorrean: ikurrin pare bat, Nafarroako banderaren bat, Kataluniako estelada bat eta presoak herriratzea eskatzen zuten oihal batzuk. Manifestari asko izan ziren presoen babes taldeetan aritzeagatik auzipetutako 47 lagunen aldeko zapiekin, ordea. 11/13 sumarioan daude auzipetuta, eta irailean hasiko dute epaiketa, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. «ETAren espetxe frontea» osatzea egozten diete, eta jende dezentek adierazi nahi izan zuen horiekiko elkartasuna.

Urteroko topagunea

Asko dira urtero Aste Nagusiko manifestazioaren eguna gordetzen dutenak Bilbora joateko, eta horietako bat da Jose Joaquin Biritxinaga Berrizko herritarra: «Urtero etortzen gara, senitartekoei lagundu behar zaielako presoak ateratzen». Familia ugari zeuden umeekin, baina gazteen falta suma zitekeen gehien.

Udaletxe aurrera iristean, berandu baino lehen «korapiloak askatzeko» eskatu zuten prosa musikatuan, eta «etxeko eta kartzelako sokamuturrak» hurbiltzeko deia egin zuten, presoen sakabanaketa politika salatzearekin batera. Josu Zabala Hertzainak musika taldekoak eta Unai Iturriaga bertsolariak eman zioten bukaera manifestazioari, eta, oraindik espetxeetan geratzen diren 248 presoak gogoratzeko, 564 abestia kantatu zuten. «564 ohe huts samina zabaltzen», amaitu zuten biek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.