Eneritz Garro.
Koronabirusa. HEZKUNTZA PENTSALDIAN

Curriculumarekin zer?

2020ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
«Eta curriculumarekin, zer?». Horixe hainbat klaustrotan pandemia garaian mahai gainean egon bide den galdera, eta erantzunetan, zenbat buru, hainbat aburu. Iruditzen zait galdera horren atzean eta ematen zaizkion erantzunetan azaleratzen direla ikaskuntza ulertzeko askotariko moduak ere. Zer dakarkigu burura «curriculum» horrek? Eduki gehiago ematea? Gaitasunen garapenean sakontzea? Eta «edukia» diogunean, zertaz ari gara? Neus Sanmartíri entzun diot elkarrizketa batean eskolan ezagutza landu beharko litzatekeela, eta ez horrenbeste informazioa. Ezagutza legoke konpetentzien garapenaren perspektiban, eta informazioa, ordea, litzateke, erraz ulertzeko, gure sakelako telefonoko klik batera erraz topa dezakegun hori guztia. Eta proiektu edota proposamen didaktikoen helburuetan eta ebaluatzen diren alderdietan gehiegitan informazioa ei da agertzen zaiguna, eta ez horrenbeste ezagutza. Horrek ohiko egoeran zentzu gehiegirik ez badu, zer esanik ez Internet bitarteko ari garen garai honetan.

Eta galdera aldatuko bagenu? Eta galdera balitz zer curriculumekin jarraituko dugun ikasturtea (eta ikasturte ondokoak). Ikaskuntzaren kizkia non dagoen erabakitzean dago orain erronka. Angel Ignacio Pérez Gómezi irakurri diot curriculumaren luzera kilometrotan neurtzen dela, eta sakonera, aldiz, milimetrotan. Etorkizunean ikasleek ustez beharko dituzten ikasketagaiz itota dugu curriculuma, eta, horren aurrean, adituek gogorarazten digute: eskolak ez ditu ikasleak prestatu behar etorkizuneko herritar izateko bakarrik, orainaldiko herritar diren neurrian ere prestatu beharko lituzke, eta beraz, garai nahasi hauetan lehentasun gisa eskaini behar zaizkie ikasleei ezagutzak eta estrategiak momentua bizitzeko eta ikaskuntza modu berriei aurre egiteko.

Pandemia egoerak krisi bat eragin du gutako gehienongan. Egoerak derrigortu gaitu egiteko moduak errotik aldatzera, eta gelan zeuden egiteko moduek orain ez dute balio bere horretan, irakasleek aurrez aurrekoan zituzten baliabideak —materialak, pertsonalak, emozionalak, gorputzezkoak...— orain ez dituzte eskura, ez behintzat forma berean. Hala ere, krisia bizi daiteke zerbait negatibo moduan, edota onar dezakegu egoerak sortzen digun ezinegona eta elkarrekin pentsatu beste egiteko modu posible batzuk. Irakasleen esku-hartze zuzena txikiagoa den neurrian, ikaskuntza sustatzeko proposamen esanguratsu eta interesgarriak proposatzeak indarra hartu beharko luke, ikasleen aurrezagutzak kontuan hartuko dituzten proposamenak eraiki, egungo egoerara egokitzen direnak eta ikaskuntza sakonagoan lagunduko dutenak.

Beti egin dugun hori ez egitea, beti eman dugun eduki hori ez ematea, ebaluazio eta kalifikazio moduak aldatu behar izatea, ez da erronka makala. Zalantzarik gabe, egiteko moduak aldatu beharrak oinarriak mugiarazten dizkigu, baina era berean bada aukera ere testuinguru egonkorrago baten ausartuko ez ginatekeen modu berriak esperimentatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.