Klimaren erritmoan mugitzen

Bizi mugimenduak hamar urte bete dituela markatzeko, haren ibilbidea azaltzen duen liburu bat plazaratu dute. Ospakizunen aldia izanen da ekainaren 14an, 15ean eta 16an, Baionako Patxa plazan, gibelera so egin, hausnartu eta geroa aztertzeko parada galdu gabe.
<b>Protestak. </b>Societe Generale bankuaren aurkako ekintzak egin dituzte, petrolio eta gas sektoreko negozioengatik.
Protestak. Societe Generale bankuaren aurkako ekintzak egin dituzte, petrolio eta gas sektoreko negozioengatik. SYLVAIN SENCRISTO / IPARLA Tamaina handiagoan ikusi

Joanes Etxebarria - Ipar Euskal Herriko Hitza

2019ko ekainak 8

Etxeko bixkotxa ekarria zuten, eta, kandelak ufatu zituztenerako, argazkia egina zen. Bizi mugimenduak agerraldia egin zuen asteartean, hamargarren urteurrenaren berri emateko. Hori zan da lehen ospakizuna. Beti Bizi! Urgentzia klima (jatorriz, ele bitan: Beti Bizi! Climat d'urgence) liburua ere aurkeztu zuten, hamar urteko ibilbidea hitz eta argazkietan laburbiltzeko. Heldu den astean jarraituko du bestak, Baionan.

Klima aldaketa erdigunean jarri nahi duen bortxarik gabeko mugimenduaren sortzaileetan zen Jean Noel Etxeberri, Txetx. Hasieratik hona, klima aldaketari aurre egiteko neurriak ez, baina testuingurua aldatzen ikusi du: «Gauzak anitz aldatu dira. Aurten ikusi dugu klima aldaketaren kontrako mobilizazioa Frantziako Estatuan: martxak izan dira, mobilizazioak... hori berria da. Guk alimaleko indarrak egin behar genituen jendeak mobilizatzeko. Gizartea jabetzen ari da».

Kopenhageren ondokoak

NBE Nazio Batuen Erakundeak klima aldaketari buruzko 15. Nazioarteko Biltzarra egin zuen Kopenhagen, 2009an; Cop15 goi bilera. Urte berean sortu zen Bizi, hogei bat kiderekin, eta, gaur egun, 600 kidez goiti ditu. Hazkundea ez zen, aurkeztu berri duten liburuan irakur daitekeenez, Kopenhageko goi bileraren «porrotaren» ondotik eten. «Desmobilizazio egoera orokor horren alderantzizko noranzkoan zihoan garapenak» esplikazio bikoitza zuen, zehaztu dutenez: «Lurraldean finkatua izatea (...) eta Biziren funtzionamendu eta antolaketa bereziak».

Hainbat borroka gogora ekarri dituzte, urtebetetzea kari: Chronobus autobusen defentsa, AHTaren kontrako borroka, bankuen salaketa, baso berriaren defentsa... Klimaren aldaketa ardatz harturik. «Behar da sistema aldatu eta jendartearen beharrak asetzea, kapitalaren beharrak baino gehiago», nabarmendu du Mattin Ihidopek.

Hastapenetik alderdi sozialari garrantzia eman izanak argitzen du, Ihidoperen ustez, zergatik krisi ekonomikoarekin Bizik hazten jarraitu zuen beste mugimendu batzuk ahuldu edo desagertu zirelarik: «Segitu dugu azpimarratzen biak elkar lotuak direla».

Saretzean eragile

Biziren ezaugarri dira umorean oinarritu protestak —langile manifestazioetan janzki eta gorbatekin agertuz, besteak beste—, baita sinbolo batzuen erabilpen militanteak ere, berriki herriko etxeetatik Emmanuel Macron presidentearen portretak hartzeko kanpainarekin agerikoa izan den bezala. 2013an Baionako Alternatiba Herrixka egitasmoa antolatzearekin, berriz, sareak sortzeko gaitasuna ere erakutsi zuen mugimenduak, alternatiba desberdinak elkartuz, 12.000 bat pertsonaren parte hartzearekin.

Biziren bilan positiboaren parte da geroztik munduan gaindi eta bereziki Frantziako Estatuan egin diren Alternatiba herrixkak. Liburuan aipamen berezia dute Parisko Cop21 klima aldaketari buruzko goi bilerara joateko antolatu zuten Alternatiba bizikleta birak eta kontrabileraren prestaketak. Frantzia mailan garatzea hautua izan zenez galdeturik, ezetz ihardesten du Etxeberrik: «Guk indar anitz egin dugu Alternatibak Euskal Herrian ere garatzeko: izan dira Zokoan, Donibane Garazin, Donostian, Bilbon, Iruñean... Lasarten izanen da bat hilabete honetan... Baina egia da Frantziako Estatuan, Kopenhage garaian eta ondotik, klima aldaketaren gaia plazaratu dela Hego Euskal Herrian baino gehiago, Hegoaldean —baita Espainian ere— krisi ekonomikoa izugarri azkarra izan delako, eta ondorioak izan dituelako; gogoak horri begira zeuden». Mugimenduak egiten dituen gogoeta prozesuetan, Hego Euskal Herrian Frantzian baino eragin gutxiago ukan dutela ondorioztatua dute kideek, Etxeberrik dioenez.

Gehitu du, halere, azken aldian klima aldaketaren gaia gehiago aipatzen dela Hego Euskal Herrian ere: «Han sortzen balitz hemen Bizik egin duen gisa bereko mugimendu bat, han dagoen antolaketarako gaitasunarekin, Europako beste guneetan eragina ukan lezake, guk Frantziako Estatuan egin bezala».

Erradikala eta pragmatikoa

Urtemuga, nola ez, aitzina begiratzeko parada da Bizikoentzat. Gaur egun, Ihidoperen hitzetan, «mugimendua handitzen segitzeko» beharra ikusten dute. «Baina baita erradikalizatzeko ere: ez baldin bada arduradun eta agintarien partetik jiten, guk behar dugu oinarritik hasi eraikitzen beste sistema alternatibo bat».

Bere burua erradikal-pragmatikotzat definitzen du Bizik. Erradikalaren eta pragmatismoaren artean «kurtsorea kokatzen asmatzea» da gakoa, Etxeberrik ohartarazi duenez: «Etengabe mugitu behar duzun kurtsore bat da, testuingurua etengabe aldatzen delako aktualitatearen arabera, zure borrokaren ondorioekin, edo estatu eta sistemaren erantzunaren arabera. Urte batez balio duenak ez du balio urte batzuk berantago». Egokitzen ikasteko prestakuntzak balio handia du, kide historikoaren erranetan. Duela hamar urte, mugimendua sortu aitzin, Manu Robles Arangiz fundazioak eskaini formazioetan ibili ziren sortzaileak, eta gaur egun ere kideak hezten dira, berriki hamar egunez egin duten bezala.

Etxeberriren hitzetan, beste giltza antolaketa da: «Gobernantza kolektiboak pisu handia du: lau urte oroz, zazpi hilabete hartzen ditugu bilan sakon bat egiteko eta ibilbidea markatzeko. Gero, bada 40 pertsonaz osatu koordina bat ere —hogei emazte eta hogei gizon—, lantalde guztietako kidez eta biltzar nagusian hautatu ordezkariez osatua, hamabost egun oroz biltzen dena eta kurtsorea etengabe bideratzen duena».

«Kurtsorea» kokatzearen erronka, azken denboretan, bereziki garraioetan edo klimaren lurralde planean dute, Etxeberriren arabera: «Zer bataila egin behar dugun gogoetatzen ari gara momentu hauetan. Gauza aski azkarrak izan behar dute beharrezko diren aldaketen neurrian izateko, baina aldi berean sobera 'muturreko neurriak' badira, ezin dira kausitu».

G7ko kideen gailurra Miarritzera (Lapurdi) heltzearekin, Ihidopek zera adierazi du: «Bistan da behar dela eduki aldetik erakutsi hemen, Euskal Herrian, beste gizarte eredu bat entseatzen garela egiten. Hau ez dela Frantzia, Euskal Herria dela, eta badela beste errealitate bat; besteak beste, beste hizkuntza bat. Entseatuko gara klimaren gaia ere azaleratzen, gisa batez edo bestez».

Baina, kurtsorearen metaforari jarraikiz, azpimarratu du «tranpan ez erortzea» dela erronka, «aitzinetik idatzia den film txar bat bezala baita G7a: badira manifestazio baketsuak, badira bortizkeriak, bortizkeriari erantzuteko beste manifestazioak... Hala ere, G7a iragaten da, eta aste batzuen buruan testuingurua ez da aldatu». Horretan utzi beharreko indarrak neurtzeko premia ikusten du, haren ustez «esperantzetatik urrun gelditzeko arriskua» hor baita. Bizik hausnartuko du, beraz, nola parte hartuko duen estatuburuen gailurrean, «sistema elikatuz» baino gehiago, «eraginkorrena zer den xerkatuz».

...besta ere bai

Ospakizunek gogoetarako parada eskainiko dute, baina festarako ere baliatuko dute urteurrena. Ekainaren 14tik 16ra ospatuko dute urteurrena, Baionan estreinatu berri den Patxa plazan. Biziko kideen hitzaldiak, geroari behakoak, larunbat gaueko kontzertuak edo igandeko bazkariak iragarriak dira, besteak beste. Mugimendua aurkezteko paradaz baliatuko dira larunbat goizean, «poteo militantearen» aitzakiarekin Biziko 21 lantaldek beren lana aurkeztuko baitute, interesa pizteko asmoz. Zehaztasun gehiago ez, ordea, «familia giroan» eginen den ekintzarentzat: igande goizerako iragarri dute, mugimenduaren izpirituan. «%100 bortxa gabeko desobedientzia zibileko ekintza alai eta aldarrikatzailea». Antolaketarako deia ere egin dute, 50 bat laguntzaile behar baitituzte.

«Mugarri bat pausatzen da, hamar urtez eta gehiagoz segitzeko nahiarekin». Ihidopek borrokarako deia ere zabaldu du. «Borroka horretan ez baikara sekula aski, eta bakoitzak parte hartzen ahal baitu bere heinean, izan egunero, hilabetean behin edo ahal delarik. Baina ekarpen guztien artean lortzen ahal dugu, emeki-emeki, erronka horri erantzuten». Hori berretsi du Etxeberrik ere: «Guk ez diogu jendeari erran nahi zer den ona. Guk gure estrategia garatzen dugu uste dugulako batailak irabazteko balio duela, eraginkorra dela».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Haurrak eta hezitzaile bat Baztango haur eskolan. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Haur eskolak talde iraunkorrekin abiatuko dira Nafarroan

Olatz Esteban Ezkati

Lau egoera posible irudikatu ditu Hezkuntza Sailak, eta COVID-19aren bilakaeraren arabera ezarriko da bat edo beste. Jantoki zerbitzua bermatuko dutela esan du gobernuak

Pentsiodunek agerraldia egin zuten, atzo, Justizia jauregiaren aurrean, Bilbon. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Pentsiodunek pandemiako testigantzen txostena aurkeztuko diote fiskaltzari

Maialen Arteaga

Irailaren 7an bilduko dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako fiskalarekin, pandemiako testigantzak biltzen dituen txostena emateko

Langile bat, Garesen, piperra biltzen iaz. ©Jesus Diges / efe

Nafarroan, PCR probak egingo dizkiete sasoikako langileei

Joxerra Senar

Abuztutik urrira bitartean, ardorako mahats bilketan edo bestelako barazki eta fruituen uzta bilketarako Nafarroaz kanpotik etorriko diren langileei probak egingo dizkiete, etan positibo emanez gero, konfinamenduan lagunduko die gobernuak.

Basurtun, PCR probak egiten ©Javier Zorrila / efe

300 positibotik gora Hego Euskal Herrian

Berria

Bizkaian eta Araban gorakada nabarmenak izan dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna