ANALISIA

Itzaleko diplomazialari ezpeletarra

1995ean, Sarajevoko kaleetan, Elizaren ordezkariak; ezkerraldekoa da Etxegarai.
1995ean, Sarajevoko kaleetan, Elizaren ordezkariak; ezkerraldekoa da Etxegarai. DANILO CRISTIANOVIC

Martxelo Otamendi -

2019ko irailak 6
Habanako hotel txiki bat, Karol Wojtyla aita santuaren bidaiaren antolatzaileek kardinalentzat atondutakoa. 1998ko urtarrila zen, eta azken urteetako gertakizun diplomatiko nagusia ari zen gertatzen Kuban: Castro presidentearen eta Wojtyla aita santuaren arteko topaketa ofiziala, talka erreala.

Kazetari honek hitzordua jarria zuen Roger Etxegarai kardinal katolikoarekin elkarrizketa azkar bat egiteko, frantsesez. Lehen galdera: «Zu zara aspaldi Eliza katolikoan goren iritsi den euskal herritarra». Kardinalaren erantzun lehorra bezain iheskorra: «Ni ez naiz euskal herritarra, ni frantziarra naiz». Handik urte batzuetara, kazetari honek berriro beste hitzordu bat lortu zuen Etxegarairekin Erroman, Kardinalen Jauregiak deritzen eraikinetako batean. Bigarren topaketak Etxegarairen biografia egitea eta argitaratzea zeuzkan helburu. Huts.

Etxegarairen apartamenturaino iristeko segurtasun kontrolak igarota, ateko txirrina jo, eta lekaime hegoamerikar batek zabaldu zuen apartamentuko ate nagusia. Etxegaraik, bisitaren jakitun, honela esan zion lekaimeari: «Utziozu sartzen, hori, ni bezala, euskal herritarra da eta».

Zergatik Habanan «frantziarra» zena «euskal herritarra» zen Erroman handik urte batzuetara? Kubara Wojtylak egin zuen bisita urte askotako lan isil eta korapilatsuaren emaitza izan zen, eta Etxegarai izan zen bidaia horren jostun nagusia. Habanako elkarrizketa labur hartan, Etxegaraik ez zuen arriskurik txikiena ere hartu nahi izan, bere burua «euskal herritar»-tzat onartuta. Arreta guztia Wojtyla aita santuaren gainean kokatu nahi izan zuen, eta ez kardinal batek elkarrizketa batean eduki zezakeen erantzun labainkorrean. Erromakoa, aitzitik, bisita pribatua izan zen, eta hil berri den kardinalak ez zuen batere prebentziorik izan bere euskaltasunaz hitz egiteko. Harro erakusten zizkion kazetari honi apartamentuko paretetan zintzilik zeuzkan Ezpeleta jaioterriko argazkiak, piper sorta bat, xisteran jokatzeko saskia...

Diplomazialari gehienak zuhurrak dira kazetari baten aurrean daudenean, are zuhurragoak itzaleko diplomazialariak. Hori izan baitzen Etxegarai: itzalean jardundako diplomazialaria. Ofizialki, haren lana Vatikanoko ministeriotzat jotzen diren dikasterio bateko lehendakaria izatea zen. Cor unum lehendabizi, eta Justizia eta Bakea ondoren. Batean eta bestean egin behar zituen bitartekari lanetarako deigarria izango ez zen eragile bat behar zuen Wojtyla aita santuak, Vatikanoko bigarren lerroko bat, Vatikanotik kanpo oso ezaguna izango ez zena, eta estatu batetik bestera mugitzean zarata gutxi aterako zuena. Etxegarai aukeratu zuen.

Jugoslaviako gatazkaren erdian, Euskaldunon Egunkaria-ra argazki bat bidali zuten agentziek, zeinean tanke bat ageri zen, eta, haren ondoan, apaiz bat, sotana jantzita. Argazkiarekin batera zetorren testuak zioenez, apaiz hura Roger Etchegaray kardinal frantziarra zen. Aurkikuntza bat izan zen hura erredakzio hartan lanean ari ginen kazetariontzat: Eliza katolikoan bazegoen kardinal bat Etxegarai deiturarekin. Aurrerantzean segitu beharreko pista bat.

Handik urte batzuetara New York Times-ek bi orrialdeko laudoriozko erreportaje luzea eskaini zion Etxegarairi. Arrazoia, huraxe jotzen zuten Wojtyla aita santuak 1998ko urtarrilean Kubara egin behar zuen bidaiaren prestatzaile ezkutukotzat. Vatikano-Habana-Washington triangelu diplomatikotik irten gabe, bizpahiru urte pasatu zituen Etxegaraik bidaia adina bilera ezkutu egiten hiru hiriburu horietan, bidaiaren agendak eta edukiak behar zituzten adostasun eta onarpen guztiak lortzeko ahaleginean. Lan zaila eta gogorra. Ezinezkoa ematen zuena lortu zuen, dena zehatz-mehatz adostu arte ez ziolako Washingtonek baimena eman Wojtylari Karibeko irlara joateko, ezta Habanari ere nahi zezakeen guztia egin eta esateko. Nora joan, norekin batzartu, zer esan jendaurreko ekitaldi bakoitzean, zer ekitalditara joan zen Fidel Castro presidentea, zer jarrera edukiko zuen Kubako Poliziak protestaren bat edo beste gertatuz gero... Dena josten jardun zuen Etxegaraik, eta lortu zuen. Bi lider historikoen topaketa ahalbidetu zuen Ezpeletako kardinal zuhurrak. Segur aski, bere bizitzako lanik arrakastatsuena izan zen.

Zailago eduki zuen 2003an, Irakeko lehendakari Sadam Husseinekin egin zuen ahaleginean. Husseinek boterea uzteko ahalegin diplomatiko guztiek huts egin zutela ikusita, azken saio bat egitea proposatu zion Washingtonek Vatikanoari. AEBek erabakita zeukaten eraso egitea Iraki, baina eraso aurretik aurpegia garbitzen lagunduko zien mugimendu itxurosoa egin beharra zeukaten. Erakutsi beharra zeukaten zigor gogorra merezi zuela Husseinek, baldin eta amore emateko Vatikanoak egindako eskaera ere errefusatzen bazuen. Joan zen Etxegarai urte horretako otsailaren 11n Bagdadera Husseinekin bilera egitera; egin zuen bilera, baina ez zuen lortu Husseinek atzera egitea. Hilaren 15ean, Azoreetako Gailurra egin zuten AEBetako presidente George Bushek, Jose Maria Aznar Espainiako presidenteak, eta Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blairrek; handik aste gutxira AEBek Iraki egin zioten erasoari bedeinkazioa emanez.

Erroman egin zion bisitan, kazetari honek ez zuen lortu Etxegarairen konplizitatea haren historia interesgarria bilduko zuen biografia egiteko. Bai, ordea, eskatu gabeko opari bat: «Tori arrosario santu hau, aita santuak ukitutakoa, zure emaztearentzat».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna