Noiz sortua: 2020-01-22 00:30:00

Kartzelako ate nagusitik ihes

40 urte bete dira ETA politiko-militarreko hiru kidek Martuteneko kartzelatik ihes egitea lortu zutenetik; beste lau atean geratu ziren. Esku pilotak egiteko sokekin lotu zituzten kartzelazainak, haien arropak jantzi eta espetxeko ate handitik atera ziren, bisitarien artean nahastuta.
Ezkerretik eskuinera, Jose Ramon Matxinea, Txema Salegi, Xanti Lopetegi eta Jose Luis Zabaleta, Azkoitian egindako juntadizo batean.
Ezkerretik eskuinera, Jose Ramon Matxinea, Txema Salegi, Xanti Lopetegi eta Jose Luis Zabaleta, Azkoitian egindako juntadizo batean. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2020ko urtarrilak 22

Hiru preso kartzelako ate nagusitik ihes egiten, bisitara joandako jendearen artean; beste lau gauza bera egiteko prest eta bi lagun kanpoan autoetan zain, krabelin bana ahoan hartuta. Pelikula bateko gidoia dirudi 1980ko urtarrilaren 20an Martuteneko (Donostia) kartzelan egindako ihesaldiak.

40 urte igaro arren, ondo gogoan dute egun hura Txema Salegik (Azkoitia, Gipuzkoa,1958), Xanti Lopetegik (Azkoitia, 1959), Jose Luis Zabaletak (Azkoitia, 1956) eta Jose Ramon Matxineak (Azkoitia, 1958). Martutenen preso zeuden lehenengo hirurak eta Jose Ramon Matxinearen anaia Mikel —egun, hilda dago—. Garai hartan, ETA politiko-militarreko kideak ziren ihesaldian parte hartzen ari ziren guztiak.

Txema Salegik eta Mikel Matxineak ihes egitea lortu zuten, Izaskun Arrazolarekin batera. Bost minutu geroago gauza bera egiteko asmoa izan arren, ez zuten lortu Xanti Lopetegik, Jose Luis Zabaletak, Juan Jose Auserdik eta Jon Barojak.

Hiru hilabete pasatu zituzten kartzelan, ihesaldia prestatzeko nahikoa. «Sartu orduko hasi ginen ihesaldia prestatzen», ziurtatu du Salegik. Bestela, «kartzelan ustelduko zirela» esaten zioten elkarri. 1979ko urriaren 20an atxilotu zituzten, eta hamar egunean «tortura izugarriak» jasan zituztela salatu dute Zabaletak ez, ospitalean egon zelako. «Espetxera iristerako, preso politiko guztiak zain geneuzkan. Txikituta geunden, eta bi funtzionarioren artean atera gintuzten furgonetatik», azaldu du Salegik. Bi edo hiru egun osatzen igaro ostean ekin zioten planari ziegakide ziren Txema Salegik eta Mikel Matxineak.

Hasieran, tunel bat egitea pentsatu zuten. Sotoko giltzak faltsutu zituzten, baina hondar guztia erori egiten zitzaien. Data horietan, GRAPOko kide batzuek ihes egin zuten beste kartzela batetik, eta miaketak areagotu ziren. «Pentsatzen genuen faltsututako giltzak harrapatuko zizkigutela, eta tunela egitea baztertu genuen». Orduan, beste aukera batzuen bila hasi ziren. Lehergailuak erabiliz alde egitea bururatu zitzaien, baina horiek kanpotik patiora bota beharko zizkieten, eta funtzionarioek patio guztia begiratzen zuten presoak atera aurretik. Beraz, aukera bakarra zegoela ikusi zuten: ate nagusitik ateratzea.

Behin ihes egiteko modua zehaztuta, guztia prestatzen hasi ziren. Ordurako, kartzela gehiena ezagutzen zuten. Emakumeek ere ihesaldian parte hartzea nahi zuten, ordea. Ez zuten beraiek zeuden eremua kontrolatzen, eta ez zekiten haiek egoten ziren lekuan zenbat funtzionario zeuden. Inoiz aurrez aurrekorik izan ez bazuten ere, bazekiten emakumeen ondoan zegoela haiek bisita egiteko lekua. Hara iristea jarri zuten helburu, lekua ezagutzeko aprobetxatzeko. Horretarako, jarrera ona erakutsi beharra zeukaten. Beraiekin ibiltzen zen preso sozial bati esan zioten preso bat gaixorik zegoela eta ospitalera atera nahi zutelako iskanbila bat sortuko zutela, eta berak funtzionario bat jotzen saiatu behar zuela. Hark ere ez zituen Salegiren eta Matxinearen benetako asmoak ezagutzen. «Iskanbila sortu genuen, presoak pistola atera zuen, eta funtzionarioa korrika hasi zen. Ni atzetik joan nintzaion ezer ez egiteko esanez, eta funtzionarioak eskerrak eman zizkidan», azaldu du Salegik. Lortu zuten lehenengo helburua. Bi ordurako zuzendariak deitu zion, eta ordainetan zer nahi zuen galdetu zion. Salegik bi gauza eskatu zizkion: ilobarekin aurrez aurreko bisita bat egitea eta esku pilotak egiteko sokak.

Zuzendariak ez zuen inolako oztoporik jarri, eta berehala eman zion eskatutakoa. Aurrez aurreko bisitaren bidez jakingo zuten zenbat funtzionario lotu beharko zituzten, eta horretarako sokak ere bazituzten. Matxinea eta Salegi elkar lotzen jarduten ziren entrenatzeko. «Hasieran, hiru minutu edo tardatzen genuen, eta hamabi funtzionario lotzeko azkarrago ibili beharra geneukan! Azkenerako, minutu erdian egiten genuen», azaldu du. Eskuak atzean jarriko zizkieten aurrena, eta gero, belauniko jarrarazi eta hankak eta eskuak lotuko zizkieten. Erizaintzatik esparatrapuak ere lortu zituzten, funtzionarioei ahoan jartzeko. Gainera, pilotalekuan ere probak egiten zituzten. Pilotak kanpora bota, eta ikusten zuten funtzionarioak berehala joaten zirela haien bila. «Dena kontrolatuta geneukan», ziurtatu du. «Segurtasunagatik» erabaki zuten besteei ezer ez esatea bezpera arte. «Guk arrastorik ere ez geneukan ihesaldia prestatzen ari zirela. Egun bat lehenago abisatu ziguten», kontatu du Lopetegik.

Lotu, mozorrotu eta kalera

Hiru hilabete prestatzen aritu eta gero, iritsi zen urtarrilaren 20a. «Ni konbentzituta nengoen dena ondo aterako zela», gogoratu du Salegik. Pilotan jokatzera joan ziren, eta pilota guztiak kanpora bota zituzten, nahita. «Gure aurka jokatzen ari zirenek lo jaitsi al nintzen galdetzen zidaten». Egindako probekin, bazekiten funtzionarioren bat bila joango zela. «Pilotak itzultzera etorri zirenean, pistola erakutsi eta atea irekitzeko esan genion». Sokak soinean zeramatzaten, eta pasilloz pasillo joan ziren, bidean aurkitzen zituzten funtzionarioak lotuz eta batzuen arropak jantziz.

Paketeak sartzeko erabiltzen zen lekura joan behar zuten. «Leiho bat zegoen, eta handik sartzen genituen paketeak, janaria...», azaldu du Matxineak. Funtzionarioak preso sozialen laguntzarekin paketeak sartzen ibiltzen ziren, eta beraiek ere horretan ari zirelako itxura egin zuten. Tartean, guardia zibil batzuk ere tokatu zitzaizkien, baina, funtzionarioak hainbeste zirenez, ez zuten elkar ezagutzen. «Ateratzen ari ginela, senide asko ezagunak ziren, eta ihesean ari ginela eta isiltzeko esan genien», azaldu du Salegik.

Babak eltzean

Kanpoan, autoan zain zeuzkaten Pello Uranga asmatutako izena da eta beste bat, presoek identifikatu zitzaten krabelin bana ahoan zutela. «Bizitza honetan gauza polit asko ikusi ditut, eta horietako bat hiru pertsona kartzelatik ihes egiten ikustea da». Urangak «atzo izan balitz bezala» gogoratzen ditu eguna eta aurreko prestaketak. Zita batean esan zieten hurrengo ekintza preso batzuk kartzelatik ateratzea izango zela. «'Nola ate handitik aterako direla?', esan nien harrituta». Orduan, prestaketa lanetan hasi ziren. «Presoetako baten amari ihesaldiaren aurreko larunbatean kartzelan babarrunak sartzeko eskatu behar nion. Hori zen klabea jakiteko astebete barru atera behar zutela».

Berez, asmoa zen bi auto uztea espetxearen kanpoan, autoa identifikatzeko lore sorta banarekin eta nora joan jartzen zien paperarekin. Baina beraiek ere han egon behar zutela erabaki zuten: «Pentsatu genuen bizitza honetan kartzelatik ihes eginez gero itxaron egin behar geniela».

«Zaila izan zen, baina ez guk kanpoan egin genuena, beraiek barruan egin zutena baizik», ziurtatu du Urangak. 10:30ean atera ziren lehenengo hirurak. «Izugarrizko poza sentitu nuen aurrenekoak ateratzen ikusi nituenean», azpimarratu du. Beste autoan sartzeko esan zien, eta bera atzetik atera behar zutenen zain geratu zen. «Guardia zibilak atera ziren, baina ez beraiek. Orduan konturatu nintzen bigarren taldearena gaizki atera zela». Pixka batean zain egon zen, korrika ateratzen baziren ere, baina beste inor ez zela irteten ikusita, alde egitea erabaki zuen.

Barruan zerbait gertatzen ari zen seinalea zen hori. «Gure istorioa barruan bukatu zen», kontatu du Lopetegik. Azaldu dutenez, preso sozial baten ama izan zen horren erantzulea. «Ateraino iritsi ziren, baina eskuin muturreko preso baten amak 'alde egiten ari direla' oihukatu zien kanpoan patruilatzen ari ziren guardia zibilei». Orduan, ihesaldia gelditu zuten. «Guardia zibil bat etorri zen, fusila zintzilik zuela, eta zein ari zen ihes egiten galdezka», esan du Lopetegik. Lau edo bost orduan eduki zituzten zutik paretaren kontra, Soriako (Gaztela eta Leon, Espainia) espetxera eraman baino lehen. «Aurretik eman ez zizkidatenak orduan hartuko nituela pentsatzen nuen», azaldu du Zabaletak. Baina bestelakoa izan zen egoera. «Belarrondoko bat bakarrik eman ziguten, eta Martutenen garagardo bat hartuko genukeela esaten ari ginelako».

Bitartean, ihesean jarraitzen zuten Salegik, Matxineak eta Arrazolak. «Bidean gindoazela, eskaner bat geneukan Guardia Zibilaren emisioak entzuteko, eta bagenekien non ari ziren kontrolak jartzen», nabarmendu du Salegik. Horrela jakin zuten beraien atzetik zihoan taldeak ez zuela ateratzea lortu. «Atean bertan heldu zietela entzun genuen, eta izugarrizko atsekabea eta pena sentitu genituen».

Martutenetik Donostiako Parte Zaharrera eraman zituzten. «Bikote bat zegoen haurrekin, eta bazekiten ilegalak iritsiko zirela». Ez zekiten nor ziren, ordea. «Telebista ikusten ari ginela, albistea bota zuten eta gure argazkiak atera ziren», ziurtatu du Salegik. Emakumeak «ondo» erreakzionatu zuela iruditu zitzaien, baina gizonak mahaitik alde egin zuen, eta pentsatu zuten beldurtu egin zela. Orduan, buruari bueltaka hasi ziren. «Handik hamar edo hamabost minutura, xanpain kaxa bat hartuta azaldu zen, hura ospatu beharra zegoela esanez».

Senideek ezer jakin gabe

Jose Ramon Matxineak ez zuen ideiarik anaia zer egiten ari zen «Guk ez genekien ezer. Bezperan bisita eduki genuen, eta 'bihar ondo ospatu' esan zidan, baina ez besterik». Ondo gogoan du berak ere urtarrilaren 20 hura. Donibane Lohizunera (Lapurdi) joan ziren manifestazio batera. «Hara abiatu, eta Guardia Zibilaren mugimendu handia ikusi genuen», azpimarratu du. Gainera, kaleko jantzitako polizia ugari zebilela ere sumatu zuten.

Hala ere, Azkoitira itzuli ziren arte ez zuten izan anaiak egindakoaren berririk. «Azkoitira iritsi ginen, eta amari taberna batean esan zioten semea kartzelatik atera zela». Matxineak, orduan, telefonora jo zuen. «Horrela jabetu ginen ez zela atera, ihes egin zuela baizik». Orduan, hainbat burutazio izan zituen. Alde batetik, «poz handia» sentitu zuela dio, baina, beste aldetik, baita urduritasuna ere. «Pentsatzen genuen ea berriro harrapatuko ote zituzten, non ote zebiltzan...». Berria entzun ondoren, kalera joatea erabaki zuen, zerbait gehiago jakin nahian. «Bizi osoko mozkorrik handiena harrapatu nuen», ziurtatu du.

Anaia kartzelatik kanpo egon arren, ez zuten harekin egoteko aukera handirik izaten. «Denbora batera berarekin hitz egin genuen; bi hilabetera, prentsaurrekoa eman zuten; eta ezkutuan bisitaren bat ere egin genuen».

Bakoitzak bere modura oroitzen du duela 40 urte gertatutakoa. Lopetegik dio urte hauetan guztietan bera ez dela gogoratu urtemugaz; Zabaleta, aldiz, urtero oroitzen da: «Urtero izaten dut buruan ihesaldiko eguna, harrapatu gintuztena, Sorian egurtu gintuztena...». Matxineak ere ez du ahazten anaiak egindakoa: «40 urte daramatzat egun horretan xanpain kopa bat hartzen, eta horrela segituko dut».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan COVID-19 gaitzak ez du inor hil du Euskal Herrian, eta hamasei positibo atzeman dituzte PCR probekin. Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Herritarrak paseoan, konfinamendua arintzeko lehen fasean ©Jon Urbe / Foku

Beste sei positibo eta hiru hildako jakinarazi ditu Jaurlaritzak, baina agerraldiak «kontrolatuta» daude

Irati Urdalleta Lete

Murgak iragarri du neurriak areagotzea pentsatzen ari direla azken egunetan festa giroan ikusi diren jende pilaketak «mantendu eta orokortu» ezkero

Irungo bizilagun batek grabatutako bideoaren irudi bat. ©

Santano: «Asteartean gertatutakoa salbuespenezko kasua izan da, eta, zoritxarrez, irudi mediatiko bilakatu da»

Bidasoako Hitza

Ekainaren 30ean (asteartea) Irungo Legia kaleko hiru tabernetan gertatutakoaren gainean aritu berri da Jose Antonio Santano alkatea. Ehunka lagunek bete zuten kalea, inongo distantzia eta maskararik gabe, eta tokian bertan grabatutako bideo batek hautsak harrotu ditu.
Irungo bizilagun batek grabatutako bideoaren irudi bat.

Produktibitatea

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna