Hazkundearen neurriak

Jaurlaritzak %4,8 gehiago jarriko du euskara sustatzeko 2021ean. Terrorismoaren biktimen elkarte nagusiek aurten adina diru jasoko dute

Bakartxo Tejeria, Pedro Azpiazu eta Hernando Lacalle, herenegun, Eusko Legebiltzarrean. IREKIA.
Edurne Begiristain - Jon O. Urain
2020ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak ostegunean utzi zuen 2021erako aurrekontu proiektua Eusko Legebiltzarraren esku, haren tramitazioa has dezan. 12.442 milioi euroko aurrekontua izango da, eta %5,7 handituko da 2020ko kontuekin alderatuta: 668 milioi gehiago.

HEZKUNTZA

Hezkuntzara aurten baino 189 milioi gehiago bideratuko ditu Jaurlaritzak: %5,7 gehiago. Mila milioi pasa Lehen Hezkuntzarako, beste hainbeste Bigarren Hezkuntzarako eta 345 milioi unibertsitate mailarako. Horietatik 311 Euskal Herriko Unibertsitatearentzat izango dira. COVID-19aren testuinguruan, izurriaren aurkako neurriak hartzeko 95,6 milioi euro jartzea aurreikusten du gobernuak; horietatik erdiak (48,4 milioi), lanpostuen errefortzurako.

OSASUNA

Ohikoa den moduan, Osasun Sailak izango du aurrekonturik handiena; aurtengoarekin alderatuta, %6 handiagoa izango da. COVID-19aren izurriak erabat baldintzatu du aurrekontua, eta haren ondorioei aurre egiteko osasun zentroetan emango diren zerbitzuetara bideratuko dira 169,5 milioi euro. COVID programaren barruan txertatu da diru sail hori: Arabako ESI erakunde sanitario integratura 31,3 milioi bideratuko dituzte; Donostialdeko ESIra, 43,5; Gurutzetara, 38,3 milioi; Basurtura, 33,7milioi; eta Galdakaora, 21,6 milioi. Koronabirusagatik gaixotutakoak ospitalera eramateko, milioi bat euroko diru sail bat ere jaso du aurrekontuak, eta COVID-19ari buruzko kanpainak egiteko, beste 500.000 euro.

EUSKARAREN SUSTAPENA

Sail gehientsuenek aurten baino baliabide gehiago izango dituzte, nahiz eta hazkunde hori ez den neurri berekoa sail edo egitasmo guztietarako. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari erreparatuta, 290 milioi euroko aurrekontua izango du, aurtengoa baino hamabi milioi handiagoa (%4,5), baina sail horretarako dirua aurrekontu guztiaren %2,3 izango da; 2020rako aurrekontua baino puntu bat gutxiago. Azken lau urteetan 2,2 eta 2,4 artean ibili izan da portzentaje hori. Sail horren zereginetako bat da euskara sustatzea, eta horretarako dirua ere ugarituko da datorren urtean: 119 milioi gorde dituzte horretarako, aurten baino bost milioi gehiago (%4,8).

EMAKUNDE

Hazkundea dezente apalagoa izango da, ordea, Emakunderentzat. Izan ere, ugaritze hori urrun dago aurrekontuek orokorrean izango duten %5,7ko hazkunde horretatik: 7,4 milioi izango ditu institutuak, aurten izan duena baino %1,1 gehiago. Deigarria da motelaldia, azken bi urteetan %6 eta %18 hazi baitzen institutu horretarako gastua.

GIZA ESKUBIDEAK

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren barruan jasota daude biktima eta giza eskubideekin zerikusia duten politikak, eta datorren urteko aurrekontuan 7,4 milioi euro gorde dira horietarako. Aurtengo aurrekontua baino milioi bat apalagoa da. Diru sailik handiena Giza Eskubideak, Bizikidetza eta Aniztasunaren zuzendaritzak kudeatuko du: 7,1 milioiren bueltan. Diru sail horrekin finantzatu nahi dira, besteak beste, biktimen elkarteak eta fundazioak. Diru laguntzak jasoko dituzten onuradunen artean daude AVT Terrorismoaren Biktimen Elkartea, FVT Terrorismoaren Biktimen Fundazioa eta Covite.Elkarte bakoitzak54.000na euro jasoko du, aurten adina. Biktimen bestelako elkarteentzat ere gorde dira diru sailak: besteak beste, 40.000 euro Ramon Rubial fundazioarentzat, 50.000 Fernando Buesa fundazioarentzat, 80.000 Gernika Gogoratuz elkartearentzat, eta 35.000 Pedro Arrupe giza eskubideen institutuarentzat. Aurtengo aurrekontuan izan diren diru laguntza berberak jasoko dituzte.

Biktimen eta giza eskubideen bestelako elkarteentzat ere izango da dirurik, baina aurrekontuan ez daude denak xehatuta. Bakeari, bizikidetzari eta giza eskubideei buruzko proiektuak garatzen dituzten erakundeentzat eta herri mugimenduentzat aurten agindutako konpromiso kredituaz landa, 2022rako ere 675.000 euroko beste bat jaso du aurrekontuak.

GogoraMemoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak, bestalde, aurten izandako aurrekontu bera izango du 2021. urtean: bi milioi inguru.2015ean jarri zen abian Gogora, eta, 2016ko lehen aurrekontutik —1,5 milioikoa izan zen—, apurka handituz joan da.

SEGURTASUNA

Segurtasun Sailak 692 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean, aurten baino 21 milioi gehiago, eta diru sail horren zatirik handiena Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibileko politiketarako izango da: 655 milioi. Atal horren barruan, 30.000 euro gorde dira Ertzaintzaren kontrol eta gardentasun batzorderako. Organo berri horrek Ertzaintzaren eskubideen urraketekin lotutako praktikak aztertzeko asmoa dauka. Bestalde, 150.000 euro jarriko dira Ertzaintzaren euskara eskoletarako, eta beste 20.000 euro euskara planetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.