Marra gorria Theresa Mayri

Bruselak ohartarazi du ez dagoela 'brexit'-aren akordioa berriz negoziatzeko tarterik. Erresuma Batuko lehen ministroaren kontrako zentsura mozioa aurkezteko ultimatuma eman diote Corbyni

Theresa May eta Mark Rutte agintariak, atzo goizean, Hagan, Herbehereetan. BART MAAT / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Londres-Haga-Berlin-Bruselas-Londres. Theresa May konplizeak bilatzeko lau hiriburutan izan da egun bakar batean. Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroarekin elkartu zen goiz-goizean. Catshuis egoitza ofizialaren atarian alfonbra gorria jarri zioten agintari kontserbadoreari, baina zeharkatu ezingo duen marra gorria ere sinboliza zezakeen. Europako Batasunak argi utzi dio brexit-aren akordioa ez dela berriz ere negoziatuko. Erresuma Batuko Komunen Ganberan ituna babesteko aski sostengu ez zuela izango ikusita, lehen ministroak bozketa atzeratzea erabaki zuen astelehenean, eta biharamunean, atzo, hainbat estatuburu eta gobernubururekin elkartu zen, elkarrizketak berriz abiatzeko prestasuna ote duten neurtzeko. Mayk, hitz diplomatikoetatik haratago, ezezko irmo bat jaso zuen gosarian, bazkarian eta afarian.

Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea aurretik ere antzera mintzatu bazen ere, atzo ere argi adierazi zuen akordioa ez dela berriz ere negoziatuko: «Azaroaren 25eko akordioa lor daitekeen onena da, adostu daitekeen bakarra. Ez dago berriz negoziatzeko tarterik, bai, ordea, itun berri bat ireki gabe, zehaztapen eta interpretazio gehiago egiteko». Europako Legebiltzarraren aurrean mintzatu zen presidentea, eta gauean elkartu zen Mayrekin. Horren aurretik, Erresuma Batuko lehen ministroak beste hiru bilera izan zituen: Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin, Michel Barnier Europako Batasuneko negoziazioburuarekin eta Donald Tusk Europar Kontseiluko presidentearekin. Bakar batek ere ez zuen amore eman.

Mayk parlamentuan bertan aitortu zuen bozketa atzeratu zuela ordezkari gehienek «alde handiz» baztertuko luketelako. Bruselari «premiazko elkarrizketak» eskatzea izan zen estrategia, baina bide horrek ez du ibilbide luzea izan. Irlandako mugari buruz hitzartutakoaz «berme gehigarriak» lortu nahi zituen lehen ministroak, hori baita itunaren inguruan babesa lortzeko duen trabarik handiena.

Erreferenduma Irlandan

Sinn Feinek, alde horretatik, akordiorik gabeko brexit-a gauzatzen bada uhartearen batasunaren inguruko erreferenduma egitea aldarrikatu zuen atzo. Mary Lou McDonald alderdi errepublikanoaren buruzagia «kezkatuta» agertu da, brexit-a ezartzean «trantsizioaren egutegiak modu dramatikoan» egingo duelako aurrera. Backstop izeneko formulari esker, uhartearen hegoaldearen eta iparraldearen artean muga gogorra ezartzea saihestu nahi du: muga fisikoa, alegia. Protokolo berezi horrek, baina, zatiketa ekarriko luke kontserbadore eta unionistentzat. DUP Alderdi Demokratiko Unionistarentzat kendu egin behar da formula hori, eta haren hamar diputatuen sostengua ezinbestekoa du Mayk —lehen ministroak unionistei esker agintzen du gutxiengoan—.

Oztopoak oztopo, dena den, bozketa urtarrilaren 21a baino lehen egingo dela iragarri du Londresek. Ordurako adostasuna lortzea zaila izango du Mayk. Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren ebazpenak are gehiago korapilatu du mataza. Erresuma Batuak, justiziaren arabera, ez du beste estatuen oniritzia beharko brexit-a gauzatzeko erabakia bertan behera uzteko; hau da, akordioa bere kabuz ezeztatu ahalko du.

SNPren ultimatuma

Horrek itunaren kontra daudenen ahotsak indartu ditu, eta gero eta gehiago dira beste erreferendum bat aldarrikatu eta lehen ministroaren kontra zentsura mozioa egiteko eskatzen duten ahotsak. SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak ultimatuma bota zion atzo oposizioko buruari mozioa eguna amaitu baino lehen aurkez zezala eskatuz. Jeremy Corbyn Alderdi Laboristako presidenteak zentsura mozioa «egokia» denean aurkeztuko duela zehaztu zuen iluntzean, lehen ministroaren kontra irmo mintzatu bazen ere. Bozketa atzeratzean «ihes» egitea eta «doilor» jokatzea leporatu zion Mayri.

Corbyn, dena den, ataka zailean dago. Oposizioko lau alderdiek eskutitz bidez eskatu diote zentsura mozioa aurkezteko bigarren galdeketa bat egin ahal izateko. SNP alderdiaz gain, liberaldemokratek, berdeek eta nazionalista galestarrek egin dute bat eskaerarekin. Corbynek, hala ere, beste erreferendum bat egitea baino nahiago du bozak aurreratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.