Parlamentuaren esku berriro

Llarenak kargua eten die matxinadagatik auzipetutako sei diputatu katalani. Subiranistek salatu dute legebiltzarreko «gehiengoak» aldatzeko nahia dagoela. ERC eta JxC nola erantzun aztertzen ari dira

Jordi Turull, Carles Puigdemont eta Oriol Junqueras, iazko maiatzean, Generalitatearen jauregian. TONI ALBIR / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Kataluniaren eta Espainiaren arteko gatazka politikoa konpontzen hasteko, Generalitateko presidentea eta Espainiako Gobernukoa Moncloan batzartu ziren herenegun. Baina Pablo Llarenak atzo jakinarazitako erabakiak beste oztopo bat gehituko dio konponbide posibleari; izan ere,Auzitegi Goreneko epaileak diputatu kargua eten die prozesu subiranistaren harira matxinada delituagatik auzipetuta eta behin-behinean kartzelan edo erbestean dauden sei buruzagi independentistari; behin-behineko neurriak Carles Puigdemonti, Oriol Junquerasi, Josep Rulli, Jordi Turulli, Raul Romevari eta Jordi Sanchezi eragiten die. Horren ondorioz, eta baldin eta ordezkatzen ez badituzte, subiranistek gehiengoa galduko lukete Kataluniako Parlamentuan. Azken hilabeteotan beste hainbatetan gertatu bezala, legebiltzarrari dagokio Espainiako Justiziaren erabakiak onartzea edo desobeditzea.

Goreneko apelazio aretoak joan den ekainaren 27an berretsi zuen buruzagi independentisten aurkako auzipetze autoa, eta Llarenak instrukzioaren amaierako autoa idaztea besterik ez zen falta parlamentariei kargua eteteko. Atzo kaleratu zuen. Espainiako Prozedura Kriminalerako Legearen 384 bis artikulua aintzat hartuta hartu du erabakia. Horren arabera, pertsona bati kargu publikoa eteten zaio baldin eta matxinada delituagatik auzipetzen eta kartzelatzen badute. Antoni Comin Belgikara erbesteratua ere beste seiak bezala dago, baina Llarenak ez du ebazpenik egin oraindik haren abokatuak auzipetze autoari jarritako helegiteaz. Dena den, eta sekulako ezustekorik ezean, hari ere kargua etengo dio.

Llarenak autoan dioenez, erabakia behin-behinekoa da, eta nabarmendu du neurria bertan behera geratuko dela auzipetuei matxinada ez den beste delitu bat egozten badiete, edo epaiketa bukatu bitartean behin-behineko espetxealdia eteten baldin badiete. Oraindik ez dute argitu noiz hasiko den ahozko epaiketa. Absolbituz gero, diputatuek karguak berreskuratuko lituzkete.

Bitartean, Llarenak autoa helaraziko dio Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteari. Izan ere, hari dagokio ebazpena gauzatzea eta parlamentariei karguak etetea.

Duela bi aste, Gorenak auzipetze autoa berretsi zuenean, indar subiranistek parlamentuko arautegiari heldu zioten, eta azpimarratu zuten ganberak soilik duela diputatu bati kargua eteteko eskumena. Legebiltzarraren «subiranotasuna» defendatzera deitu zuten.

Atzo ere hori egin zuten, eta, Gorenaren erabakia salatzearekin batera, diputatuen eskubide politikoak aldarrikatu zituzten. Gemma Geis JxC Junts Per Catalunyaren bozeramailearen ondokoaren esanetan, inori ezin diote kargua eten «gertatu ez diren delitu batzuengatik». Anna Caula ERC Esquerra Republicanako bozeramailearentzat, inork ezin du «aldatu» hautetsontzietan hautatutako ordezkaritza parlamentarioa. Hain zuzen ere horixe bera izan zuen hizpide Elsa Artadi Kataluniako Generalitateko bozeramaile eta Presidentetza kontseilariak. Haren iritziz, gehiengo parlamentarioak aldatzeko «nahi batek» eragin du Llarenaren erabakia.

JxCren eta ERCren artean 66 diputatu dituzte, eta, auzipetutako seiei kargua etenda, gehiengoa galduko lukete, unionistek 65 baitituzte; CUPek lau ditu. Eta antikapitalistek eskatu dute osoko bilkuran batean eztabaidatzea Llarenak hartutako erabakia. Parlamentuaren arautegiaren arabera, diputatu bati kargua eteteko bozketa bat egin beharko litzateke, eta bozketan gehiengo osoa lortu. Catalunya en Comuk, bestalde, zalantzak ditu ea osoko bilkura batean bozkatzeak zer eragin izan lezakeen Llarenaren erabakian. ERC eta JxC nola erreakzionatu aztertzen ari dira. Halere, Parlamentuko Mahaiak erabakitzen badu ebazpena saio batera eramatea, Espainiako Estatuak Torrenten kontra joko du ziurrenik.

Forn, Rull eta Turull

Joaquim Forn, Josep Rull eta Jordi Turull kontseilari kargugabetuak Kataluniako kartzela batera lekualdatzeko prozesua hasi zuten atzo. Estremeratik Zuerako espetxera (Espainia) eraman zituzten, eta han igaro dute gaua. Gaur arratsaldean dira Sant Joan de Vilatorradako Lledoners kartzelara iristekoak. ANC Biltzar Nazional Katalanak, Omnium Culturalek eta Eskubide Zibilen Elkarte Katalanak elkarretaratze batera deitu dute.

Bestetik, Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordea eta Pere Aragones Generalitatekoa bihar batzartuko dira Madrilen, eta «aldebiko bilerak» hasiko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.