Koronabirusa. Mundua. Vittorio Agnoletto. Medikua

«Enpresen irabaziak babesteak eragina izan du erabakietan»

Italiako Gobernuak hartutako jarrera gogor kritikatu du Agnolettok. Zientzialariaren iritziz, urteetan osasun publikoa gaizki kudeatu eta irabaziak lehenetsi izanaren ondorioa da egun duten krisia.

ORSOLA CASAGRANDE.
Orsola Casagrande Sergio Segio
2020ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Vittorio Agnoletto lan osasunean espezializatutako medikua da, 30 urtetik gorako esperientziaduna. Haren ezagutza zientifiko eta profesionalari gehitu behar zaio 1968ko belaunaldiaren kide izateagatik garatu duen pasio zibil, sozial eta politikoa. Ekintzaile altermundialista, Genovako Foro Sozialeko bozeramaile izan zen G8aren 2001eko bileran, eta Munduko Foro Sozialaren Nazioarteko Kontseiluko kide da. Artikulu zientifiko ugariren egilea eta europarlamentari ohia ere bada. Esperientzia handia du gaixotasun infekziosoetan, Italiako Hiesaren Batzorde Nazionaleko kide eta Hiesaren Kontrako Liga Italiarraren presidente eta arima izan baita.

Larrialdi egoerako asteotan Agnolettok lanean jarraitzen du nekagaitz, irratsaio eta zuzeneko bideo ugariren bitartez, herritarren galderei eta kezkei erantzunez.

Epidemiak Italian izan duen garapenarengatik eta utzi dituen zenbakiengatik pentsa daiteke akatsak izan direla eta atzerapenarekin jokatu dela. Zein izan dira akats horiek? Ekidin zitezkeen?

Denbora asko pasatu da birusa Txinan agertu, transmisio bideak identifikatu eta Italiara eta Mendebaldera zabaldu denetik. Gutxienez, hilabete eta erdi. OME Osasunaren Mundu Erakundeak aldi hori aukera leiho gisa definitzen du. Hau da, gobernuek prebentzioa eta informazio erremintak aktibatzeko eta birusaren eta epidemiaren agertzearen aurrean prestatu ahal izateko denbora tartea.

Zoritxarrez, hilabete hori ez zen behar bezala erabili. Gobernua mugez eta aireko bidaiez kezkatu zen batez ere. Zentzuz, baina akatsekin. Txinatik zetozen zuzeneko hegaldiak eten ziren; ez, ordea, geldialdiren bat zutenak. Baina, batez ere, ez ziren hainbat neurri garrantzitsu hartu.

Nazio mailan, 112 zenbakia erraztu zen informaziorako edo kasu susmagarrien berri emateko. Larrialdi zenbakia blokeatuta gelditu zen koronabirusari buruzko milaka deirekin, eta baztertuta gelditu ziren gainontzeko larrialdiak. Azkenean, lurralde bakoitzerako zenbakiak jarri zirenean, ez zen horietarako langile nahikoa jarri.

Italian badugu zerbait mundu osoari inbidia ematen diona: familia mediku sare orokortu eta unibertsal bat, biztanle guztien eskura, erabiltzaileak paperik gabeko migratzaileak diren axola gabe. Pertsona orok egiten duen lehenengo gauza familia medikuarengana jotzea izaten da. Beraz, oinarrizkoa izango zen profesional horiek prestatzea, babes egoki bat izan dezaten, osasun langileak birusaren hedatzearen kontrako lehenengo hesia baitira. Hori ez zen egin.

Italian etxeratzea ezarri zenean, gaur Europa osoan eztabaidatzen den akats bat egin zen: eskolak itxi ziren, baina ez lantokiak. Horren ondorioz, ume asko beren aitona-amonekin gelditu ziren, nahiz eta Txinak baieztatu zuen haurrak infektatzea oso gertagaitza zela, baina infektatuz gero birusa transmititzen zutela. Beraz, talderik ahulena, adinekoena, arriskuan jarri zen inolako beharrik gabe. Norvegian, esaterako, beste era batera jokatu zen: eskolak ixtearekin batera itxi ziren lanpostuak, eta ikastetxeek zabalik jarraitu zuten halabeharrez lanean jarraitu behar zuten beharginen seme-alabentzat.

COVID-19ak Italian duen hilgarritasun tasak gainontzeko herrialde guztiena gainditu du. Zein da datu horien zergatia?

Ez dago erantzun ziurrik, baina hausnarketa batzuk egin daitezke. Aintzat izan behar dugu, hasierako fasearen ostean, Italia soilik 37,5 gradutik gorako tenperatura eta arnasteko zailtasuna dutenei soilik ari dela testak egiten. Hilgarritasun tasa proba egin dieten herritar kopuruaren araberakoa da, eta positiboak sintomak agertzen dituzten fasean daude jada. Beraz, atzemandako gaixoen eta heriotzen ehunekoen arteko harremana oso handia da. Baina OMEk esaten digunez, soilik infektatuen %20 inguruk garatzen du fase sintomatikoa. Teorian, birusa duten pertsonak datu ofizialek diotenak halako bost izan beharko lukete gutxi gorabehera.

Italiak bizi itxaropen nahiko handia du, nahiz eta azken bi urteetan jaitsi egin den, eta handia du osasun sistemaren ikuspegi unibertsalari esker. Baina bada inork aipatzen ez duen datu bat: azken zazpi-zortzi urteetan Italian nabarmen egin du okerrera OCDEk [Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak] biztanleriaren osasuna neurtzeko erabiltzen duen adierazle batek: gaixotasunik gabeko egun kopurua nabarmen murriztu da 65 urtetik gorakoen artean.

Milioika pertsonak ezin dituzte behar dituzten tratamenduak erosi, ez dutelako nahikoa dirurik; zaila da zenbait terapia egitea, bereziki fisioterapia eta odontologia. Beraz, adinekoen bizi kalitatea okertzen ari da, eta, ondorioz, ugaritzen ari dira haien gaixotasunak. Egoerak are ahulago egiten ditu birusaren aurrean.

Ba al da harremanik koronabirusaren birulentziaren eta hainbat eremu geografikoren eta ingurumen baldintzen artean?

Hipotesietako bat da kutsadura handiko eremuetan denbora luzez bizitzeak organismoaren ahulezia erraztu dezakeela, bereziki, adinekoen artean. Baina ez dago horren baieztapenik.

Urruntze eta berrogeialdi neurriak indarrean jarri izanagatik, ez dirudi birusaren hedatzea eten denik.

Uste dut Lodiko hamar herritan eremu gorria ezartzea eraginkorra izan dela. Kutsatze kurba beheranzkoa izatea lortu da. Arazoa sortu da neurriak Lombardia osora eta nazio mailara hedatu direnean. Italia ez da Txina. Horri gehitu behar zaio hainbat ekoizpen jarduera irekita mantentzea egiazko arazoa dela, nahitaez mugikortasun maila bat eskatzen du horrek. Gainera, nahikoa maskararik eta babes ekiporik ez baldin badago osasun langileentzat, are gutxiago lantegietan eta gainerako lanpostuetan ari diren beharginentzat. Horren gain, lan medikuntza nabarmen murriztu da osasun publikoan. Adibidez, Milango ASLak lan medikuei Codognoko agerralditik hiru astera eman zizkien lehen argibideak lan medikuei. Ez da zalantzarik irabazi enpresarialak babesteak eragin garrantzitsua izan duela gobernu zentralak eta tokiko administrazioek hartu dituzten erabakietan. Ez da kasualitatea gobernuak erabakiak hartu behar izan zituenean Lombardiako Confindustriak berehala esku hartu izana, industria jarduera ez litzatekeela eten behar esanez.

Osasun publikoan inbertsio nahikorik egin ez izana ordaintzen ari gara?

Lombardiako osasun zerbitzuetatik gehienak pribatuak dira, eta horietara bideratzen da osasunean gastatzen den aurrekontuaren %40 inguru. Horietan inbertitzen dute bankuek eta enpresa pribatuek irabaziak lortzeko. Zenbat eta gaixo gehiago, irabazi gehiago sektore pribatuarentzat. Sektore publikoaren ikuspegia erabat aurkakoa da: zenbat eta gaixo gutxiago, gastua ere txikiagoa izango da. Hori da txanponaren beste aldea, alegia, sektore pribatuari ez zaio interesatzen prebentzioa lantzea, irabaziak murriztuko lizkiokeelako; aldiz, publikoak horretan jarri behar ditu indarrak. Tamalez, Italiako Gobernuaren egungo neurriek sektore pribatuari laguntzen diote. Behin-behineko neurri gisara ondo dago, beharrezkoa delako haren laguntza, baina nondik sortu da behar hori? Gainera, sektore pribatuari ematen ari zaizkion eskumen horiek berrikusiko dituzte pandemiaren ostean?

Egunotan aipatzen da botika industriaren zati bat nazionalizatzeko aukera. Irtenbide bat litzateke?

Osasun sistema nazionala berrikusi beharko litzateke. Uste dut hausnartuko beharko genukeela zergatik ez garen gai izan koronabirusaren pandemiari aurre egiteko, eta prebentzioaren garrantzia kontuan hartu. Etorkizunean ere antzeko pandemiei aurre egin beharko diegu, eta, horretarako, oinarrizkoa da osasun sistema on bat izatea. Azken urteetan murriztuz joan den finantzaketa indartu behar dugu, eta, batez ere, prebentzioa sendotu. Herritarrekiko harremana ere hobetu beharko genuke, ez dadin arazoa osasun sistemaren esku bakarrik geratu, eta eurak ere protagonista izan daitezen.

Botika industriari dagokionez, ados nago industria publikoaren alde egiten dutenekin, baina hura aspaldi desegin zuten. Egun dagoena nazionalizatzea, berriz, oso Þzaila ikusten dut. Europa mailako botika industria publiko bat beharko genuke. Batzuetan pentsatzen dut amets bat besterik ez dela, eta ezinezkoa dela; baina tarteko helburuak egingarriak dira. Sistema osoa aldatu beharko genuke, patenteetatik hasita. Gaur egun patente bat hogei urterako da; horrek esan nahi du patente horren jabe den enpresak bakarrik ekoiztu dezakeela botika hori, eta hari nahi duen salneurria jarri, ez duelako lehiakiderik.

Kontrol neurri zorrotzak ezarri dituzte krisiari aurre egiteko. Horiek indarrean jarraituko dute pandemia amaitutakoan ere?

Hartu diren neurriak beharrezkoak dira. Egia da kontraesanak sortzen dituztela, adibidez armada kalera ateratzeak eta, gero, milaka pertsonak lanera joan behar izateak oinarrizkoak ez diren gaiak ekoiztera. Arau horiekiko errespetuak komunitatearekiko errespetua adierazten du, ulertzea osasun publikoa gutako bakoitzaren esku dagoela, eta geure buruaren erantzule ez ezik, besteei gertatzen zaienaren erantzule ere bagarela aitortzea. Hori guztia da komunitate bateko kide izatea. Eta sentimendu horrek berak eraman behar gaitu bermatzera salbuespenezko neurriak tarte jakin baterako izango direla, eta ezin direla erabili gure egunerokoa aldatzeko. Hori gizartearen erantzunaren araberakoa izango da, batez ere aurreratuen dagoen gizartearen araberakoa; ikusi beharko dugu nola egiten dioten aurre salbuespenezko neurriei. Behin salbuespen egoera amaituta, beharrezkoa da sistema demokratikora itzultzea.

Zer aholku emango zenieke Italiak bizi duenaren antzeko egoeran dauden beste herrialdeei, Espainiari kasurako?

Espainiak eta beste herrialdeek ez liokete Italiaren bideari jarraitu behar, batez ere pandemiaren lehen fasean. Babeserako ekipamendurik gabe gaude, baina baita botikarik gabe ere. Gobernuak esku hartu beharko luke, zorrotz, eta botika enpresak ekoizpena handitzera derrigortu, botikak eta babes ekipamenduak bermatzeko. Europa mailan, enpresak derrigortu behar dituzte, patentea alde batera utzi, eta botikak merkaturatzera, baina beste salneurri batzuetan. Patenteen araudiak berak zehazten du osasun edo ekonomia krisi baten kasuan ezarritako arauak urratu ditzaketela gobernuek. Neurria konplikatua da, baina Europa mailan hartzen badute, ekoizpenari lagundu diezaioke, kostuak askorik handitu gabe.

Uste dut Espainiak zuzen jokatu duela iragarriz osasun zentro pribatuak beretuak izan daitezkeela egoerak hala eskatuz gero. Italiak ez du orain arte halakorik iragarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.