Hirugarren desobedientzia ekintza egin dute Bakegileek

Miarritzeko ordainlekua blokeatu dute, autobidean 'Barraskilo operazioa' egin ondotik. Aitzinamendurik izan ezean Ipar Euskal Herria «osoki blokeatzeko» prest agertu dira

Miarritzeko ordainlekua oztopatu zuten atzo Bakegileek. BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Miarritze
2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Hamalau minutuko auto lerroak Lapurdiko autobideko bi norabideetan. Horixe izan zen Bakegileen atzoko protestaren eragina. Euskal presoen auzian Frantziako Gobernuaren eta Frantziako justiziaren «blokeoa» salatzeko, autobidea blokeatu zuten atzo goizean Miarritzeko (Lapurdi) ordainlekuan. «Auto lerroek Parisen blokeoa irudikatu dute», azaldu zuten antolatzaileek. Dozenaka auto bertaratu ziren; erdiak Urruñatik (Lapurdi), eta beste erdiak Hazparnetik (Lapurdi).

Herenegun Miarritzen Frantziako zergen egoitza okupatu ondotik, beste ekintza bat egin zuten atzo Bakegileek. Desobedientzia zibilean oinarritutako faseari ekin zioten otsailaren 18an, Baionako suprefeturara kateatuz. Fase berria ireki zutenetik egin duten hirugarren ekintza izan zen atzokoa. Protestarako hautatu duten eguna ere sinbolikoa da. Izan ere, egunotan 32 urte beteko dira Jakes Esnal, eta Jon eta Unai Parot kartzelatu zituztenetik.

10:00etan atera zen auto karabana Hazparnetik, Miarritzera buruz, Jon, Jakes eta Unai gurekin zioen afixa autoan itsatsita. Orduko 50 kilometroko abiaduran sartu ziren A-63 autobidera, eta Miarritzeko ordainlekuan gelditu ziren. Gisa berean, Urruñatik ere partitu zen bigarren autokarabana, hori ere Miarritzera buruz. Hala, 10:45ean guztiz blokeatua zuten autobidea ekintzaileek. Emmanuel Macron Frantziako lehendakaria akuilatzeko banderola bat zintzilikatu zuten ordainlekuan: Beraz, Macron? Euskal presoak, zer?

Argi utzi dute geroz eta ekintza «determinatuagoak» egiteko gogoa. Hurrengoa egiteko, epai baten zain daude. Erraterako, maiatzaren 19an Parisko Dei Auzitegiak berriz ere aztertuko du Jakes Esnal baldintzapean aske uztea. Lehen epaiketa izan zuenean, ukatu egin zioten, horren eskuratzeko froga egin ez zuela argudiatuta. Kasazio Auzitegira jo zuen orduan, eta arrazoia eman dio auzitegi horrek: baldintzapean aske geratzea lor dezakeela berretsi zuen. Orain, beraz, Parisko Dei Auzitegira itzuli da afera, eta maiatzaren 19an trenkatu beharko du.

Gero eta gehiago

Asteburuko mobilizazioak «determinazioaren froga» dira, Anaiz Funosas Bakegileen bozeramailearen ustez. Are, «urrunago» joateko prest agertu dira. «Gizarte zibilak hitza ematen duenean, hitza betetzen du; erran genuena egiten ari gara, eta segituko dugu. Gure ekintzak areagotuz joanen dira», berretsi zuen Funosasek. Halaber, Esnalen auzi saioaren beha daudela erran zuen. «Auziaren emaitzak Jakes Esnal aske uztea ekarriko duela espero dugu». Hala ez balitz «Ipar Euskal Herria blokeatzera» doazela azpimarratu zuen. Blokeo horren «aitzin gustu» bat izan zen atzoko egitasmoa, haien arabera.

Berdintsu mintzatu zen Jean Daniel Elixeri Bakegileen bozeramailea. «[Frantziako] Estatuaren gorenean den botere politikoari dei egiten diogu presoen afera politikoki tratatzeko». Hala, segurtatu zuen atzoko ekintza «egiteko gai» diren froga dela. Funosasek bezala, ekintzak «areagotzeko» borondatea erakutsi zuen.

Bestalde, atzoko ekintzan egon zen Anita Lopepe EH Bai koalizio abertzaleko kidea. «Eskatzen dugu presoak askatu behar direla; eta, bereziki, Jakes [Esnal], Jon eta Unaien [Parot] kasua larrialdizkoa da». Presoen auziari begira, jomugan ezarri zuen Frantziako Gobernuaren jarrera. Lopepe: «Parisek urte luzetan blokeatzen du euskal presoen gaia. Urrunago joateko prest gara gizartearen gehiengoaren nahiari erantzun baikor bat eman arte».

Asteburuko mobilizazioen bidez, Parisi helarazi nahi diote mezua Bakegileek. Adierazi zutenez, Frantziako Estatuaren sinbolo diren lekuak dituzte jomugan, hain zuzen Estatuaren «utzikeria» salatzeko eta «seinalatzeko». Eta segitzeko «prest» daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.