Auzitegi Gorenaren epaia. Erreakzioak Europan

Nazioarteko hedabideek espetxe zigor luzeak nabarmendu dituzte

Nazioarteko hainbat hedabidek euren webguneetan argitaratutako albisteak. BERRIA.
Iosu Alberdi.
2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Nazioarteko komunikabide nagusiek lehen orrialdera eraman dute Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako buruzagi independentisten aurka emaniko epaia. Sedizio delitua eta espetxe zigorren urte kopurua izan dituzte hizpide nagusi.

Erresuma Batuko The Guardian egunkariak honela titulatu du: Kataluniako lider separatistek espetxe zigor luzeak jaso dituzte; garrantzi berezia eman die arratsaldean Kataluniako eta batez ere Bartzelonako kaleetan gertatu diren protestei. BBCk zigorraren zergatia eraman du lehen lerrora: Kataluniako liderrak espetxera bidali ditu Espainiako Auzitegiak, sedizioagatik. Hedabideak albistera eraman du Carles Puigdemonten aurkako euroagindu berria ere. AEBetako The New York Times eta Alemaniako Der Spiegel komunikabideek ere aipatu dute presidente kargugabetuaren afera.

Italian, La Repubblica egunkariak ERCko buru Oriol Junquerasi eman dio titularra: Katalunia, independentisten gaineko epaia: 13 urteko espetxealdia Oriol Junquerasentzat.

Atlantikoaren beste aldean, berriz, Argentinan, Clarin egunkariak hamahiru urtera arteko espetxe zigorretan jarri du fokua lehen orduan, eta, denbora pasatu ahala, protestei eman die indarra: Hegaldiak bertan behera, bideak moztuta eta Poliziarekin gorabeherak Bartzelonan, lider independentisten aurkako epaiaren ostean.

Gertuago egon arren, Frantziako Le Monde egunkariak tarte txikiagoa eskaini dio albisteari. Halere, albistean zehar Junquerasen hitzak jaso dituzte: «Ez dago estatu berri bat eraikitzea beste aukerarik, demokratak jazartzen dituen honetatik ihes egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.