Agoizko Gamesa ixtea eragotzi nahi dute sindikatuek eta gobernuak

Nafarroako Gobernuak haserrea adierazi du, eta agindu du langileei egindako kaltea apaltzen saiatuko dela. Sindikatuek ukatu egin dute enpresaren argudioa, hots, fabrika ez dela lehiakorra

Agoizko Gamesa ixtea eragotzi nahi dute sindikatuek eta gobernuak.
Iker Aranburu.
2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Siemens Gamesak Agoizko lantegia itxiko duela iragarri izanari aho batez erantzun diote instituzioek eta sindikatuek: ahalegin guztiak egingo dituzte enpresak atzera egin eta fabrikak irekita jarrai dezan. Lan zaila dute, ikusita multinazional eolikoak zirkin handirik egin gabe itxi dituela azken urteetan hainbat lantoki Europan zehar, horietako batzuk Euskal Herrian bertan —2010ean itxi zuen Altsasukoa, eta 2013an Tuterakoa, biak Nafarroan—.

Enpresaren erabakia «haserre» hartu zuen Nafarroako Gobernuak, eta hala jakinarazi zioten enpresari Maria Txibite lehendakariak eta Manu Aierdi Ekonomiaren Garapenerako kontseilariak. Ildo horri eutsi zion atzo Javier Remirez bozeramaileak ere. Azaldu zuen zuzendaritzarekin eta sindikatuekin harremanetan daudela erabakia aztertzeko, «eta, posible bada, atzera egiteko». Remirezek, ordea, onartu zuen ez zaiola erraz izango, gaia «konplexua» dela; horregatik, fabrika ixten bada, «horrek langileengan izango duen kaltea apaltzeko tresnak» lantzen saiatuko dira. Sindikatuek, berriz, helburu bakar bat aldarrikatu dute: itxiera eragoztea.

Astearte iluntzean igorritako agirian, Siemens Gamesak lehiakortasun eta kokapen arazoak eman zituen Agoizko lantegia ixteko eta han aritzen diren 239 langile kalera botatzeko —aurretik iragarria zuen aldi baterako kontratua zuten 70 behargin kaleratuko zituela—. «Kostu handiagatik eta duen kokapen geografikoagatik, portu gertuenetik 200 kilometrora dagoelako» itxiko du Siemens Gamesak, ohar batean azaldu duenez. Agoitzen egindako palak Bilboko portura bidaltzen zituen esportaziorako zirenean.

Halako arazorik ez luke, berriz, enpresak Portugalen erosi berri duen fabrikak, Vagos herrian baitago, Aveiroko portutik kilometro eskas batera, autobide baten ondoan. Senvion lehiakide alemaniarrarena zen lantegia, baina hark saldu egin zuen, arazo ekonomiko handiak zituelako.

Itxiera arrazoitzeko, beste arrazoi bat eman du Siemens Gamesak: Agoitzen SG 3.4-132 haize errotarako palak egiten dituztela, eta horiek «etxeko merkaturako» direla, eta ez esportatzeko. 132 metroko gailuetarako palak dira, eta enpresak dio 170 metroko haize errotak direla etorkizuna.

«Aitzakia hutsak»

Errentagarritasunaren argudioa gezurtatu egin du lantegiko sindikatu nagusiak, ELAk —sei ordezkari ditu Langile Batzordean, lau LABek, bi UGTk eta bat CCOOk—. «Aitzakia hutsak dira. Hamar urte eskas dauzkan lantoki honek sorreran zituen baldintza berdinak ditu egun lehiakorra izateko, eta lehiakorra ez izateko elementu bakarra Siemensen jabetzakoa izatea da».

Izan ere, ELAk uste du Agoizko plantaren «deslokalizazioaren» abiapuntua Siemensek Gamesaren kontrola hartu zuen garaian aurkitu behar dela, 2017ko udaberrian. «ELAk kezka adierazi zuen, Euskal Herriarekin izan zitzakeen lotura guztiak gal zitzakeelako, eta gure lantokien etorkizuna kolokan jartzen zuelako». Orduko hartan bi enpresen bat egitea babestu zuten erakundeak kritikatu ditu, eta jakinarazi die Agoizko fabrikaren itxiera geratzen saiatuko dela. «Agoizko lantokia bideragarria da, eta lan karga du. Inork ezin du pentsatu gure herrian horrelako deslokalizazio bat erantzun irmorik gabe egin daitekeenik».

Enpresaren justifikazioak «gezurra» iruditzen zaizkio LABi. «Joan den astean jakinarazi zion Langile Batzordeari urte osokorako lan karga ziurtatua zutela. Hilabete hauetan guztietan normal aritu dira lanean. Hala ere, multinazionala gezurretan ari zitzaien bitartean, lantegia ixteko erabakia hartua zuen».Sindikatuak «luzaroan diseinatutako plan bat» ikusten du Agoitz ixtearen atzean: «Berriki Portugalen erosi duen lantegira eta jada Tangerren duenera eramango du ekoizpena [...] Poltsikoak bete ahal izateko kostuak merkatuko ditu, familia askoren enpleguaren kontura».

LABek ere gogorarazi du Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak «txalotu» egin zutela Siemensen esku hartzea. Orain, orduko jarrera horren ardura hartu behar dutela uste du: «Multinazionalaren erabakiaren aurka inplikatu behar dute, eta enplegu galera basatiari irtenbideak eskaini behar dizkiote».

«Agoizko lantegiaren itxiera ulertezin eta izugarria» eragozten saiatuko dela agindu du, berriz, UGTk. Oroitarazi duenez, 2016ko azaroan CNMVk baimena eman zion Siemensi akzioak erosteko eskaintza publiko bat ez egiteko, baina trukean eskatu zion industria plan bat egiteko. «Plan horrek al zekarren Miranda Ebroko lantegia ixtea (2018), bulegoetako langileen erregulazioa (2018), onshore ataleko bulegoetako langileen doikuntza (2019), eta, azkenik, Agoizko lantegiaren itxiera? Ez, noski».UGTren arabera, «lurreko energia eolikoaren atalean Siemens Gamesak dituen arazoak argi eta garbi ez daude Espainian».

Haserrea ezkutatzeko ahaleginik ez du egin, berriz, Agoitz herriko alkateak, Angel Martin Unzuek (EH Bildu). Enpresako ordezkari batek deitu zion berria emateko, eta berehala hots egin zion Txibite lehendakariari, hitzordu bat eskatzeko. Izan ere, Unzuek ziurtatu du lantegia ixtea «sekulako kolpea» dela Agoitzentzat eta haren eskualde osoarentzat [Pirinioaurrea]. «Paradoxikoa da, baina eskualde honetan dago Itoizko urtegia eta hemen hasten da Nafarroako ubidea, eta biek ematen diote aberastasuna Nafarroa osoari. Baina eskualdea husten ari da; langabezia gehien jasaten dutenetakoa da, eta orain gehiago handituko da». Kaleratze zuzenei batuko zaie merkataritzak eta ostalaritzak galduko dutena.

Zuzendaritzak bilera batera deitu zituen sindikatuak atzo goizean, enplegua erregulatzeko espedientearen berri emateko. Datorren asteazkenean hasiko dute negoziazioa.

«Konpromisoa»

Agoitz itxi arren Siemens Gamesak «Nafarroarekiko konpromisoari» eusten diola ziurtatu du Alfonso Faubel onshore adarreko kontseilari ordezkariak. Sarrigurenen (Eguesibar) biltzen ditu lurreko haize erroten ataleko ingeniaritza eta I+G ataleko lanak, eta logistika eta zerbitzu zentro bat du Aratzurin eta Iruñeko Agustinos industrialdean. Egoitza nagusia Zamudion du (Bizkaia), eta motorrak egiten ditu, Gearbox filialaren bidez, Mungian (Bizkaia) eta Asteasun (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.