Trump auzitara eroskeriagatik

2016ko bozen atarian pornografian aritzen den aktore bati ordaintzea egotzi diote AEBetako presidente ohiari. «Jazarpen politikoaren biktima» dela salatu du buruzagi errepublikanoak

Donald Trump presidente ohia, martxo hasieran, Marylanden, Kontserbadoreen Ekintza Politikorako Konferentzian. JIM LO SCALZO / EFE.
Arantxa Elizegi Egilegor - Gorka Berasategi Otamendi
2023ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Lehen aldiz, AEBetako estatuburu ohi bat auzipetu dute. Herenegun gertatu zen. New Yorkeko epaimahai batek Donald Trump presidente ohia auzipetzearen alde bozkatu zuen. 2016ko presidentetzarako hauteskunde kanpainarekin lotuta dago akusazioa. Salaketaren arabera, garai hartan, buruzagi errepublikanoak 120.000 euro ordaindu zizkionStormy Daniels pornografia aktoreari; ustez, hogei urte lehenago sexu harremanak izan zituztela ez zabaltzearen truke. Trumpen orduko abokatu Michael Cohenen bitartez egin zuten ordainketa.

Dena den, oraindik ez dituzte argitara eman estatuburu ohiaren aurkako salaketaren xehetasunak. Datorren asteartean auzipetuko dute formalki, haren abokatuetako batek AFP agentziari aurreratu dionez. Bien bitartean, Kathy Hochul New Yorkeko gobernadoreak agindu die segurtasun indarrei prestatu daitezela «edonoiz» lanera deituak izateko, errepublikanoaren jarraitzaileek kaleak hartuko dituzten beldur baitira. Martxoaren 18an, Trumpek nazio mailako protestak egitera deitu zituen bere jarraitzaileak, handik egun gutxira atxilotu egingo zutela iragarrita.

Epaimahaiaren erabakia txalotu egin zuen Cohenek, ordainketa egiteaz ustez arduratu zen abokatuak berak: «Gure nazioaren historian lehen aldiz, presidente bat auzipetu dute. Pozten nau jakiteak inor ez dagoela legearen gainetik. Gaurko akusazioa ez da kapitulu baten amaiera, hasiera baizik».

Ondorio politikoak

Juridikoki ez ezik, erabakiak politikoki ere eragingo dio Trumpi, 2024ko hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztu baitzuen iazko azaroan, eta baliteke haren kontrako epaiketa hauteskundeetarako kanpainan edo kanpainaurrean hastea. Ez da espero epaiketa urtebete barru baino lehenago hastea, eta presidentetzarako bozak 2024ko azaroaren 5ean dira egitekoak.

Manhattan barrutiko fiskal Alvin Braggek jakinarazi zuen auzitegia «Trumpen gertukoekin» harremanetan dela hura ofizialki auzipetzeko. Presidente ohiak, ordea, salatu zuen «jazarpen politikoaren biktima» izan dela, eta ohartarazi kolpea, azkenean, Joe Biden presidenteak hartuko duela. «Gure mugimendua, gure alderdia, batuta eta sendo dago; lehenik, Bragg garaituko dugu, eta, jarraian, Joe Biden».

Demokratek ukatu egin zuten jazarpenik egin dela, eta nabarmendu Trumpek legea urratu badu «erantzun» egin beharko duela. «Ez da kanpoko presio politikorik egongo, ez inor beldurtzeko saiorik, ez erabakietan esku hartzekorik ere», adierazi zuen Kaliforniako ordezkari demokrata Adam Schiffek. Demokraten Senatuko taldearen buru Chuck Schumerrek, berriz, lasaitasuna eskatu zuen, presidente ohia auzipetzeak zurrunbiloa eragin dezakeela eta. «Trumpen kritikoak eta jarraitzaileak deitzen ditut prozesua modu baketsuan eta legearen arabera garatzen uztera».

Alderdi Errepublikanoan, presidente ohia babestu dute Ron Desantis Floridako gobernadoreak —2024ko bozetarako primarioetan Trumpen aurkari izango dela diote askok— eta Mike Pence Trumpen gobernuan presidenteorde izandakoak. «Jazarpen politikoa da hau. Honek herrialdea zatitzeko baino ez du balio», esan zuen Pencek. Desantisek salatu zuen botere judiziala «arma gisa» erabiltzen ari direla «agenda politiko bat sustatzeko».

Beste auzi batzuk

Presidente ohiak baditu aurre egin beharreko erronka judizial gehiago. Beste auzi batean ere ikertzen ari dira, argitzeko ea 2020ko bozetan, Bidenek Trump garaitu zuenean, Georgia estatuko emaitzetan iruzur egiten ahalegindu ote zen. Bestalde, Justizia Departamentuaren kontseilu berezi batek bi ikerketa ditu abian, iritzita Etxe Zuria utzi ostean Trumpek legez kanpo berekin eraman zituela zenbait dokumentu klasifikatu.

Halaber, Trumpek lortu du zenbait auzitatik zigorrik gabe irtetea. Etxe Zurian zela, Kongresuak bi ahalegin egin zituen impeachment prozesuaren bidez hura kargugabetzeko, baina ez zuen arrakastarik izan. Batean, 2016ko bozetan bere kanpainak Errusiarekin izan zituen loturengatik egin zioten epaiketa politikoa, eta, bigarrenean, Kapitolioaren kontrako erasoan ustez izandako erantzukizunagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.