Jazarpena Rifen

«Abd el-Krimen seme-alabak gara»

Rifeko ekintzaile ugarik erbestera jo behar izan dute azken urteotan jazarpenetik ihesi. Euskal Herrian babestu diren lau lagunekin elkartu da BERRIA. Amazig herria erresistentzian bizi izan den herria dela gogoratu dute, iraganean bezala orain ere erresistentzian ari dena, diasporatik bada ere, behinolatik datorren borroka ahanzturan eror ez dadin.

Saloua el-Yamani eta Asouik Riduan senar-emazteak, Noraddin Chakoti, eta Fikri Tekrin ekintzaile amazigak, Bilbon. K.RISTINA BERASAIN.
Kristina Berasain Tristan.
Bilbo
2020ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Eskuaren hiru behatzak tente erakustea erresistentziaren aspaldiko sinboloa da amazig herriarentzat. Identitatea, lurra eta hizkuntza aldarrikatzeko erabiltzen zuten garai batean, eta, azken urteetan, beste esanahi bat ere eman diote ikurrari, duela bi urte piztutako protesten aldarrikapenak irudikatzeko: unibertsitatea, ospitalea eta lana. Rifeko Hirak al-Xaabi Herri Mugimenduko kideek bere egin dute sinboloa, eta han eta hemen erabiltzen dute, izan manifestazioetan, elkarretaratzeetan, hitzaldietan, izan itsasotik patera batean ihes egin ondoren lehorreratzen direnean. Euskal Herrian babestuta bizi diren ekintzaileek ere ikur hori eginez atera nahi izan dute argazkian. BERRIArekin luze eta zabal mintzatu dira, erbestetik ere erresistentzian ari den herri bat direla agerian utziz.

Asouik Riduanek hitz bakar batekin esan du: «Abd el-Krimen seme-alabak gara: gure borrokaren ikurra da, eta gure baitan bizirik da. Abd el-Krimek bere bizitza eman zuen gure herriarengatik, eta haren lekukoa hartu dugu guk, haren legatua jaso dugu, belaunaldiz belaunaldi transmititu baita gure etxeetan; geure egin dugu haren borroka, haren filosofia, haren ametsa».

Mohammed Abd el-Krim el-Khattabik Rif aske batekin amesten zuen, eta ametsa egia bihurtu zuen: Yemauria Rifia errepublika sortu zuen. Amazigek kolonizatzaileak garaitu zituzten 1921eko uztailaren 15ean, eta sei urtez iraun zuen errepublika aldarrikatu zuten urte hartako irailaren 18an. Annualkoa izan zen borroka latzena, amazigen imajinarioan epopeia bihurtu dena. Espainiaren erantzuna, baina, ankerra izan zen: hegazkinek arma kimikoak bota zizkieten zibilei, tartean ziape gasa, baita erruz bota ere. 1921etik 1927ra iraun zuen genozidioak, errepublikak iraun zuen denbora bera.

«Egoera oso kritikoa da»

Riduanen hitzetan, orain kolonialismoaren garaian baino okerrago daude Rifen: «Egoera oso kritikoa da, traumatikoa, errepresioa etengabea baita. Al-Hoceima hiriburua setio iraunkor batean dago, eta hutsik geratzen ari da. Rif, berez, eremu militar gisa dago izendatuta dekretu baten bidez, eta kontrol militarra izugarria da».

Mouxine Fikri gaztearen heriotzak ezarri zuen mugarria. Fikri 2016ko urriaren 28an hil zuten. Al-Hoceimako kaian arraina saltzen ari zen, merkatu beltzean, portuko zaindariek haren merkantzia kendu eta zabor kamioi batera bota zutenean. Saltzailea kamioi barrura sartu zen, baina une horretan zaborra txikitzeko mekanismoa aktibatu zuten portuko zaindariek, eta gaztea hantxe bertan zapalduta hil zen.

Riduan ederki asko akordatzen da nola amazigak kalera atera ziren egun hartan bertan: «Herria ez da inoiz hil, lotan zegoen, eta egun horretan berriz esnatu egin zen». Orduz geroztik, gauero-gauero, etengabeak izan ziren protestak.

Riduan 1982an babestu zen Espainian. Erbestera jo behar izan zuen lehen belaunaldiaren semea da, haren gurasoak eta aitona-amonak aurretik erbesteratu behar izan zutelako: «Hassan II.ak egindako masakrearen eta errepresioaren biktima izan ziren».Milaka herritar Al-Hoceiman, duela hiru urte, buruzagi sozial eta politikoen askapena eskatzen. M. Siali / EFE

Marokok 1956an lortu zuen independentzia Frantziatik. Rifa, Espainiako protektoratua, haren eskura pasatu zen, eta, harrezkeroztik ere, bazterketa bizi izan zuten amazigek. Hassan II.a 1961ean izendatu zuten errege, baina, aurretik ere, 1958-1959-an, printzea zenean, napalm eta fosforo zuriarekin bonbardatu zuen Rifa.

Amazigek genozidio asko jasan izan dituztela dio ekintzaileak. 1984. urtea iltzatuta dago amazigen memorian: «Herritarren altxamendua izan zen urte hartan, bazterketa salatzeko, baina tiranoak gerra makineriarekin zapaldu zuen protesta: Tetuandik Nadorrera, hiri guztietan sartu ziren tankeekin».

Amazig ugari exilioan bizi dira ordutik, exodoa etengabea izan baita, baina, ekintzaileak dioenez, herria beti aritu da erresistentzian, baita diasporatik ere: «Erresistentzia da gure arma, eta diaspora ere aktiboa da. Jazarpena sistematikoa da, baina ez gara belauniko jarriko». Riduan tarteka joan izan da jaioterrira, bertan ezkondu baitzen azken protestak bizi-bizi zeudenean, baina kartzelan amaitzeko beldurrez itzuli zen penintsulara.

Saloua el-Yamani emazteak han geratu behar izan zuen, paperik ez baitzuen alde egiteko: «Bananduta bizi behar izan duen beste bikote bat gara, baina bi urte igaro eta gero ihes egin nuen». El-Yamanik Melillara egin zuen ihes iazko apirilean. Nadorko pasaportea eskuratu zuen hirian sartu ahal izateko, eta abenduan asilo politikoa eskatu zuen: «Errepresioaren frogak aurkeztu nituen, senarra zerrenda beltzean dagoelako. Nik ere zerbitzu sekretuak atzetik nituen».

Emakumeen ahotsa

Bikotea Ermuan (Bizkaia) bizi da egun, lagun baten etxean aterpetuta. Bizitzari berriz ekitea gogorra dela diote: «Asiloa emateko zain gaude, eta ez da erraza egoera honetan egotea, ekonomikoki eta psikologikoki zaila da».

Norraddin Chakoti eta Siham Douragh senar-emazteak egoera okerragoan daude: «Herbehereetara egin genuen ihes, baina ez ziguten asilo politikoa eman, azken protestak hasi gabe zeudelako, eta, orain hemen gaude, paperik gabe, lanik gabe, etxerik gabe, eskubiderik gabe, Yousef 5 urteko semearekin, eta Miriam 10 urteko alabarekin». Bilboko ostatu bateko gela batean bizi dira laurak.

Saloua el-Yamani eta Siham Douragh elkarri ematen diote babesa, emakumeek euren artean hitz egiten duten hizkuntza bakan horretan. Hirak mugimenduak amazig emakumeei ahotsa eman diela nabarmendu dute: «Rifen denak atera gara kalera, gizon eta emakumeak, gazteak eta edadetuak, herri bat garela aldarrikatzera». El-Yamanik protesta batean parte hartu zuela aurreneko aldia zen: «Une berezia izan zen, zoriontsu sentitu nintzen herri honen parte sentitzen nintzelako, gure ikurra eskuetan, oihukatzen, gure eskubideak aldarrikatzen».

Urteetako bazterketak eskubiderik eta azpiegiturarik gabe utzi ditu amazigak, unibertsitate eta ospitalerik gabe, lantegirik gabe, zinemarik gabe, errepide eskasekin... Horregatik ekin zieten oinarrizko erreforma sozial, ekonomiko eta politikoak aldarrikatzeari, protesta baketsuen bidez.

Amazigek kalera eraman zuten oihua, baina jazarpenarekin isilarazi zuen gobernuak. Ehunka militar bidali zituen eremura, eta gazteak atxilotzeari ekin zieten. «Oraintxe bertan 50 ekintzaile baino gehiago daude preso kartzeletan, oso baldintza gogorretan, torturatu egin baitituzte, eta bakartuta daude», dio Chakotik.

Hirak mugimenduko buruzagiei kartzela zigor itzelak ezarri zizkieten 2018ko ekainaren 27an: urtebete eta hogei urte arteko kartzela zigorrak. Nasser Zafzafi herri mugimenduaren buruzagia urtebete lehenago atxilotu zuten, 2017ko maiatzaren 29an. Bera bihurtu zen protesten ikur, baztertuen ahotsa, belaunaldi berri baten liderra, eta hari eta beste hiru kideri ezarri zizkieten zigor gogorrenak: Mustafa Ahamyik, Wasin al-Bustati eta Samir Ighirri. Zigor Kodearen 201. artikulua haustea egotzi zieten, estatuaren barne segurtasunaren kontra atentatua egitea, hala nola matxinada egitea eta legez kanpoko protestak sustatzea, non eta protesta egitea legez kanpokoa den herrialde batean.Hirak mugimenduko kideen askatzearen aldeko protestari bat, Marokoko Casablanca hirian, 2018an. EPA / EFE

«Rif osoari ezarritako zigorra izan zen, amazig herriari ezarritakoa, eta ordutik 200 lagun baino gehiago atxilotu izan dituzte, baina herri oso bat ez da kartzelan kabitzen». Fikri Teskrin ari da hizketan. Berak ere aspaldian jo zuen exiliora. Herbehereetan eman ditu urte ugari, asilo politikoa eskuratzeko herrialde horretara jotzen baitute amazig askok, baina, duela hiru urte, aurretik ezagutu eta maitemindu zuen herrialdera etorri zen: «Mikel Laboaren kantak ezagutu nituen. Guk ere badugu gure herriaren ereserkia dena, Txoria txori bezalakoa».

Teskrin poeta eta abeslaria da, eta bere herriaren borroka islatzen du bere olerkien eta kanten bidez: «Nire ahotsa isilarazi nahi dute, amazigen hizkuntzan idazten eta kantatzen dudalako. Protesta egiteko nire modua da: 330 olerki eta 48 abesti baino gehiago egin ditut, beti bakea aldarrikatzeko. Balaz betetako mundu batean bizi gara, baina nik ez dut gerra maite».

Herriminez bizi da Tekrin. Eta familia minez. Baina bihotzean daramatza biak: herria eta sendia. Espainiak eta Marokok urteetan botatako arma kimikoek lurra eta ura pozoitu zuten, eta horrek gaur egun oraindik ere eragina du amazigengan; izan ere, minbizi tasa oso handiak dauzkate.Tekrinek ama eta aita galdu zituen minbiziak jota: «Ama 2003an hil zen, bularreko minbiziarekin, eta aita bi urte geroago hil zen. Ezin izan nintzen euren hiletara joan. Bihotzak zausk egin zidan».

Jazarpenetik ihesi alde egin zuen berak ere, baina egunero-egunero bizi du jazarpena, beste amazigen kontrako erasoak berari egindakoak bezala sentitzen baititu. Tekrin 13 urteko ilobarekin akordatu da: «Imad el-Attabi gaztearen hilketaren lekukoa izan zen iloba, eta haren hiletan negarrez ari zenean, atxilotu egin zuten. Gero torturatu egin zuten. 13 urte baino ez zituen orduan».

El-Attabi 2017ko uztailaren 20ko protestan hil zuten. Bederatzi hilabeteren ostean, manifestazio handienetakoa izan zen iluntze hartakoa, udan jaioterrira itzultzen diren amazigek ere bat egin zutelako deialdiarekin. Marokoko Poliziak negar gasarekin sakabanatu zituen protestariak, eta tartean balak ere bota zituen. El-Attabiri buruan egin zioten tiro, eta, koman egon ondoren, hil egin zen. Egun hartan 83 lagun zauritu zituzten.

Azken exodoa

Orduz geroztik, protestak apalduz joan ziren, herri mugimenduak klandestinitatean elkartzeari ekin zion, eta amazigek nazioartean izan zuten oihartzuna ere isilduz joan zen.

Teskrinek erbestetik egiten du borroka, erresistentzia isilarazi ez dadin, herria ahanzturan eror ez dadin. Al-Hoceima hutsik geratzen ari dela dio: «Gora Rif esateagatik bost urteko kartzela zigorra ezartzen ahal dizute. Errepublikako ikurra astintzeagatik, beste horrenbeste». Abd el-Krimen irudiak ere debekatuta daudela dio. Harentzat ere, amazig guztientzat bezala, idolo bat da: «Marokoko ikurra jarri nahi izan zuten haren zerraldoan, baina alabek kendu, eta gure errepublikarena jarri zioten».

Abd el-Krimek bezala, askatasuna, justizia eta berdintasuna aldarrikatzen ditu, baina ezeren gainetik giza eskubideak errespetatzea: «Rifen ez dago bizitzerik. Amazigak itsasora bultza egiten gaituzte, ihes egitera». Ekintzaileak dioenez, familia guztietan dago itsasoratu den gazteren bat. 2017an hasi zen azken exodoa, belaunaldi berri batena, 20 eta 25 urte dituztenena, hamaikagarren jazarpenetik ihesi doana. Azken hiru urteetan ehunka gazte amazig pateretan eta zodiac ontzietan itsasoratu dira. Al-Hoceima inguruko hondartzetan elkartzen dira itsasoratzeko aukera baten bila. Espainia 111 itsas miliara daukate. Inork ez daki zenbat hil diren zeharkaldian. Bizirik iristen direnek hiru behatzen ikurra egitea da egiten duten aurreneko gauza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.