Kaledonia Berria. Independentzia erreferenduma

Kaledonia Berria, borroka geopolitikoaren erdigunean

Igandeko independentzia erreferendumak eta AUKUS akordio militarrak agerian utzi dute zer estrategikoa den Ozeaniako uhartedi hori Frantziarentzat eta Txinarentzat.

Kaledonia Berria, borroka geopolitikoaren erdigunean.
ander perez zala
2021eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Pazifikoa munduaren erdigunea izateko bidean da, eta horrek ezinbestean sartu du Kaledonia Berria potentzien interesen multzoan. Dela kokapen geografikoagatik, dela nikelarengatik, dela ikuspegi militarragatik, Ozeaniako uhartedia Mendebaldearen eta Txinaren arteko borrokaren beste adibide bat bilakatu da; udazken honetan AEB Ameriketako Estatu Batuek, Erresuma Batuak eta Australiak adosturiko AUKUS akordioak, gainera, agerian utzi du uharte multzoaren garrantzia estrategikoa. Finean, independentziaren auziaz haratago, Frantziaren —eta Mendebaldearen— kokapena dago jokoan igandean egitekoak diren galdeketan, baita Txinaren presentzia handitzea ere.

Kaledonia Berria Melanesiaren barruan dago, eta Australiatik, eremuko potentzia handienetik, nahiko gertu —1.400 kilometrora—. Horrez gain, nikel ekoizle nagusietako bat izateak, itsasoan 1,5 milioi kilometro karratuko eremu ekonomiko esklusibo zabala izateak —arrantzarako aproposa— eta azpiegitura militarrak garatzeak estatus geopolitiko berezia eman dio. Egun, Frantziaren kolonia izanik, Mendebaldeko estatuekin lerratzen da nazioarteko auzietan eta interesetan, baina independentziaren kontrakoek salatu dute «kolonia txinatar bat» bilaka litekeela Frantziatik ateraz gero.

Deskolonizazio prozesuko hiru independentzia erreferendumen kanpainetan eztabaidatu dute Txinaren presentziak sor ditzakeen «aukerez» eta «arriskuez»—kontrako iritzia dute bi aldeek—. Aurten, baina, koronabirusaren pandemiaren ondorioz, auzi horrek toki gutxiago izan du galdeketaren ondorioen inguruko gogoetetan; horrek, ordea, ez du eragotzi loialistek eta independentistek berriz ere talka egitea Pekinen influentziaz.

Frantzian geratzearen aldekoen beldurra da Txinak Kaledonia Berriaren kontrola bereganatuko duela, merkataritzaren eta inbertsioen bitartez, esaterako. Adibidetzat jartzen dute Asiako potentziak Melanesiako beste herrialdeetan duen presentzia finantzaketaren bidez: Vanuatun, Papua Ginea Berrian eta Salomon Uharteetan. Egoera hori, noski, hirurek independentzia lortu ostean gauzatu da.

Gainera, Sonia Backes buruzagi loialista eta Hegoaldeko Probintziako presidentearen ustetan, «ez da zentzuduna Pazifikoan Frantziaren anbizioa elikatzea» Kaledonia Berriaren presentziarik gabe: «Indo-pazifikoko ardatzaren giltzarria gara». Emmanuel Macron Frantziako presidentea ere jakitun da garrantzia geopolitiko horretaz, eta hau adierazi zuen horren harira: «Paris-New Delhi-Canberra ardatza Papeetetik [Polinesia Frantseseko hiriburutik] Noumeara [Kaledonia Berrikora] eta gure lurraldeetara zabaltzen da»; uhartedira egindako bisita batean egin zituen adierazpenok, 2018an, lehen independentzia erreferendumaren aurretik.

Independentisten ikuspuntua bestelakoa da: FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanaka aliantzaren ustetan, Pekinen balizko influentzia hori «lotsarik eta oinarririk gabe bide gisa erabiltzen ari dira Frantziaren presentzia justifikatzeko». UC Kaledoniar Batasuna alderdi independentista garrantzitsuenak ere kexa hori gainditzeko beharra nabarmendu du, eta Roch Wamytan Kaledonia Berriko Kongresuko presidenteak adierazia du ez diotela «beldurrik» Txinari. «Frantzia da kolonizatu gaituena, ez Txina. Ez digu neurriz kanpo traba egiten», adierazi zion Le Monde egunkariari, iaz.

Egun bada harremanik

Ez dago zalantzarik Txinak nahiago duela Kaledonia Berri independente bat, Frantziaren parte den uhartedi bat baino. Izan ere, Melanesiako beste herrialdeekin gertatu ez bezala, Pekinek ez du lortu nahiko lukeen finkatze ekonomiko eta militarra; halere, Asiako potentzia harremanak elikatzen aritu da independentistekin, batez ere Adiskidetasun Txinatarraren eta Kaledoniarraren Elkartearen bitartez.

Kasurako, Johanito Wamytan elkarteko kide garrantzitsua Kaledonia Berriko Kongresuko presidentearen kabineteburu eta iloba da; haren aurretik, kargu horretan ere izan zen Karine Shan Sei Fan, elkarteko presidente ohia ere badena. Gainera, Pazifikoko zenbat estatu biltzen dituen Fer de Lance Talde melanesiarraren parte da FLNKS aliantza, eta horren egoitza, Pekinen finantzaturikoa, Vanuatun dago; horri gehitu behar zaio UCk harreman onak dituela Txinako Alderdi Komunistarekin, horren ordezkaritzak gonbidatzeraino. Hortaz, badirudi Kaledonia Berriko independentistek Txinarekiko harremanari garrantzia emango lioketela independenteak bilakatuz gero, nahiz eta adierazi duten Frantziarekin «lankidetza harremana» izan nahiko luketela.

Pekinentzat, uhartedi horrekiko interesa geopolitiko eta ekonomikoa da. Nikel erreserba handiak ditu, eta baliabide hori giltzarri izango da trantsizio ekologikorako, Txinarentzat giltzarri bilakatu den auto elektrikoen sektorerako batez ere —bateriak egiteko, adibidez—. Hain justu, Asiako potentziak kontsumitzen du munduko nikelaren ia erdia, eta Kaledonia Berriaren ekoizpenaren bi heren inportatzen du.

Geoestrategiaren ikuspuntutik, berriz, aurten interes handiagoa bereganatu du uhartediak, batez ere AUKUS itun militarraren sinaduratik. Txinak inguruan ditu AEBak eta haren aliatuak, eta balantza beste aldera mugitzeko estrategiatzat dauka Kaledonia Berrian presentzia militarra izatea; hain justu, Frantziak badu base bat han, eta herrialdea independentea bilakatzeak hutsik geratuko litzatekeen azpiegitura hori baliatzeko bidea emango lioke. Bide batez, Pazifikoaren hegoalderako sarbidea kontrolatzeko. Horrek, noski, potentzia lokala —Australia— haserretuko luke, baita Mendebaldeko aliatuak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.