Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Izan zaitezkeen aita hiltzea

Vidania Teatro konpainiak Nina Mitrovic antzerkigile kroaziarraren 'Agurra' euskaratu eta taularatu du. Agurtzane Intxaurragak zuzendu du, eta Kandido Uranga eta Iñigo Gastesi dira aktoreak
Iñigo Gastesi eta Kandido Uranga aktoreak dira <em>Agurra</em> antzezlaneko semearen eta aitaren rolak jokatzen dituztenak.
Iñigo Gastesi eta Kandido Uranga aktoreak dira Agurra antzezlaneko semearen eta aitaren rolak jokatzen dituztenak. VIDANIA TEATRO Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2021eko azaroak 24

Aita eta semea baino ez oholtzan, edo agian, aita, semea eta euren arteko min guztia. «Ez zara sekula aldatuko», semeak. «Inor ez duk aldatzen», aitak. «Ba, ni zain egon naiz beti». «Zeren zain?». «Zu aldatzeko zain. Desberdina izan zintezen». «Eta nolakoa izan behar nikek? Esan». «Ez dakit». Eta hala, kolpez kolpe, eta esaldiz esaldi, bata lehenik, eta bestea gero, zauri guztiak bistaratu arte. «Ez dakiala?». «Badakit. Normala». «Normala?». «Bai». «Eta zer da normala?». «Ez dakit. Baina beste pertsona batzuk normalak dira». «Kanpotik. Kanpotik bakarrik. Barrutik, denak igualak. Sinetsidak, denak igual izorratuak». Nina Mitrovic idazle kroaziarraren Agurra antzezlana euskaratu eta taularatu du Vidania Teatro konpainiak, eta gaur eskainiko dute Bilboko Bizkaia aretoan. Kandido Uranga aktorea izango da aita, eta Iñigo Gastesi semea.

Kolpe bat jaso balu bezala gogoratzen du Gastesik zer sentitu zuen antzezlanaren testua lehenengoz irakurtzerakoan. Gustuko zuen autorea lehenago ere, baina berezia izan zen Agurra. Testua amaitu, gidoia itxi, eta portadan bertan zetorren autorearen telefonora deitu zuen istantean. «Hunkituta geratu nintzen, hitz egin genuen antzerkiaz, eta konektatu egin genuela uste dut».

Aurrez, nagusiki, zineman eta telebistan aritutakoa da Gastesi, baina argi ikusi zuen obra hori taularatzeko beharra, eta aktore ez ezik, ekoizle lanetan ere aritu da. Berehala jaso zuen egilearen baimena, orduan hasi zen lan taldea biltzen eta finantzaketa bilatzen. «Antzezlan honetan oso zaila da ez egotea gutxienez puntu bat pixka bat mingarri zaizuna, zeren eta gai asko ateratzen dira, eta, nahiz eta oholtzan bi pertsonaia bakarrik egon, pertsonaia pila bat aipatzen dira. Hitzez ez dakit oso ondo adierazten, baina sentitu egin nuen, tripetan».

Aurrez ere hainbat hizkuntzatara itzuli dute Mitrovicen lana, eta sari bat baino gehiago jaso du Agurra-k. Kroaziako Kultura Ministerioak ematen duen gidoi garaikide onenaren Mari Drzic saria jaso zuen 2009an, esaterako, eta hamar urtera, 2019an, Split hirian egiten den udako jaialdian ere obra onenaren saria eman zioten. Hamaika emanaldi izan ditu nazioartean, hainbat egokitzapen izan ditu testuak, eta Jose Luis Aranguren Txiliku itzultzaileak euskaratu du orain.

«Testua irakurtzen nuen momentuan ere, nik Kandido [Uranga] ikusten nuen», onartu du Gastesik. Eta Madrilera casting bat egitera elkarrekin egindako bidaian bota zion lehenengoz proposamena. Gehiagotan ere atera zion gaia gerora, eta, hark baietz, egingo zuela. «Sekulako eskola izaten ari da hau», onartu du Gastesik.

Biluztasuna, askatasun

Ume bat izango duela jakin berri du semeak, eta kontu eske joango zaio aitari, boxeo borroka baterako prest balego bezala. Gizontasuna ulertzeko bakoitzak duen modua izango da gatazka gai nagusietako bat. Aitak ez dituelako gizon ahulak atsegin, eta ahultzat duelako semea. Eta begi bistakoa izango da behin eta berriz ahula dela entzun behar izanak semearengan eragindako zauria. Hori aurpegiratuko dio aitari, nagusiki. Nola iraindu duen. Nola txikitu. Ukabilkadarik eman beharrik gabe ere, nola jipoitu duen beti. Hil egin nahi du bere aita, sinbolikoki, berak ez baitu halako aita izan nahi. Hori da garbi daukan gauza bakarra. Baina aita gaixotzen hasia da, memoria galtzen doalako.

Gehienez ere bi lerrokoak dira esaldi gehienak testuan, eta apenas dagoen inolako oharrik. Baina, hain zuzen ere, biluztasun hori egin zitzaion erakargarrien Agurtzane Intxaurraga antzerki zuzendariari. Horrek eskaintzen zion askatasunagatik.

Agurra zuzentzen, «zuzendari-zuzendari» sentitu dela dio Intxaurragak. Eta bi aktoreak gidatzeaz gainera, erabaki eszenikoak ere berak hartu ahal izan dituela esan nahi du horrekin. «Asetuta» dagoela dio. «Testuak ez dauka anotaziorik. Dena da elkarrizketa. Labur-laburra. Irakurri, eta pentsatu nuen, 'Ufa! Nondik joko dut nik honekin?'. Horrek asko erakarri ninduen. Beste testu batzuekin beti ibiltzen zara beldurrez autoreari traizio egingo diozun, baina hemen ez. Batez ere hori gustatu zitzaidan, horrek ematen dizulako askatasun handia».

Boxeo borrokaldi bat irudikatu zuen Intxaurragak aita-semeen arteko hartu eman horretan, eta ring baten itxura eman dio horregatik eszenarioari. «Testua lantzen hasi eta ez luzera konbate bat zela ikusi nuen». Antzezlanaren hasiera ere «oso fisikoa» dela azaldu du zuzendariak. «oso giro hotz eta gogorra izango du», eta lehen zati horren ostean, «gizatiarragoa» bilakatzen joango da obra ondoren. «Semeak motxila handia darama aitarenagana, eta erabaki du motxila horren barruko kaka zahar guztiak ateratzea eta hustea».

Aktoreentzako erronka handia izan dela dio Intxaurragak. «Ibilbide emozional handia dute bi pertsonaiek, eta hori da aktore guztiek nahi dutena».

Tolosako Topic zentroan (Gipuzkoa) egin zuten egonaldia udaberrian, eta, gaurkoaren ondoren, hurrengo urtean egingo dituzte saio gehiago. Euskarazkoa taularatu ostean, gaztelerazko bertsioa ere prestatuko dute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Langile bat paper sortak mugitzen, Leitzaran inprimategian, Andoainen (Gipuzkoa). ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Urrialdia pasatzeko zain

Andoni Imaz

Paperaren eskasiak eta banaketaren gorabeherek arazoak sortu dituzte inprimategi eta argitaletxeetan. Materiala aldatu behar izan dute, eta argitalpenen bat atzeratu.

Iban Zaldua, atzo, <em>Nola izan garen gauza</em> liburua eskuetan hartuta. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Gauzaren» bueltako obra oso bat

Andoni Imaz

Iban Zalduak euskal gatazkaren inguruan idatzi dituen ipuinen bilduma bat egin du: 'Nola izan garen gauza'. Erein etxeak eman du argitara

 ©MAIALEN ANDRES / @FOKU

Ahalduntze baterako esperimentu politikoa

Gorka Arrese

Henry David Thoreau idazlearen 'Walden' euskaratu du Danele Sarriugartek. Bi urtez basoko txabola batean bizitzeari buruzko esperientziaren kronika bat da. Politikoa eta poetikoa du idazkera

 ©MARISOL RAMIREZ / @FOKU

Arte unitate minimoa

Iñigo Astiz

Maria Helena Vieira da Silva artistaren hamabi artelan ikusgai jarri ditu Bilboko Arte Ederren Museoak, Bilboko FIG azokarekin elkarlanean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.