Albistea entzun

Beren kasa eroritako kantuak

Huntza taldeak estudioko hirugarren lan luzea kaleratu du: 'Ezin ezer espero'. Doctor Prats taldeko kideek eta Julieta Venegas abeslariak parte hartu dute kanta banatan

Huntza taldeko kideak, Bilbon diskoa aurkeztu zuten egunean.
Huntza taldeko kideak, Bilbon diskoa aurkeztu zuten egunean. MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2021eko abenduak 24

Behin ondutakoan beren kasa erortzen diren fruituak jasotzeaz ari balira bezala aurkeztu dituzte Huntza taldeko kideek beren estudioko hirugarren lan luzeko abestiak. Diotenez, «oso natural» heldu baitzaizkie. «Haietako asko tiroi bakarrean atera dira». Ezin ezer espero deitu dute diskoa (Mauka), eta zortzi abesti biltzen ditu. Trikiti hotsak, rocka, folka eta pop doinu biziak uztartu ditu seikoteak beste behin ere, eta hogei kontzertuko bira batekin aurkeztuko dute lana zuzenean hemendik apirilera bitarte.

Josune Arakistain taldeko abeslari eta trikiti joleak azaldu duenez, «duela denbora nahiko» sortutakoak dira diskoko abestietako batzuk, baina koronabirusaren eraginez egindako geldialdiaren ostean iritsi dira beste batzuk. «Pandemiak kantuen sorkuntza bete-betean harrapatu gintuen, eta gelditzeko une bat izan da guretzat, hausnartzekoa, gutaz zer espero zen eta zer ez zen espero aztertzekoa, barrura begiratzekoa, eta nahi genuena sortzeko momentua. Eta nik uste dut lortu dugula barrura begiratzea, eta espero gabe atera dira kantak. Kanta hauen berezitasuna hau da».

Huntzakoek sortutakoak dira kanta guztiak, baina bi kolaborazio ere baditu diskoak. Doctor Prats talde kataluniarrarena da bata, Haizeak abestian, eta Julieta Venegas abeslari mexikarrarena da bestea, 17:21 kantuan. Arakistainek nabarmendu duenez, «oso berezia» izan da azken kolaborazio hori. Izan ere, nazioarteko ospea duen kantari bat da Venegas, eta duela urte batzuk mundu mailako hit izatera heldu zen haren Me voy abestia, esaterako. Arakistainek hasieratik izan zuen hura abestera gonbidatzeko ideia, baina ameskeriaren mugan zebilela jakinik, betiere. «Egongelan trikitiarekin melodia sortu nuen lehen momentutik, burura etorri zitzaidan lehenengo pertsona Julieta Venegas izan zen». Burura etorri ahala uxatu zuen ideia, ordea. «Neure buruari esan nion: 'Baina, Josune, ze amets klase da hori'». Egun horretako entseguan bertan komentatu zien ideia taldekideei. Managerrari ere aipatu zioten. Saiatu ziren. Eta Venegasek baietz, eta euskaraz entzun daiteke orain haren ahotsa kantako leloan.

Huntza taldeko kideek ez ezik, Ekaitz Goikoetxeak ere egin ditu diskoko kanta batzuen hitzak. Haren langintza laudatu du Arakistainek: «Letrak eta melodiak oso bat datoz disko honetan: letrak esaten duena melodiak laguntzen du askotan». Eta, hain zuzen, hitz gutxitan asko esateko duen gaitasuna txalotu dio Goikoetxeari, «hain hitz gutxirekin, hainbeste, eta hain ondo».

«Luzea» izan da diskoraino heltzeko prozesua Peru Altube bateria jotzailearen hitzetan. «Denbora eduki dugu gure musika ondo lantzeko eta diskoa beste modu batera ekoitzi eta grabatzeko». Orain arte, sekula ez ziren ekoizle batekin lan egindakoak, baina oraingoan Pablo Novoarengana jotzea erabaki zuten hasieratik. «Beste ikuspegi bat atxiki dio diskoari. Abestiak grabatzerakoan, zu zurean zentratzen zara, eta ez duzu ikusten kanpokoek zer ikusten duten, eta horregatik eskertzen da kanpoko ikuspegi hori».

Haritz Harregiren estudioan egin dituzte grabaketak. Ezagun zuten teknikaria aurrez ere, eta on egin dio horrek diskoari, Altuberen hitzetan. «Konfiantzazko jendearekin lan egitea beti izaten da oso oparoa».

Hasiera-hasieratik izandako kide berberek jarraitzen dute taldean ere: Arakistain trikitian eta kantuan, Uxue Amonarriz panderoarekin eta kantuan, Aitor Huizi biolinarekin, Aitzol Eskisabel gitarra jotzen, Inhar Eskisabel baxuarekin, eta Peru Altube baterian.

Hit baten uholdea

«Inork erreibindikatzen ez zuen garaian» hasi ziren Huntza taldekoak rocka eta trikitia batzen, Iker Barandiaran kazetari eta musika adituaren hitzetan. Berak sinatu du taldearen hirugarren diskoa aurkezteko testua, eta, musikarien lehen urratsak izan ditu gogoan. Nola batu ziren unibertsitate garaian, eta nola hasi ziren elkarrekin kantak sortzen, musika zaletasunak bultzatuta, «inozentziaz eta soilik disfrutatzeko». Lehen diskoa grabatu, bideoklipa sortu, eta milioika bisita izan zituzten, berehala, ordea. Ezustean heldu zitzaien sona, beraz, eta kolpean. Nagusiki, Aldapan gora abestiak izandako bat-bateko harrera beroari esker egin zen ezagun seikotea orduan, eta, Barandiaranek «uholde» batekin parekatu du orduan gertatutakoa.

Bigarren diskoan ere alaitasuna eta bizipoza nabarmendu ditu musika kazetariak, eta, pandemiarekin heldutako etenaldia ere hartu du gogoan. Une horretan ere, presarik gabe, eta aurreiritziei jaramonik egin gabe jarraitu dute aurrera Huntzakoek, haren ustez. «Barrenak eskatu diena egiten dute, naturaltasunez, presio gabe eta sormenari kasu eginda».

Zuzenekoei ekiteko gogoz direla onartu dute taldekideek. «Irrikaz gaude jotzen hasteko». Oraingoz, Euskal Herrian, Espainian, Katalunian eta Frantzian arituko dira. Suitzan ere izango dira, baina emanaldiekin hasitakoan data gehiago lortu nahi lituzketela onartu dute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Mundu honek asko eman dit, baina nik ere dena eman diot»

Itziar Ugarte Irizar

Lacarrak dio maila batera heltzekotan hor gelditzeko moduko «pisua» hartuta heldu behar dela; bidea dela gauza, ez inorako presa. Hiru hamarkadatik gora daramatza dantzan, sari entzutetsuenak bizkarrean, eta Golden Producciones-ekin landu dituen lehen bi piezak emango ditu asteon Gasteizen eta Donostian.
Grizzly Bear taldean aritu da orain gutxira arte Daniel Rossen. ©BERRIA

Konplexutasuna erraietan

Mikel Lizarralde

Daniel Rossen musikari estatubatuarrak bere lehen lan luzea argitaratu du, EP batekin bakarka estreinatu eta hamar urtera: 'You Belong There', folketik eta popetik edaten duen bilduma dotore eta konplexua.

Haiti irratiaren ahotsa

Haiti irratiaren ahotsa

Andoni Tolosa

Diskoetxea: Anti 2022.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...