Katalunia. Puigdemont Alemanian

Nazioartekotzea hauxe zen

Espainiari estrategia alda dezan galdegin dio Carles Puigdemontek, Berlinen ikusmin handia piztu duen agerraldian. «Eskubideak ukigabe» mantentzen dituen Jordi Sanchez babestu du presidente moduan

Carles Puigdemont, Berlingo Kreuzberg auzoan atzo eskaini prentsaurrekoan. CLEMENS BILAN / EFE.
Danel Agirre.
Berlin
2018ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Espainiari botatako arnas luzeko erronka diplomatikoan, badute Kataluniako indar independentistek bere mesedetan erabiltzen ari diren baliabide bat. Eragileen arteko tirabirak tirabira —CDR Errepublikaren Defentsarako Batzordeek eta ANC Biltzar Nazional Katalanak modu bitxian kontraprogramatu dute Alemanian elkar azken 48 orduetan, esaterako—, nazioartera igorritako mezuak ozenak eta argiak dira, eta hartzaileari bere hizkuntzan iristen zaizkio. Eta Madrilgo gobernuak procés-a nazioartekotzeari dion alergia dela eta, ez dute kontrapisuzko erantzunik izan ohi.

Atzo Berlinen eskaini prentsaurrekoan, katalanez, espainolez, frantsesez eta ingelesez eginiko galderak onartzeko prest agertu zen Carles Puigdemont, eta guztiak kazetariaren mintzairan erantzun zituen —frantsesera ez zuen inork jo—, natural eta trabatu gabe. Ikusmina bere kausaren alde lanean ipintzea lortu zuen. «Rajoy espainolez ere ez litzateke atrebituko» bota zion harro adiskide bati El nostre president babestera bertaratu zen Berlinen errotutako emakume katalan batek. Bizilagun izango dute bi lagunek hemendik aurrera Puigdemont, lau milioi biztanleko hirian bada ere. Presidente kargugabetuak bertan geratuko dela iragarri zuen atzo, Schleswig-Holsteingo Lurralde Auzitegian bere aurkako euroaginduaren inguruko behin betiko erabakia eman arte behintzat. Diru publikoa bidegabe erabiltzearen deliturik ere eman ez dela ebatziz gero, Belgikara itzuli nahi luke. Berriemaile batek Berlingo bere helbide zehatza zein izango den jakin nahi izan zuen. «Poliziak badaki» ihardetsi zion Puigdemontek, jostalari.

Danimarkako muga gurutzatu eta minutu gutxira atxilotzea berak eragindako gertakaria izan ez zena egiaztatu nahi izan zuten bertako kazetariek. Bere kasuan Alemania nahasteko inongo asmorik ez zuela izan ziurtatu zuen Puigdemontek. Frogarik eztabaidaezinena: bere emaztea eta alabak Bruselara bidaiatzekoak zirela, Aste Santua familian elkarrekin igarotzeko.

Madrilen keinuen zain

Baldintzarik gabeko elkarrizketa proposatzeko baliatu zuen bere mintzaldia Neumuensterreko espetxetik bezperan irten berriak. Nazioarteko bitartekaritza onartzeko prest agertu zen, Madrilgo gobernuarekin parez pare esertzeko ere bai, aldez aurretiko baldintzarik gabe bada. Aste honetan bertan Espainiak jarrera aldatu ahal duela iragarri zuen Puigdemontek, Jordi Sanchez JxC Junts Per Catalunyako bigarrena inbestitu dezaten lagata —bera proposatu zuen atzo presidenterako bigarrenez Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak—. «Interferentziarik gabe» gertatuz gero, «elkarrizketari ekiteko keinua» litzake. Puigdemonten esanetan, NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak bere helegite bat tramitera onartzeak frogatzen du, besteak beste, Sanchezek «bere eskubide politiko guztiak ukigabe» dituela. Bere burua hautagai moduan aurkeztea baztertu zuen oraingoz Kataluniako presidente kargugabetuak, ezeri uko egiten ez diola ere azpimarratuta.

Aipatu NBEk zabaldu prozedura akuilu moduan baliatu zuen behin eta berriro Puigdemontek atzo, Madrili «estrategia aldaketa» eskatzeko, «atzerrian duen irudia hobetu dezan». «Bitarteko politikoekin bakarrik konpon daitekeen arazo politikoa da hau», errepikatu zuen birritan.Mariano Rajoy presidentearekin bildu den guztietan, Espainiako gobernuak Kataluniarentzat zein egitasmo duen ezagutu nahi izan omen du, inongo arrakastarik gabe. «Benetan ezagutu nahiko nuke zein den Rajoyren proiektua. Baina ba al du proiekturik?» deitoratu zuen.

Bera independentista izaki, independentzia ez diren beste irtenbideren bat onartzea tokatuko litzaiokeela gaineratu zuen Puigdemontek, herritarrei aurkeztutakoan ontzat emanez gero. Kataluniako Parlamentuaren jarduna trabatuta bi milioi lagunetik gorako gehiengoa ez da egun batetik bestera aienatuko, gogorarazi nahi izan zion Espainiari.«Bulegoetan eta kartzeletan hautetsontzietan eskuratu ez zuena» bortxaz inposatu nahi izatea egotzi zion Puigdemontek Madrilgo gobernuari. Bidenabar, espetxeratuta jarraitzen duten kideentzat berehalako askatzea galdegin zuen, aste honetan Europan eman ebazpenek matxinada deliturik egon ez dela baieztatzen dutelakoan.

Schleswig-Holsteingo Lurralde Auzitegiko epaileen erabakiak eragin duen lurrikaraz galdetu, eta Europako kamiseta jantzi zuen. Azken orduetan sare sozialetan barreiatutako Espainiako iritzigileen hainbat mezu ultramontanok atzerrian ere izan duten oihartzunaz jakitun, espresuki nazioarteko berriemaileei zuzendutakoa zirudien mezua igorri zuen. «Eskuinaren erreakzio antieuroparrak kezkatu behar gaitu», ohartarazi zuen.«Tradizio autarkikoa berpiztu da. Hori ez da ona, Europako legedian dugulako irtenbidea» gaineratu zuen.

Agerraldia bukatutzat eman, eta familiako erretratua egitera Berlingo Kreuzberg auzoko aretoaren kanpoaldera irten ziren Puigdemont, Kataluniatik bertaratu ordezkari politikoak eta dozenaka jarraitzaile. Els Segadors inprobisatu bat abesteari ekin zioten. Maizter ia guztiak jatorri turkiarrekoak dituen etxebizitza blokearen atarian izan zen. Ikuskizunarekin balkoira irten ziren haietako batzuk, banderak nongoak ote ziren jakin nahian. Procés-aren nazioartekotzea, berlindar erara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.