Leire Baños. Realeko jokalaria

«Espero dugu honek balio izatea Zubietara zale gehiago etortzeko»

Espainiako Kopako finalerako sailkatu direla sinesten hasiak dira Realeko jokalariak. «Egunak beharko ditugu, dena den, lortu eta bizi izan duguna barneratzeko», esan du Leire Bañosek. Esne mamitan dago.
JON URBE / FOKU

Ainara Arratibel Gascon -

2019ko otsailak 19
Igandeko partida «leher eginda» amaitu eta Espainiako Kopako finalerako sailkapenaren ospakizuna zertxobait luzatu zen arren, atzo goiz jaiki eta unibertsitatean izan zen Leire Baños (Irun, Gipuzkoa, 1996). Irakasle ikasketak egiten ari da, eta egun osoa zorion mezuak jasotzen eta haiei erantzuten igaro zuen.

Nola joan zen partida osteko ospakizuna?

Zaleekin ospatu eta gero, aldagelan egin genuen. Egia esan, nik ez nuen asko ospatzeko aukera izan, dopinaren aurkako kontrola egin behar izan bainuen. Luze joan zen, eta berandu iritsi nintzen aldagelara. Nire zain egon behar izan zuten taldeko argazkia ateratzeko. Baina, gero, bai, ospatu nuen. Afaltzera joan ginen taldekide guztiak elkarrekin, eta ederki pasatu genuen. Sailkapenetik harago, halako momentuak haiekin partekatzea da politena. Zelaian egin genuen ospakizunaz hitz egin genuen, batez ere, ikaragarria eta hunkigarria izan baitzen partida amaieran zelai guztiari bira eman eta zaleekin egotea. Zabaleta harmailara gerturatu ginenean bizi izan genuena ahaztezina izango da guretzat.

Bizi izandakoa eta gero, etxera itzuli eta erraz lokartu al zinen?

Partidak jokatu eta gero beti kostatzen zait lokartzea, eta herenegun, are gehiago. Ohera sartu, eta lortu genuenaz pentsatzen hasi nintzen, eta partidako eta ospakizuneko uneak gogoratzen. Izugarri pozik nengoen.

Zer izan zen atzo jaiki zinenean pentsatu zenuen lehendabiziko gauza?

Oso nekatua nengoela. Baina, egian esan, gutxienekoa izan zen. Jaiki eta unibertsitatera joan nintzen, klasea bainuen. Jende askok zoriondu ninduen, eta hunkituta eta eskertuta pasatu nuen egun osoa. Berezia izan zen. Ez ditut familia eta lagunak ahaztu nahi. Zoragarria da haiekin hau bizitzea.

Elastikoa jaso al duzu?

Ez, ez digute ematen. Baina ni argazkiekin geratzen naiz. Mordoa atera zizkiguten, eta dagoeneko taldekideen artean zabaltzen hasiak gara. Egunkariak ere erosi ditu amak, gordetzeko.

Hasi al zarete jabetzen egin duzuen balentriaz?

Epaileak partidaren amaiera adierazi zuenean, hala pentsatu nuen: «Lortu dugu». Sasoi hasieran esan izan balidate, ez nuen sinetsiko. Gaur [atzo] hasi naiz sinesten finala jokatuko dugula, eta egunak aurrera joan ahala joango gara jabetzen horren garrantziaz. Honek indartsuago egin behar gaitu, eta balio behar digu orain arte bezala lanean segitzeko, eta gugan are gehiago sinesteko.

Kirol ikuspegitik, nola aztertuko zenuke herenegungo Sevillaren kontrako finalerdia?

Taldeak nahiko partida biribila egin zuen. Hala ere, azken txanpan baloiaren jabetza eta lehiaren kontrola galdu genituen. Nekea sumatu genuen astebetean hiru partida jokatu eta gero. Baina gure onena eman genuen, eta intentsitate handiz aritu ginen lehen minututik. Haiek estu hartzera atera ginen, eta guri komeni zitzaigun erritmoa jartzera, eta asmatu genuen tarte askotan.

Nekea antzeman zenutela diozu, baina, zu eta Itsaso Uriarte korrika ikusita, ez zirudien hala zenik. Sekulako ahalegin fisikoa egin zenuten euskarrian.

Bai, hala da. Haiek jokalari asko pilatzen zituzten zelai erdian, eta horrek ahalegin handiagoa egitea eskatzen zigun, nagusi baitziren. Baina erdiko atzelariek asko lagundu ziguten, eta defentsako lanean oreka bat izan genuen atzelariek eta erdilariek. Hori ere erabakigarria izan zen estuago ibili ginenetan.

Zer pentsatu zenuten hirugarren minuturako bana zeundetela ikusita?

Guretzat ezustea izan zen hain goiz lehen gola sartzea, baita haiek berdintzea ere. Hurrengo bost bat minutuetan kostatu egin zitzaigun jokoa sortzea. Baina partida osoa genuen aurretik, eta gai izan ginen pazientzia izan eta egoera iraultzeko. Bagenekien momentu zailak izango genituela partidan, eta une horietan burua hotz izan behar genuela. Asko hitz egin genuen horri buruz. Lortu egin genuen, eta, pixkanaka, gure jokoa egiten hasi ginen.

Noiz konturatu zineten partida erabakita zegoela?

Ez genuen une bakar batean ere pentsatu hori. Nik, behintzat, ez. Esan bezala, partidaren azken txanpan baloiaren eta partidaren jabetza eta kontrola galdu genituen. Baina bagenekien sufritu egin beharko genuela, eta talde honek horretan ere ikasi du: sufritzen ere disfrutatu egiten du.

Maiatzaren 11 urruti dago. Baina nola ikusten duzu Atletico Madrilen aurkako finala?

Argi dago Atletico Madrilek oso talde ona duela. Bakarka jokalari erabakigarriak ditu. Adibidez, Ludmila oso jokalari bizkorra da, eta lerro artean oso ondo jokatzen du. Dena den, nik Atletico Madrilek duen talde jokoaren indarra nabarmenduko nuke. Jokalari guztiak hartu behar dira kontuan. Baina ziur nago gure aukerak izango ditugula, defentsako lanean asko hobetu dugulako, eta erasoan gustura gaudelako bizkor jokatzean. Jokalariok ditugun ezaugarrietara oso ondo egokitzen da jokamoldea.

Bartzelona ez dago aurreko sasoietan bezain fin. Nahiago zenuten finala haren aurka jokatu?

Egia esan, nik ez nuen lehentasunik: bat edo beste, berdin zitzaidan, biak oso aurkari zailak eta onak baitira. Gu finalean egotea da garrantzitsuena.

Bi asteburu segidan Anoetan jokatu eta gero, kosta egiten da datorren igandean berriro ere Zubietan jokatzea?

Bai, pixka bat bai, bizi izan duguna oso polita izan delako. Baina espero dugu honek balio izatea Zubietara jende gehiago etortzeko. Ez dago hain eskuragarri, baina han ere zaleen babesa behar dugu.

Honek guztiak bultzada bat emango al dio Reala emakumeen futbolaren alde egiten ari den apustuari?

Espero dut baietz. Gu gure esku dagoena egiten ari gara: ondo jokatzen eta dena ematen. Eta, hortik aurrera, klubari dagokio erabakiak hartzea. Aurrerapauso handiak eman dira, baina oraindik asko falta da, eta espero dugu etenik ez izatea. Gaur denak gogoratu gara bide hau hasi zutenekin: Garbiñe, Maialen, Aintzane... Haientzat ere aitortza bat da.

Orain berriro ere Ligan jarri behar duzue arreta. Ez al zaizue zaila egiten?

Ez, ez. Ligan seigarren gaude, eta gure nahia da ahalik eta posturik onenean geratzea. Horrekin batera, lortzen ari garen heldutasun horri jarraipena eman nahi diogu, eta talde gisa hazten segitu. Gainera, gure joko estiloa sendotuz goaz: baloia bizi mugituz, partida guztietan intentsitate handiz jokatuz... Konfiantza handiz gaude, eta gugan sinetsi behar dugu, horrela jokatuta gai garelako edozeini irabazteko. Hala jarraitzeak, gainera, Kopako finalera sasoi betean iristen lagunduko digu.

Orain horren sasoiko egonda, ez al duzue beldurrik sasoi amaierara nekatuta iristeko?

Ez. Azken astea gogorra izan da, hiru partida izan baititugu. Baina indartze lan on bat eginez gero, neke hori desagertuz doa. Jokalari guztiak sasoi betean gaude, eta, jokatzen duenak jokatuta ere, taldea oso ondo ari da. Horrek lasaitasun handia ematen dio entrenatzaileari txandakatzeak egin eta minutuak banatzeko garaian. Gainera, hain bolada onean egonda, konfiantzaz gainezka gaude, eta nekea ez da hainbeste antzematen. Beraz, lesioekin arazorik eduki ezean, denboraldi amaierara sasoi betean iristeko moduan gaude.

Zure denboraldirik onena da Realean?

Fisikoki oso ondo nago, eta hori funtsezkoa da euskarri gisa jokatzen dugun jokalariontzat. Psikologikoki ere indartsu nago. Sasoi hori ahalik eta gehien luzatzen ahalegindu naiz. Taldea hain ondo egoteak ere laguntzen dit horretan.