Albistea entzun

Eszenaren ertz garaikidea

Bihartik urriaren 24ra bitarte, BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiak sei estreinaldi eskainiko ditu. Hogei talde arituko dira, eta erdiak Euskal Herrikoak dira
Nerea Martinez eta Natalia Garcia dantzariak, <em>Abrazo</em> piezaren zati bat eskaintzen, Bilboko udaletxeko sarreran.
Nerea Martinez eta Natalia Garcia dantzariak, Abrazo piezaren zati bat eskaintzen, Bilboko udaletxeko sarreran. MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2021eko urriak 13 - Bilbo

Moldaketak eginda eta eserlekuen zati bat bete gabe utziz, baina, iaz pandemiak kultur emanaldiak estu hartu zituenean ere, BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiak eutsi egin zion programazioari, eta urtebeteren ostean indarrez itzuliko da orain bere ohiko neurrietara, bihartik urriaren 24ra bitartean. Areto komertzialetatik kanpo geratu ohi diren eszenarako proposamenak antolatzen ditu festibalak, eta hogei konpainiaren lanak eskainiko ditu aurten, tartean sei erabateko estreinaldirekin. Bilboko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Kultura Ministerioak bideratzen dute antolaketarako dirua, eta 150.000 euroko aurrekontua izango du aurten.

Diziplinen arteko mugetan joan etorrian dabiltzan proposamenak programatzen ditu maiz jaialdiak, Alicia Otxandategi jaialdiko zuzendariak onartu duenez, eta, horregatik, «ezinbestekoa» da festibala horretan dabiltzanentzat. Orokorrean izan delako urte zaila sortzaileentzat, eta, bereziki zaila jaialdian parte hartu ohi dutenen moduko konpainientzat. «Sortzaileek behar dute BAD, eta premiazkoa zaie honek aurrera egitea», azaldu du. Jaialdian parte hartzeak konpainiei beste jaialdi batzuetara heltzeko ateak ere irekitzen dizkiela gehitu du zuzendariak. «Gure artistek kanpoan lan egin ahal izatea oso pozgarria da».

Olatz de Andres koreografoak bere emanaldia ohiko formatuetatik urruntzea erabaki du, adibidez. Hacer tiempo (Denbora pasa) izeneko pieza erdiz baita erakusketa eta erdiz dantza ikuskizuna. Lau orduko iraupena izango du emanaldiak, eta sartu-irtenean aritzeko aukera izango du bisitariak. Erabateko estreinaldia du piezak, eta urriaren igandean egingo dute, Deustuko erriberako IED Kunsthal aretoan.

Miguel Angel Berna dantzari espainiarrak Oturia: intima peregrinatio ordu erdi inguruko dantza emanaldia estreinatuko du urriaren 20an Campos antzokian. Isaak Erdoiza eta Nazario Diazek soinu esperimentazioaren eta dantzaren artean dabilen Fuego verde emango dute 22an lehenengo aldiz, Fundicion aretoan. Colectivo V.A.L.A. euskal konpainiak sortutako You are welcome instalazioa izango da jaialdiko beste erabateko estreinaldietako bat, eta 22an eta 24an egongo da ikusgai Bilborocken, eta Koldo Arostegik ere 23an eskainiko du lehenengoz El ritmo que nos precede Campos antzokian.

Gaztetasuna eta kalitatea

Euskal Herrikoak dira jaialdian izango diren konpainien erdiak, eta «adierazgarria» da kopuru hori jaialdiko zuzendariaren hitzetan. «Gure eszena garaikideak indartsu dirau nazio eta nazioarteko programazioetan, eta azken urteetan gero eta leku handiagoa hartu dute nazioarteko jaialdietan: euskal eszenaren eta artisten kalitatearen adierazle da hori». Gaineratu duenez, nabarmentzekoak dira jaialdiko talde horien «gaztetasuna» eta «kalitatea».

Euskarazko hiru emanaldi ere izango dira. Horman Poster konpainiak igandean eskainiko du Harrobia aretoan Antigone edo ezetzaren beharra, eta hurrengo egunean toki berean taularatuko du Jon Ander Urresti aktoreak Tribiz, baserri galdua izeneko antzerki dokumentala. Nerea Martinez dantzari eta koreografoak ostiralean eskainiko du Abrazo izeneko lana areto berean, eta lehenengo aldiz egingo dute saioa euskarazko testuarekin.

Hain zuzen ere, pieza horren zati bat eskaini zuten Natalia Garciak eta Martinezek berak jaialdiaren aurkezpen ekitaldian. Gorputz osoa lokatz moduko batekin estalita, aulki eta mahai baten inguruan aritu ziren bi dantzariak dantzan, bozgorailuetatik xuxurla eta giza marmar bat entzuten zen bitartean. «Buztinetik gatoz, buztina gara eta buztinera itzuliko gara».

Espainiako, Kataluniako, Galiziako, Frantziako eta Erresuma Batuko konpainien proposamenak ere izango dira ikusgai, eta Igor Calonge euskal koreografoak Cielo Raso konpainiaren Piedra lanarekin amaituko da programazioa, hilaren 24an.

Fundicionen, Bilborocken, Harrobian, Campos antzokian eta Berreginen Museoan izango dira saioak.

Emanaldiez gain, tailerrak ere antolatu dituzte, eta egun erdiko jardunaldia egingo dute urriaren 16an. Dantza, arte dramatikoa, hezkuntza eta ikerketa izango dituzte mintzagai, eta Internet bidez ere jarraitu ahalko dira hitzaldiak.

Aurten, 23. aldia izango du jaialdiak eta, «mende laurdenera gerturatuz doala», ibilbide horretan guztian lortu duen erreferentzialtasuna izan du gogoan Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak. «Kultura garaikidearen maitaleentzako topagunea da BAD beti, eta zita garrantzitsua arte eszenikoetako proposamen berri eta berritzaileenak ezagutzeko». Jaialdia ikuskizun berriak abian jartzeko erakusleiho ona dela ere gaineratu du.

Sarrera doakoa izango da emanaldi gutxi batzuetarako, baina horietan ere aurrez egin beharko dira erreserbak. Hamar euroko sarrera izango dute gainontzeko emanaldi guztiek, eta bonuak ere eskainiko ditu jaialdiak: 20 eurokoa hiru saio ikusi ahal izateko, eta 30 eurokoa bost saiotarako.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

www.badbilbao.eus

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Oier Iruretagoiena artista <em>San Sebastian eta fantasma</em> erakusketarako ondutako pieza baten ondoan, Donostiako San Telmo museoan. ©JON URBE / FOKU

Sufrimenduaren estetizazioa

Itziar Ugarte Irizar

Oier Iruretagoienak 'San Sebastian eta fantasma' erakusketa zabaldu du Donostiako San Telmo museoan. Bi parte ditu: martiri erromatarraren iruditik abiatutako lanak eta soinu instalazio bat

Cristina de Middelek Aleatoris Vulgaris seriean sortu dituen collageetako bat. ©BERRIA

Irudiekin kritika egiteko lengoaiak

Ane Eslava

Cristina de Middelek artearen tresnak baliatzen ditu argazkiekin bere ikuspegiak zabaltzeko. Erakusketa bat jarri du Nafarroako Unibertsitateko Museoan

Gure izeneko umea eta haren aita dira Alex Orbe marrazkilariak eta Unai Elorriaga idazleak argitaratutako <em>Jarraitu inurriari</em> liburuko protagonistak. ©HARRIET EDICIONES

Lurrundu egin den ama bat

Iñigo Astiz

Unai Elorriaga idazleak eta Alex Orbe marrazkilariak ama noiz itzuliko esperoan bizi diren aita-alaba batzuen nondik norakoak kontatu dituzte 'Jarraitu inurriari' komiki liburuan

 ©GORKA RUBIO/ FOKU

«Tradizioa etxe zahar bat eraberritzearen moduko zerbait da»

Alex Uriarte Atxikallende

'KlasikAT'egitasmoaren barruan, Kalakanek Euskadiko Orkestrarekin diskoa grabatu du. Hego Euskal Herriko lau hiruburuetan eta Donibane Lohizunen aurkeztuko dute, urriaren 20tik azaroaren 5era bitartean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna